About gonzalillo

Author Archive | gonzalillo

Hilabetez kanpoan

Uda gero eta gertuago dugu eta ikasle ugari, ni horien artean, dagoeneko planak egiten hasiak gara beste lurralde batzuetara joateko bai beste hizkuntzaren bat ikasteko eta baita hango kultura ezagutzeko ere. Halaber, gaiaren inguruko hainbat aldizkari hasten dira etxera iristen. Nik esperientzia hau duela 2 urte bizi izan nuen lehenengoz eta iaz errepikatu egin nuen.

Hasteko, Irlandara joan nintzen lehen aldiz, Navan-era, hain zuzen ere. Hegoaldean kokaturik dagoela esan daiteke, Dublin 30 minutura inguru dago kotxez. Iaz, ordea, beste kontinente batera joatea erabaki nuen, AEBra hain zuzen ere, bertako Maryland estatura. Washington nahiko gertu genuen eta New York 4 ordura.

Baltimore-era iritsi bezain laster, hantxe zegoen zain hilabetez nire familia izango zena. Arratsaldez iritsi ginen eta gau horretan bi pelikula hartu genituen bideo klubean eta pizza batzuk jaten ikusi genituen. Hasiera ezin hobea ikus dezakezuen legez! Giroa izugarri ona zen eta nire etxean sentitu nintzen hasiera-hasieratik.

Hari beretik, irteera ugari egin nituen eta gauza mordo bat ezagutzeko parada izan nuen. Irteera horietako batean, New York ikustera eraman ninduten. Nola esan…izugarria iruditu zitzaidan! World Trade Center ikusi nuen eta baita beisboleko partida bat ere. Ez hori bakarrik, Kennedy lurperatuta dagoen tokia, munduko Mc Donald’s handiena (2 pisukoa eta 30 kaxaz osatua) eta beste hainbat ere ikusteko aukera izan genuen argazkietan ikus dezakezuen bezala..

Gorago esan bezala, New York ezagutzeko aukera izan nuen eta merezi izan zuen. Ikaragarrizko hiria da, ikusgarria! Berriz joateko aukera badut ziur joango naizela. Filmetan azaltzen den bezalakoa da: kotxe ugari, etxeak ikaragarri altuak, taxi horiak…

Honekin guztiarekin zera esan nahi dizuet: beste lurralderen bat ezagutzeko aukerarik baduzue, ez utzi pasatzen. Zalantzarik gabe, beste toki, kultura, bizitzeko era… ezagutzeak asko aberasten du edonor eta bizipen horiek ez dituzue sekula ahaztuko. Anima zaitezte!

Comments { 2 }

HATTRICK

HattrickHattrick joko interesgarri bat da. Online jokatzen da eta bertan futboleko talde bat duzu. Zure datuak eman ondoren, talde bat ematen dizute, normalean ligan egoera txarrean dagoen bat. Beraz, fitxaketa batzuk egin eta talde ona sortuz gero, mailaz igotzeko aukera duzu. Hala ere, lehen mailara iristea oso zaila izango da. Izan ere, nire lagunak eta ni talde bat dugu eta 11. ligan gaude, jaitsiera postuetan. Kontuan izanda, liga bakoitzak 4 hilabete inguru irauten duela, lehen mailara iristeko urte batzuk jolasten igaro beharko genuke.

Nire lagunak eta ni orain dela gutxi hasi ginen eta gure artean hainbat adiskidantzako partida jokatu dugu, horietatik dezente oso interesgarriak, gainera. Dena den, Hattrickek lagunartean ibiltzeko aukera emateaz gain, edozein tokiko pertsona baten aurka aritzeko parada eskaintzen du. Ez dago zalantzarik hori oso interesgarria izan daitekeela.

Ezaugarriekin jarraituz, esan beharra dago zure taldeari izena ipintzeaz gain, futbol zelaiari ere eman behar diozula izen bat. Gainera, talde bakoitzak bazkide batzuk izango ditu eta, taldearen egoeraren baitan, bazkide horiek gehiagorantz edo gutxiagorantz joko dute.

Nire egoera, adibidez, ez da oso ona; izan ere, taldea azken postuan eman zidaten eta 11. ligan mantentzeko aukera gutxi izan dut. Ikus dezakezuenez, nire egoera nahiko negargarria da baina nire lagunena okerragoa da oraindik! Ander (1 eta 2), adibidez , ni bezala 11. ligan dago, hori bai, ez dago nire multzo berean. Azken postuan dago eta ezingo dio mailari eutsi; beraz, hurrengo urtean, Asierrekin (1 eta 2) batera, hirurok azken mailan egongo gara seguruenik.

Gure pozerako, azken aste honetan, Hattrick euskaraz ipini dute; beraz, euskararentzat aurrerapauso handia da. Izan ere, mundu osoko hizkuntzekin ari da “lehian� gaur egun bideojokoetan. Sustatuk aipamen berezia egin du honi buruz.

Hau guztia esan ondoren, ez nuke amaitu nahi bertara joan eta saiakera bat egin dezazuen aholkatu gabe. Hemen klik eginda, gune nagusira joango zarete eta bertan informazio gehiago eskuratu ahal izango duzue.

Comments { 2 }

Roger Federer al da munduko kirolaririk onena?

federerRoger Federer kirolari aparta dela inork ezin du ukatu. Suitzan jaio zen, 1981eko abuztuaren zortzian. Argi dago orain inork ezin duela bere martxa jarraitu, ezta Nadalek ere. Batzuentzat teniseko historiako jokalaririk onena da. Niretzat hala da, hori bai, ez dut aukera handirik izan Agassi, Becker edo Pete Sampras bezalako jokalari apartak ikusteko; hala ere, azken hau norgehiagoka batzuetan ikusi nuen gazteago nintzenean.

Hor daude bakoitzak lorturiko sariak. Basileako jokalariak, Roger Federek, 45 sari nagusi irabazi ditu, horien artean 9 Grand Slam, Australiako irekia bi aldiz (2004 eta 2006an), AEBkoa hiru aldiz (2004, 2005 eta 2006an) eta Wimbledom 4 aldiz (2003, 2004, 2005 eta 2006an). Azken bi urtez, ATP zerrendan lehena da eta ez dakigu noiz izango den bere gainbehera; edonola ere, ez dirudi gertu dagoenik. Sailkapen horretan bigarrena Rafa Nadal dugu baina izugarrizko diferentzia dago bata eta bestearen artean.

Beraz, eta hau guztia kontuan izanik, zergatik ezin da Roger Federer munduko kirolaririk hoberena izan? Hori da nik neure buruari egiten diodan galdera. Esan beharrean nago, batik bat, nik tenisa udan ikusten dudala. Harrigarria bada ere, niri gehien gustatzen zaidan jokalaria ez da orain arte aipatutako inor, Juan Carlos Ferrero da nire gustukoena, nahiz eta azken urte hauetan ez duen ia saririk lortu. Orain dela 4 bat urte, ATP zerrendan lehena izan zen baina arrazoi desberdinengatik, lesioengatik eta jokalari hobeak sortu izangatik, nabarmen egin du behera Juan Carlosek.

Beraz, ez dakit zuek zer uste duzuen baina niretzat argi dago Roger Federer izan dela tenisak, gaur egun arte, eman duen jokalaririk onena. Zorte handia dugu bera jokatzen ikusteko aukera dugulako.

Comments { 0 }
-->