AHOZKO AZTERKETA

AHOZKO AZTERKETA

Bi atal ditu: batetik aztertzaileek ematen duten testu baten laburpena egin behar da eta; bestetik, eskintzen diren bi gaietatik bat aukeratu eta horretaz mintzatzea. honako alderdi hauek neurtzen dira:

a) Idatzizko hizkuntza-eredu zuzenetik hurbil dgoen hizkera-modea erabiltzeko gaitasuna.

b) Azalpenak hizkera landuan, erregistro landuan emateko gaitasuna. etxeko edo lagunarteko hizkerak ez dira nahikoa.

c) Azalpenen egokitasuna eta zehaztasuna. berba egitea ez da nahikoa. Azterketariak mintzamolde egoki eta zehatza erabiltzeko gai ote diren neurtu nahi dute aztertzaileek.

d) zuzentasuna, egituren eta ahoskeraren aldetik. Egitura traketsak, gramatikalak ez direnak, edo ahoskera traketsak penalizatu egiten dira.

Hona hemen aztertzaileek kontuan hartzen dituzten alderdiak:

  • Azterketaren zati hau gainditzeko, azterketariak euskal giro batean normaltasun osoz, komunikazioari trabarik egin gabe, parte hartzeko gauza dela frogatu behar du.
  • Beti ere kontuan izaten da hiztun guztiek ez dutela hitz-jario eta etorri bera: batzuek beste bazuek baino moteltxeago hitz egiten dute. Honek ez du, berez, nota jaisten. Euskaldun berriek abiadura gutxiagoz hitz egitea harritzekoa ez bada ere, entzuteak eta haria jarraitzeak ez lukete aztertzailea ernegarazi behar. Beraz, abiadura minimo bat ere eskatzen da, zein den esatea oso zaila gertatzen bada ere. Ezin dugu ahaztu batzuetan EGA lanpostu baterako giltza dela: ahozko azterketa hau erraztea baino gehiago sendotzea da helburua, EGAdun bihur daitezen benetan euskaraz gai direnak. Bestalde, hitz egitearen zuzentasuna oso kontuan hartzen da. Aberastasunari ere begiratzen zaio (hiztegia, egiturak, lotura logikoa).
  • Ahozko azalpenaren ariketan, ikasleek nahitaez eskaintzen zaizkien gaietariko bati buruz hitz egin behar dute: ezin dute beste gai bat aukeratu. Hitz egitean, gaiari ongi dagokion zerbait esatea eskatzen zaie: ez da nahikoa edozein gairi buruz berba egitea.
  • Laburpena egitean, azterketariak bete behar duen lehenbiziko baldintza da irakurtzeko eman zaion testuaren mamia funtsean ongi jasotzea.
  • ariketen helburua da azterketariaren ahozko mintzamena neurtzea: beraz, aztertzaileak ahalik eta gutxien hitz egiten du, azterketaria moztu gabe.

Hona hemen bereziki kontuan hartzen diren zenbait akats:

  • Ergatiboa gaizki erabiltzea. Okerren bat barkatzen da, baina behin eta berriro huts eginez gero, aski da, besterik gabe gutxiegi izateko.
  • Aditzaren komunztadura: behineta berriro *liburu batzuk erosi nuen eta antzekoak erabiltzen dituenak gutxiegi jasoko du. Noizbehinkako akatsa bada, barkagarri izan daiteke.
  • Aditzak gaizki erabiltzea: *kalean ikusi dit (ikusi nau-ren ordez) edo * amak eman nau (eman dit-en ordez) edo * edozein momentuan etorri lezake eta antzekoak, behin baino gehiagotan erabiliz gero, gutxiegi emateko arrazoi dira. akats hauek bakanak badira, puntuak gutxitzeko indarra izaten dute.

* Esango banioke (banio-ren ordez) edo * pozik joango nintzen (nintzateke-ren ordez) eta abar ere oso kontuan hartu behar dira, aurreko hutsegiteek adinako pisua ez badute ere. Dena den, nolako aditz-aberastasuna duen ere kontuan hartzen da: iraganeko formak, adibidez, edo forma sintetikoak, ahalezkoak eta abar erabiltzen diren ala ez neurtuko da.

  • *Ezagutzen dut neska bat han bizi dela (dena-ren ordez) eta antzekoak behin baino gehiagotan esanez gero, gutxiegi jasoko du azterketariak.
  • -ELA eta -EN batez ere zehargalderak hartuko dira kontuan. Lapsusak-edo barkatzen dira, baina behin baino gehiagotan gertatuz gero, besterik gabe gutxiegi.
  • BA- eta -EN nahastea: *Ez dakit etorriko bada.
  • Elkar, ere, bere burua eta abar nola erabiltzen diren ere kontuan hartuko da.
  • Lexikoa: irakurtzeko eman zaion testuan ohikoak ez diren hitzak agertzen badira, hitzok nola esaten dituen ere begiratzen da, hiztegiaren aberastasuna neurtzeko bidea izan baitaiteke hau.

Baina azterketaria behin huts bat eta gero beste bat, desberdina, eta geroxeago beste bat eta horrela badabil, huts bakoitza sistematikoa izan ez arren, aski da gutxiegi jartzeko.

Azterketariak badu bere azalpena grabatzeko aukera eta erreklamaziorik balego, aztertzaileek erabil dezakete hura, huts-orriarekin batera, kalifikazioa ebazteko. Dena den, Hezkuntza Sailak ez du zinta itzultzen.

Comments { 0 }

EGA: AZTERKETA IDATZIA

AZTERKETA IDATZIA

Honek entzutezko ulermena neurtzeko ariketa bat du hasieran: entzutezko ulermena. Ahozko notaren osagai bat izan arren, entzutezko ulermenerako ariketa azterketa idatziaren hasieran egin ohi da. Ezinbestean gainditu behar da ahozko proba egin ahal izateko.  Bi grabazio zati entzungo dira. Zati bakoitzari buruz bost galdera egingo dira eta erantzun zuzena aukeratu behar da, aukera anitzeko moldean emandako lauren artetik.

Grabazio zati bakoitza behin entzungo da. Grabazioa entzun baino lehen azterketariek bi minutu izango dituzte zati bakoitzeko galderak eta erantzunak irakurtzeko.

Erantzun zuzen bakoitzak puntu erdiko balioa izango du. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.

Hasierako ariketa horretaz gain, lau dira azterketa idatzia osatzen dutenak:

a) idazlana

b) esaldiak berridatzi

c) sinonimoak

d) irakurriaren ulermena

Maila-bateratasuna ziurtatzeko asmoz, hainbat azterketa idatzi bi aztertzailek zuzentzen dute.

a) Idazlana ariketan dossier eran bi gai eskaintzen dira, azterketariak bat aukera dezan: gaiari eustea, zuzentasuna, hizkuntza-aberastasuna eta kohesioa neurtzen dira; Idazlanaren nota bi zatitan banatzen da: orokorra eta ortografiari dagokiona. Azterketariak hirurehun hitz idatzi behar ditu, gutxienez. Hona hemen nota orokorra jartzeko erabiltzen den puntuazioa:

  • Edukia. (0-7 puntu). Honetan adierazia kalifikatzen da, hots, garatzeko eskainitako gaia zein neurritan osatu den:
    • Gaiarekin lotura duten/ez duten alderdien garapena.
    • Argudio eta adibide ugari/gutxi.
    • Gutxieneko hitz-kopurua.
  • Moldea. (0-8 puntu). Adierazpena kalifikatzen da, hots, edukia azaltzeko moldearen kalitatea:
    • Egitura aberatsak/sinpleak.
    • Lexiko zehatza eta adierazkorra/desegokia edo urria.
    • Ideien eta egituren arteko kohesioa, lotura.
    • Idazlanaren egituraketa orokorra, paragrafoen antolamendua.
  • Zuzentasuna. (0-10 puntu). Hizkuntza-akats nabarmenen araberako kalifikazioa, hots, joskerazko zuzentasunarena:
    • Deklinabidean: kasu atzizkien erabilera zuzena/okerra.
    • Aditz mailakoa.
    • Perpausen egituraketa.
  • Hiru alderdi hauetakoren batean nabarmenki huts eginez gero edota, oro har, hiruretan maila kaxkarra erakutsiz gero, Idazlana ez da gainditutzat ematen eta, hortaz, 15 puntutik beherako kalifikazioa jartzen da; zenbat eta okerrago hainbat eta puntu gutxiago. Gehienez, beraz, 25 puntu lor daitezke ariketa honetan. Horren barruan 5 puntu, gehienez, ortografiagatik. Ortografiari dagokionez, hona hemen idaztarauei dagokien nota jartzeko irizpideak.
Puntuak
5 Ortografia aldetik oso ondo
3-4 Akats ez oso larriak
1-2 Garrantzi handikoak
0,01-0,99 Oinarri-oinarrizkoak/garrantzi handikoak ugari; gainditu gabea.
0 Ez agertua

b) Esaldiak berridatzi ariketan emandako esaldiak beste era batera idatzi behar dira jarritako hitzak edo hitz-zatiak erabiliz; Esaldiak berridatzi ariketa honetan moldaketa oso eta zuzen bakoitzak puntu erdiko balioa du. Baina zer esan nahi du “oso eta zuzen” horrek? Honako baldintzok bete behar dira zuzentzat emateko:

  • Lehenbizi, eredutzat ematen den esaldiaren zentzua osorik jasotzea. Erantzunak, jarritako perpausaren zentzuaz gainera beste era batera ere interpretatzeko bidea ematen badu, azterketariaren erantzuna anbiguoa delako adibidez, ontzat ematen da alde horretatik, haren zentzua gorde baitu. Baina zentzua gordetzen ez badu, besterik gabe txartzat ematen da erantzuna.
  • Eskaintzen den “moldea”ri jarraituz osatua izatea bigarren perpausa eta ez beste bide batetik eratua.
  • Gramatikaren aldetik zuzena izatea. Esaldi bakoitzak gramatikazko egitura baten ezagutza neurtzea du helburutzat. Baina neurtu nahi den gramatika-egitura jakin hori ongi egon arren beste nonbait huts eginez gero, ergatiboaren marka “ahantziz” esaterako, txartzat ematen da erantzun hori, besterik gabe.
  • Ortografia batua ere errespetatzea. Hala ere, huts txikiren bat barka daiteke.
  • Beti ere esaldi bakar bat osatu behar da. Ariketa egiteko bi zati eskaintzen dira sarri baina moldapenean esaldi bakarra aurkeztu behar da.

c) Lexikoa. Testu labur batean txertaturik, markatutako hamar hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Hitz horietako bakoitzak dagoen testuinguruan duen esanahia kontuan harturik aukeratu behar da baliokidea.

Erantzun zuen bakoitzak puntu erdiko balioa izango du.

Ariketa honen eta esaldiak berridazteko ariketaren kalifikazioak bildu egingo dira eta bien artean gutxienez 5 puntu lortu beharko dira. Batean zein bestean, gutxienez %40 atera beharko da.

d) Irakurrriaren ulermena. Testu batzuk eskainiko dira, azterketariek horiei buruzko hamar galderari erantzuteko. Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, testu zatiei dagozkien ideiak aukeratzea, lotura egokiak egitea edo egia/faltsua erakoak. Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat ematen zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.

Azterketa idatzia gainditzen badu azterketariak -eta horretarako ariketa bakoitzean gutxienekoa lortu behar du- ahozkora pasatuko da. azterketariak bere azterketako notak jakiteko eskubidea du. Horretarako, idatzizko eskabidea egin behar du Hezkuntzako Ordezkaritzan; notak jakin ondoren azterketariak azterketa ikusi nahi badu, bigarren eskabidea egin behar du eskainitako epean.

Comments { 0 }

Zer da Atariko Proba?

Zer da ATARIKO PROBA?

1.– EGAren idatzizko eta ahozko azterketetan parte hartu ahal izateko, aukera anitzeko galdekizunez osatutako Atariko Proba gainditu behar du azterketariak, aldez aurretik.

2.– Atariko Proba horrek ehun galdera ditu. Galdekizun horiek launa aukera dituzte, entzutezko ulermena neurtzeko galderetan izan ezik (horietan hiruna aukera izango dira).

3.– Atariko Probak ordubete iraungo du. Azterketa Batzorde Ofizialaren Zuzendaritzak entzutezko ulermenaren grabazioa entzun eta dagozkion galderei erantzuteko finkatzen duen denbora gehitu behar zaio ordubete horri.

4.– Entzutezko ulermena neurtzeko 18 item izango dira gehienez eta 12 gutxienez.

5.– Entzutezko ulermena neurtzeko galderei dagokien grabazioa behin bakarrik entzungo da.

6.– Atariko Probaren gainerako galderek euskararen erabilera zuzen eta egokiaren edozein alderdirekin izango dute zerikusia. Honako arlo hauetan banatzen dira galderak:

  • ahozko hizkuntzan oinarritutakoak;
  • testuinguru jakinetarako esaldien egokitasuna neurtzen dutenak;
  • esaera eta esamoldeak;
  • lexikoa;
  • morfosintaxia (lau azpi-multzotan banaturik: deklinabidea eta posposizioak; aditz morfologia; perpausak (koordinatuak, txertatuak, galdegaia); partikulak (ere, elkar…), atzizkiak eta juntagailuak);
  • batua jakitea;
  • hizkuntza idatziaren ulermena;
  • beste batzuk (datak eta orduak, matematika-formulen eta eragiketen irakurketa, puntuazio-ikurrak).

Galdera hauek azterketan bertan nahasian aurkezten zaizkio azterketariari.

7.– Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat emango zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik, aldiz, ez da punturik kenduko.

8.– Gainditze-muga 75 puntukoa da; muga hori berdintzen edo gainditzen duen azterketari oro azterketaren hurrengo zatira aurkeztu ahal izango da, inolako «numerus clausus»-ik gabe.

9.– Aurreko puntuaren arabera, baldin eta azterketa idatzira pasatzeko direnen kopurua egun horretako Atariko Probara aurkeztu direnen % 50era iristen ez bada, azterketari onartuen multzoa zabaldu egingo da. Era honetan: 75 puntuko gainditze-mugara iristen ez direnen artean, hurbileneko azterketariak ere onartu egingo dira, egun jakin horretako gainditze-ehunekoa % 50era hurbildu arte.

10.– Egun horretako gaindituen multzoa horrela zabaldurik, hamartarrak biribildu ondoren, azterketa idatzira pasatu beharrekoen kopurua % 50era zehatz biltzen ez bada, honela jokatuko da: gainditu horien kopurua ehuneko horretatik hurbilen uzten duen puntu kopurua hartuko da gainditze-mugatzat.

11.- Azterketariak erreklamazioa eginez gero, azterketaren birzuzenketa eskuz egiten da eta, ondoren, irakurgailu optikoak emandako notarekin alderatzen da.

Comments { 0 }
-->