Aipamena Sustaturen 5. urteurrenean

ospakizuneanJakin badakigu eskola batean denetik gertatu ohi dela. Batzuetan erabat goibelduta ibiltzen gara (egitasmoren bat aurrera ezin atera, emaitzak aurreikusitakora gerturatzen ez…); eta, besteetan, aldiz, pozez gainezka beste hainbat arrazoirengatik. Honelaxe gabiltza azken aldi honetan Jakintza Ikastolan, kontent egoteko arrazoiak ez baitzaizkigu falta. Azken biak dira jolausek aurtengo Euskaliteko Praktika Onetan lortutako saria (IKTeroetan horren berri zabala) eta Xabier Arañak Sustaturen 5. urteurrenean erdietsitako aipamena. Baina has gaitezen hasieratik.

Batzuek jakingo duzuen legez, lehengo asteazkenean, Sustaturen 5. urteurrena ospatu genuen Arrasaten. Hantxe izan ginen IKTerook (Jokin, Mikel eta ni) eta ederki pasa genuen! Ekitaldiaren gorabehera guztiak hemen, hemen , hemen eta hemen topa ditzakezue.

Kontua da, egun batzuk lehenago jakin genuela, urteurrena ospatzeko, blog mezuen lehiaketa egongo zela, besteak beste. Sarira azken egunetan euskaraz idatzitako mezuak aurkez zitezkeen. LuistxoHasieran, euskaljakintzatik ezer presentatzeko asmorik ez banuen ere, azken momentuan, jendea animatuz joan ahala, ni ere adoretu eta zuen mezuetatik hiru aukeratu nituen lehiaketan parte hartzeko: Eneritzen Hipokresiaren gizartea, Asierren Zoritxarraren zorionean eta Xabierren Perspektiba berri bat. Ez nituen hauek ausaz aukeratu, jakina. Denok dakizuen bezala, nik garrantzi handia ematen diot mezuetan gaiaren planteamentu eta garapenari. Beste nonbaiten irakurritakoaz idaztea ondo dago, baina, betiere, zuen ekarria hortxe utziz. Izugarri gustatzen zait, badakizue, zuek esateko daukazuena modu landu batean plazaratzen duzuenean, eta, horregatik, batik bat, hautatu nituen Asierren eta Eneritzen mezuak. Ea bigarren hiruhileko honetan horrelako asko ditugun argitaratzeko! 🙂

Xabierri dagokiolarik, ez daukat hitzik bere partaidetza eskertzeko. Jakina da idazteko duen gaitasuna baina ikastolatik kanpo, unibertsitatean erabat lanpetuta dagoela, gutaz gogoratzea eta bere burua beti laguntzeko prest azaltzea! Bada, atera kontuak…

Eta, egia esan, ez neukan ideiarik ere aipamenik egongo zenik eta, egonda ere, ez nuen uste zerrenda luze bezain interesgarri honetatik gure mezuren bat hautatua izango zenik. Hori da ezustekoa, saria banatzen hasi eta gure bloga hantxe pantailan agertu zenean, aurkezleak ondorengo hitzak esaten zituen bitartean:

Ordiziako Jakintza Ikastolako IKTeroek (ikateroek) blog bat baino gehiago, faktoria bat daukate. Eurak dira blogari eta ikasleak bihurtu dituzte blogari. Baita ikastola utzi ondoren ere. Horretako bat, unibertsitatean dabil orain arkitektura ikasten, eta blog mezu ederra idatzi die oraindik Jakintzan daudenei, beren datorren urteko ibilbidea aukeratzen lagunduko diena.

Zorionak, Xabi eta jarraitu zure txoko honetan idazten. Gonbidapena ikasle ohi guztiei zuzenduta dago, noski! Ea animatzen zareten zuen esperientzia berriak kontatzera, guk ere horietatik zertxobait ikas dezagun… Zorionak, berriz ere, Sustaturi eta mila esker gonbidapenagatik. Eta, nola ez! Zorionak Mikel Alvarez beasaindarrari, berak eraman baitzuen merezitako saria, 80 gigako iPoda, The Indezents blogean idatzitako mezu bategatik. Gomendarria zalantzarik gabe bere umorea. Zorionak, Mikel!

The Indezents blogean argitaratutako mezu barregarri batek irabazi du Sustatuk antolatutako blog mezuen lehiaketa. Epaimahaiak zenbait finalista izan ditu kontuan, eta azkenean hori nabarmendu. Egileak iPod bideo bat eraman du, 80 gigakoa. Beste bi blogarik, zozketan, iPod Nanoak eroan dituzte.

Hainbat hitzaldi interesgarriren ostean, ospakizunari amaiera emateko, pintxo goxo-goxoak jan genituen eta, handik irtendakoan, giro ezin hobean, beste blogari batzuekin ospakizunarekin jarraitu genuen Arrasaten zehar.

Amaitzeko, hementxe klikatuz, asteazkenean zuzenean ikusi genuen bideoa topatuko duzue. Bertan, Sustatukoek azken 5 urteetan izandako ibilbidearen berri ematen dute.

Comments { 2 }

Guggenheimek 10.urte

Internetetik saltseatzen nenbilela, berri interesgarri bat aurkitu nuen aurreko batean. Datorren 2007. urtean, Guggenheim museoak hamar urte beteko ditu 1997ko urrian inauguratu zenetik. 10. urteurrena ospatzeko, museoak esku-hartze artistiko bat eginarazi du La Salve zubian.

Proiektu honetarako hiru egile dira hautagai: Daniel Buren, Liam Gillick eta Jenny Holzer, hain zuzen ere. Proiektuak, erabiliko duten materialekin batera, museoko areto batean daude ikusgai, material hauek ikusiz, bisitariak obra hobeto uler dezan. Hautaketan zeresan handia izango dute museoko bisitariek; izan ere, sarrerarekin batera papertxo bat emango baitzaie euren gustuko proiektua bozkatu ahal izateko.

Aipatutako hiru artista hauen proiektuak ondorengoak dira:

DANIEL BUREN

Artista honek altzairuzko arku bat zubiaren fatxada bailitzan jartzea proposatzen du, zubiaren egitura gorri bizi batez eraldatuz. Izenburuan klikatuz, egile honen obra filosofikoki eta teknikoki hobeto ulertzeko aukera izango duzue.

LIAM GILLICK

Artista honen proposamenak elkarrizketa eta gogoeta sustatzea du helburu. Horretarako, argiak eta itzalak konbinatzen ditu bere obran. Bere xedea zubiaren gainean pieza zirkular bat jartzea da, ekuazio fisiko-teoriko bat barne duelarik. Artista honen izenaren gainean klikatuz, aurrekoan bezala, bere obrari buruzko informazio gehiago irakurri ahal izango duzu Guggenheimeko webgunean.

Azkenik, hirugarren artistaren ezaugarriak kontatuko dizkizuet:

JENNY HOLZER

Artista iparramerikar honen proposamena benetan harrigarria iruditu zait. Berak zubiaren azpian anbar koloreko zutabe batzuk jartzea proposatu du. Zutabe antzeko horietan argia joango litzateke eta, zirkuitu elektroniko baten bidez, argi horrek ibaian erreflexua egingo luke. Bigarren proposamen bat ere luzatu du egile honek, oinezkoen sarbiderako igogailu-dorreetako baten gainean ez ezik galtzadaren bi aldeak lotzen dituen igarobidean ere, aldi baterako zein gertakari berezietarako, proiektagailu batzuk finkatzea . Horrela, hiriko edozein gunetik zubia ikusteko aukera egongo litzateke.

Beraz, badakizue lagunok, azterketa eta errekuperazio aireetatik pixkatxo bat urrundu eta Bilbora joan beharko dugu, Guggemheim museoa bisitatu eta, era berean, bozkatzeko. Ea nork irabazten duen!!! 🙂 Jarraian hiru proiektuak ikus ditzakezue. Zuek zein duzue gustukoen?

burengillickholzer

Comments { 0 }

MODA ANIMATRONIKOA

moda animatronikoaTeknologia berria aspaldi iritsi zen modaren mundura, baina zein eragin du gure janzteko moduan?

Pariseko modaren astean, Hussein Chalayan izeneko diseinatzailearen eskutik, arropa animatroniko izeneko moda berritzailea ikusteko aukera izan genuen. Husseinek 2007ko udarako bilduma harrigarri honekin ikusleak probatu nahi izan zituen.

Jantzi bitxi hauek soinekoak eta osagarriak itxuraldatu eta modeloen gorputzetara egokitzen dira. Soinean daramagun guztiaren itxura segundo batean aldatzeko gaitasuna dute. Baina ez hori bakarrik, sakagailu bat zapalduz gero, soinekoak kapelan gordetzen dira, gorputzak biluzik utzirik!

Benetan ikusgarria diseinatzaile honek asmatutako moda hau. Agian, gure etorkizuneko arropa bilaka daiteke. Batek daki! Ausartuko al zinateke?

Hementxe klik eginez gero, aurkeztu zuen desfilearen zati bat ikusteko aurkera izango duzu.

Comments { 3 }
-->