Roger Federer kirolari aparta dela inork ezin du ukatu. Suitzan jaio zen, 1981eko abuztuaren zortzian. Argi dago orain inork ezin duela bere martxa jarraitu, ezta Nadalek ere. Batzuentzat teniseko historiako jokalaririk onena da. Niretzat hala da, hori bai, ez dut aukera handirik izan Agassi, Becker edo Pete Sampras bezalako jokalari apartak ikusteko; hala ere, azken hau norgehiagoka batzuetan ikusi nuen gazteago nintzenean.
Hor daude bakoitzak lorturiko sariak. Basileako jokalariak, Roger Federek, 45 sari nagusi irabazi ditu, horien artean 9 Grand Slam, Australiako irekia bi aldiz (2004 eta 2006an), AEBkoa hiru aldiz (2004, 2005 eta 2006an) eta Wimbledom 4 aldiz (2003, 2004, 2005 eta 2006an). Azken bi urtez, ATP zerrendan lehena da eta ez dakigu noiz izango den bere gainbehera; edonola ere, ez dirudi gertu dagoenik. Sailkapen horretan bigarrena Rafa Nadal dugu baina izugarrizko diferentzia dago bata eta bestearen artean.
Beraz, eta hau guztia kontuan izanik, zergatik ezin da Roger Federer munduko kirolaririk hoberena izan? Hori da nik neure buruari egiten diodan galdera. Esan beharrean nago, batik bat, nik tenisa udan ikusten dudala. Harrigarria bada ere, niri gehien gustatzen zaidan jokalaria ez da orain arte aipatutako inor, Juan Carlos Ferrero da nire gustukoena, nahiz eta azken urte hauetan ez duen ia saririk lortu. Orain dela 4 bat urte, ATP zerrendan lehena izan zen baina arrazoi desberdinengatik, lesioengatik eta jokalari hobeak sortu izangatik, nabarmen egin du behera Juan Carlosek.
Beraz, ez dakit zuek zer uste duzuen baina niretzat argi dago Roger Federer izan dela tenisak, gaur egun arte, eman duen jokalaririk onena. Zorte handia dugu bera jokatzen ikusteko aukera dugulako.
No comments yet.