Xamarren Euskara Jendea

Euskara jendeaz hitz egingo du Xamarrek Hizketaldian

euskara jendeaJuan Carlos Etxegoien Xamarrek Euskara jendea izenburuko hitzaldia emango du bihar, azaroak 8, Ordiziako Barrena Kultur Etxeko areto nagusian, 19:00etan.

Berriki kaleratu du Etxegoienek Euskara jendea. Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza liburua. Bertan, euskaraz hitz egiten duen jendearen bidez errepasoa eman dio historiari: Nola bizi izan du gure jendeak euskara? Zein izan da hizkuntzaren bilakaera? Nola ikusi izan dugu geure burua? Nolakoak izan dira etorri edota iragan diren herri/kultura desberdinekiko harremanak? Nola ikusi izan gaituzte?… Euskara jendea lana galdera hauek eta beste hainbat gehiago erantzuten saiatzen da, 600 irudi, argazki eta marrazkiz ezinago eder apaindua. Irudien laguntzaz mintzatuko da, halaber, Etxegoien Ordiziako Hizketaldian.

XamarGarraldako (Nafarroa) semea eta irakaslea da Etxegoien; Etxebarrengoa (Garralda) kultur taldeko kidea, bai eta Karrikiri (Iruñea) euskara elkartea eta Zenbat Gara (Bilbo) taldekoa ere. Napartheid aldizkariaren sortzaileetakoa; Argia, Nabarra eta Ai ene! aldizkarietan kolaboratu izan du. Gainera, honako liburuen egilea da: Orhipean. Gure Herria ezagutzen (1992) ─ingelesezz, frantsesez eta gaztelaniaz ere argitaratua─, Orekan. Herri eta hizkuntzen ekologia (2001) eta 1898 Garralda (1998).

Hizketaldiak, hilean behingo euskarazko foro publikoa, Hitzaro Euskara Elkarteak eta Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak elkarlanean antolatzen dute, 2004ko udazkenetik. Antolatzaileen asmoa da egunerokotasuneko gaien azterketa egingo duen euskarazko hitzaldi sorta antolatzea; hots, momentuan momentuko gaien edota guztion interesekoak direnen inguruan hitz egingo duten hizlariak ekarri nahi dituzte, beti ere euskara eta aktualitatea uztarturik. Hileroko lehen asteazkenetan izaten da Hizketaldia.

Gaiaz zertxobait gehiago jakin nahi baduzu:

Comments { 0 }

Reala eta Errege Kopa

Urtero bezala, Errege Kopa hasi da. Aurten, lehen mailako taldeak fase bat beranduago sartu dira. Beraz joan–itzulian hasi dira. Aldaketa honek izugarrizko gatazkak sortu ditu 2, 2B eta 3. mailako taldeetan. Honela, bizpahiru talde txikik aukera izango dute talde txikien aurka jokatzeko. Aldaketa honek baditu bere abantailak Realarentzat. Izan ere, azken urte hauetan ez du hirugarren fasea ezagutu. Hala ere, lehen norgehiagokan ikusi denez, hurrengo urtera arte itxaron beharko dugu partidu bat irabazteko.

Aurten talde nahiko erraza tokatu zaio Realari; izan ere, bigarren mailako Malaga taldea baita bere aurkaria. Hala ere, ikusita aurtengo martxa ligan eta aurrekoan ikusitako markagailua 4-1, ezin dugu askoz gehiago espero. Dena den, Lotinaren lehen norgehiagoka ikusita, esperantza txiki bat badago. Gainera, gure taldeak badu gogoa gauzak ondo egiten hasteko eta Errege Kopa aukera ona izan dezake, baldin eta arbitroak ez badie Realeko jokalariei txartel gorria ateratzen. Gogoratu, aurreko norgehiagokan ikusi genuen bezala, Malaga talde txarra izan arren, badakiela jokatzen eta, ondorioz, 1-1 zihoazenean (txartelena gertatu ostean) 3 gol gehiago sartu zituela.

Pasa den igandean, Realak nahiko ondo jokatu zuen; hala ere, ez zuen garaipena lortu. Kontuan izanda Lotinak Reala esku artean zuen lehenengo aldia zela, ez ziren hain gaizki ibili. Nik uste dut denbora apur bat eman behar zaiola…

Iaz Amorrortuk ez zion inongo garrantzirik eman Kopari eta hau zaleoi ez zitzaigun ezer ere gustatu. 5 urte daramatzat Anoetara astero joaten . Hori bai, ezin izan dut Errege kopako partidurik ikusi. Aurten ikusiko dut baina zaila da bigarren bat ikustea. Nire uste apalean, 1go mailako talde bat 3. faseraino ez sailkatzea penagarria da. Entzun dudanez, azken 6 urte hauetan bera da 3. fasera arte sailkatu ez den 1go mailako talde bakarra. Honek Realaren azken 4 -5 urteetako ibilbidea garbi adierazten du, ezta?

Penagarria da, halaber, daukagun dirua ikustea. Azken presidenteak izugarrizko lapurreta egin zuen eta orain Fuentes eta bere lagunak ez dakite nondik atera dirua. Eta, gainera, ez badugu fitxaketekin asmatzen, bada, atera kontuak…Onartu beharrean gaude azken fitxaketa hauek ez direla oso onak izan (Stevanovic, Cifu, Juanito, Bravo…). Ea Zubiaurren 5 milioi euroekin jokalari onen bat fitxatu eta ligan gora egiten dugun, bestela, gureak egin du!

  • Espanyol (iazko garailea) – Rayo Vallecano (lehen partidua 1-1 bukatu zuten).
  • Real Madrid–Ecija (2B) (hauek ere lehen partidua 1-1 bukatu zuten).
  • Barcelona–Badalona(2B) (1-2 aurreko partiduan).

Errege Koparen azken urteetako garaileak ikusi nahi badituzue, egin klik hemen. Bestalde, hemen klikatuz, markagailu guztiak ikusteko aukera izango duzue.

Ea Realak aurten ondo jokatzen duen eta lehen fasea pasatzen duen!

Comments { 6 }

Fantasy Football. Animatzen zara?

championsFutbolari buruz gehien nork dakien jakiteko modu bikaina eskaintzen digu Fantasy Football delako joko honek. Bertan, txapeldunen liga jokatzen ari diren taldeetatik hamabost jokalari hauta ditzakegu gure taldetxoa osatzeko, hamaika zelaian aritzeko eta beste lau aulkian eserita egoteko. Txapeldunen ligako jardunaldi bakoitzean,

zuk aukeratutako jokalariek puntuazio bat edukiko dute partiduan jokatutako partidaren arabera. Adibidez, zure taldean duzun futbolariak gola sartzen badu, horrek puntu kopuru jakin bat emango dizu. Honela, jokalari guztien puntuak batuz, taldeak jardunaldi horretan bildutako puntuazioa lortuko duzu. Ondoren, emaitza hau beste jokalariekin alderatuko da eta honela ranking orokor batean sartuko zara mundu osoko pertsonekin lehiatuz. Bertan lehena izatea lortzen baduzu, sari zoragarriak irabaziko dituzu.

Dena den, jokalarien ekintzengatik puntuak jasotzean, arau batzuk kontuan hartu behar dira, jokalarien posizioa edo sartutako golak, esaterako.

Joko honetan parte hartu nahi baduzu, ondorengo urratsak jarraitu behar dituzu. Lehenik eta behin, Fantasy Football orrialdean sartu eta bertan izena eman. Ondoren, taldearen kamiseta diseinatu eta, azkenik, hamabost jokalariak hautatu eta taldea egiten has zaitezke.

Taldea osatzerakoan, 100 puntu dituzu futbolariak erosteko. Honek izugarrizko buruhausteak ekarriko dizkizu; izan ere, nahiko motz gelditzen baita talde on bat egin nahi bada, behintzat. Jokalari guztiak ez dute balio bera, adibidez, Kaka, Milaneko jokalariak, 10,6 puntu balio ditu eta, Real Madrileko Diarrak, aldiz, 6,5. Gainera, jardunaldi bakoitzean betetako paperaren arabera, prezio hau igo edo jaitsi egin daiteke.

Hori gutxi balitz, liga pribatu bat ere sor daiteke lagunen artean norgehiagokatxo bat egiteko. Euskaljakintzako liga sortu berri dut eta bertan parte hartzeko, behar den lekuan, 184537-30345 zenbakia sartu eta kitto!

Azken jardunaldian, emaitza nahiko ona lortu nuen: 69 puntu. Hala ere, irabazi zuenak 95 puntu lortu zituen, beraz, nahiko urrun nago. Ea zuetako batek nire puntuazioa hobetzen duen!!!

fantasy

Comments { 5 }
-->