Garai batean, dirudunak edota famatuak izaten ziren eder-kirurgia ordaintzeko ahalmena zuten bakarrak. Gaur, aldiz, hori guztiz aldatu da. Edonork ordain ditzake operazio horiek, ez daude jada pribilegiodun batzuen eskura soilik; gainera, guk sortutako beharra bilakatu da. Gero eta jende gehiagok erabakitzen du operazio bat jasatea, bere itxurarekin gusturago sentitzeko. Kirurgia estetikoa medikuntza estetikoa izatera pasatu da. Hortxe sartuko lirateke, esate baterako, laser bidezko depilazioak, hortzetako estalkiak, botox injekzioak eta gaztetze-tratamenduak. Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal garatzera.
Hasteko, kontuan izan behar da noren eskuetan jartzen garen, kasu askotan operazio hauek burutzen dituzten medikuek ez baitituzte behar diren baimenak. Eta hortik datoz 2006an, esaterako, eder-kirurgia zela eta izan ziren 900 salaketatik asko; maiz, gainera, salaketa horiek arrazoi oso larriengatik izaten dira.
Esaten dutenez, mota guztietako operazioak hoberen jasaten dituzten aurpegiak triangeluarrak dira, hau da, masailalbo eta kokotsa markatuago dituztenak. Ez hori bakarrik, azal fin eta argiek laserra hobeto toleratu ei dute.
Hau guztia gutxi balitz, kirurgia estetikoari lotutako gaixotasun bat ere badago, dismorfia korporala. Gaixo hauek akatsak ikusten dituzte existitzen ez diren tokietan eta aurkitzen duten soluzio bakarra operatzea da. Dena den, hau eritasun mental bat da eta, nahiz eta behin eta berriz operatu, pertsona hauek ez dira inoiz gustura egongo euren itxurarekin, ezta konpontzen saiatu diren atalarekin ere.
Beste patologia bat izaten da gorputzeko atal bat, axola gabe zein, konpontzeko beharra izatea. Gaixo hauek gaizki amaitzen dute gehienetan; izan ere, beraien helburua euren gorputzeko atalen bat aldatzea baita itxura ezberdin bat izateko. Eri hauek gero eta handiagoa egiten ari dira estetikaren negozioa.
Edonola ere, gure itxura hobetzea nahi izatearen errudun handiena telebista dela esan daiteke. Telebistak, etengabeko propagandaren bidez, itxura aldatzera bultzatzen gaitu: kremak, gimnasia, gorputz perfektoak…Ez dut esan nahi hori guztia gaizki dagoenik, gure hortzak zaintzea, zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da, baina gehiegizkoak iruditzen zaizkit bolada honetan kaleratzen ari diren programa motak, Cambio radical , esate baterako. Harrigarria iruditzen zait telebistak berak bultzatzea gure itxura aldatzera. Batzuetan gaixotasunak edo beste arazo batzuk direla eta egiten dira operazioak, baina gehienetan kapritxo bat besterik ez dira izaten. Egia da etorkizunean zientziak aspektu fisikoari buruzko aurkikuntza asko egingo dituela, bai onerako baita txarrerako ere, baina tentu handiz heldu beharko genioke arlo honi.
Besterik gabe, amaitzen dut esanez ez ginatekeela utzi behar hainbeste manipulatzen eta bakoitza garen bezalakoak izaten eta onartzen ikasi beharko genukeela.
Iruzkin berriak