About oalvarez

Author Archive | oalvarez

Inauteriaz pixka bat

inauteriakBadakizue inauteriak ez direla Euskal Herrian bakarrik ezagutzen eta ospatzen? Mundu osoan egiten dela festa hau? Bada, inauteri garaian gaudenez bete-betean eta gehienek, ospatu bai, baina nondik datozen jakingo ez duzuenez, horri buruz idaztea otu zait. Hona hemen historia pixka bat.

Hasteko, esan beharra dago inauteriak ospatzeko ohitura oso zaharra dela, historiaurretik datozkigu aztarnak. Kobazuloetan bizi ziren garai haietan, ehiza, arrantza eta fruitu bilketatik bizi ziren haiengan urtaroen aldaketek eragin handia zuten, baina are gehiago artzaintzatik bizi behar zutenengan, udako beroaldietan mendi gainetara jotzen baitzuten eta neguko elurtzetan, berriz, ibarretara eta itsasaldetara. Bizitza toki finko batean egin beharrean, aldatu egiten zuten, udarako toki bat zeukaten, eta negurako beste bat. Dena den, nekazaritzarekin gehiago finkatu zitzaion gizakia lurrari, uzta eta erein garaiak zirelako.

Bizitza ez zen beti berdina, jakina, batzuetan errazagoa eta beste batzuetan zailagoa egiten zitzaien. Bizitza horren oinarria eguzkia zen eta horregatik leku guztietan eguzkia jartzen zuten. Neguko eta udako solstizioak kontuan izaten hasi, eta data horiekin lotutako jai bereziak ospatzen hasi ziren: negutik udaberrirako bizitza berri baten pozez sortu zen inauteri aroa eta uda ospatzeko, ekainean, “San Joanak”.

Inauteriak ospatzeko eguna kokatzean, kontuan hartu zuten noiz bukatzen zen urtaroa eta noiz hasten zen urtaro berria. Sasoi hartan, abereak hartu eta beste lurralde batera joaten ziren janari bila eta honen aurrean, bai janariz, bai dantzaz, bai edariz hornitutako jai batez agurtzen zuten aurretiko urtaroa.

Baina inauterien datu zehatzagoak kristautasuna zabaldu ondoren datozkigu. Kristautasunak, ohitura zaharrago bati jarraituz, Garizuma ezartzen zigun. Gizakia, oreka bilatu nahian, inauteriak antolatzen hasi zen Garizumaren aurretik. Oreka hori erdiesteko, Garizuman egiten diren ekintzen aurkakoak antolatzen ziren. Inauteriak, azken batean, Garizumaren “zigorra” jasan aurreko gizartearen eta gizakiaren prestakizun psikologiko bat baino ez direla esan genezake.

Comments { 1 }

Ordiziako Su Eskola

su eskolaOrdizian Su Eskola izeneko su-eskola bat ireki berri da. Bertan, suaren aurka nola aritu irakatsiko dute. Eskola suhiltzaile izan nahi duenarentzat zein edozein herritarrentzat irekita dago, helburua sute egoeretan ondo maneiatzen irakastea baita.

Aurreikusita dago 4000 pertsona inguru bertaratuko direla maila ezberdinetako ikastaroak burutzera. Arestian aipatu dugun bezala, ez da profesionalentzat bakarrik, Su Eskolaren helburua etxeetan gertatu ohi diren egoera arrunt (zartaginak sua hartu…) nahiz tamaina handiagoko suteei (enpresa batean gerta daitezkeenak, eraikin handietan, itsasontzietan…) aurre egiteko prestakuntza eskaintzea baita.

Proiektu honen jatorria jendearen eskaeran dago. Jende dezente hurbiltzen zen Ordiziako suhiltzaileengana ikastaroren bat jaso nahian. Zegoen azpiegitura eskariak asetzeko nahikoa ez zela ohartuta, Foru Aldundian proiektua aurkeztea erabaki zen. Baita onartu ere.

Su Eskola Ordiziako suhiltzaileen ondoan kokatzen da, 1.117 metro karratu hartzen ditu eta, antza denez, oso ondo eraikita dago; dena den, izugarrizko lanak izan dituzte dena egokitzen eta 12 hilabetez egon dira lanean. 3.182.000 euro gastatu dituzte bertan.

Hiru eraikuntzez osatua dago eta eraikuntza bakoitza gauza baterako erabiltzen dute. Esaterako, horietako bat etxe bat bailitzan antolatuta dago baina altzairu guztiak horretarako aproposak direnez, sua itzali eta gero, behin eta berriz erabil daitezke. Beste biak beste zeregin batzuetarako egokitu dira.

Normalean, Su Eskolara joaten direnak taldeak izaten dira eta, lehenik eta behin, teoria laburki azaltzen zaie. Ondoren, teorian azaldutako hori praktikara eramaten dute. Horretarako, gela batera joaten dira (ikasitakoari egokitzen zaion kokagunera) eta, bertan, sutea gertatu ohi da. Ikasleen lana izango da, ikasitakoa kontuan izanik, sua itzaltzea.

Segurtasun handia dago instalazio eta langileen aldetik; izan ere, talde bakoitzarekin bi monitore egongo baitira momentu oro. Bata, taldearekin batera sartuko da gelara eta, bestea, kontrol-gelan geratuko da. Ezustekoren bat gertatuko balitz, hirugarren gela batetik sua itzaltzeko aukera egongo da.

Amaitzeko, aipatu beharra dago Su Eskola Frantziatik hartutako ideia bat dela eta Parisen eta Lyonen berdinak daudela. Agi denez, oso ondo funtzionatzen dute, gainera. Ea hemen ere ondo funtzionatzen duen! Badakizue, beraz, sutearen aurkako jokabidea ikasi nahi baduzue, ongi etorriak izango zarete Ordizian!

Informazio gehiago nahi baduzue, klikatu hemen eta hemen.

Comments { 0 }
-->