Zer da Atariko Proba?

Zer da ATARIKO PROBA?

1.– EGAren idatzizko eta ahozko azterketetan parte hartu ahal izateko, aukera anitzeko galdekizunez osatutako Atariko Proba gainditu behar du azterketariak, aldez aurretik.

2.– Atariko Proba horrek ehun galdera ditu. Galdekizun horiek launa aukera dituzte, entzutezko ulermena neurtzeko galderetan izan ezik (horietan hiruna aukera izango dira).

3.– Atariko Probak ordubete iraungo du. Azterketa Batzorde Ofizialaren Zuzendaritzak entzutezko ulermenaren grabazioa entzun eta dagozkion galderei erantzuteko finkatzen duen denbora gehitu behar zaio ordubete horri.

4.– Entzutezko ulermena neurtzeko 18 item izango dira gehienez eta 12 gutxienez.

5.– Entzutezko ulermena neurtzeko galderei dagokien grabazioa behin bakarrik entzungo da.

6.– Atariko Probaren gainerako galderek euskararen erabilera zuzen eta egokiaren edozein alderdirekin izango dute zerikusia. Honako arlo hauetan banatzen dira galderak:

  • ahozko hizkuntzan oinarritutakoak;
  • testuinguru jakinetarako esaldien egokitasuna neurtzen dutenak;
  • esaera eta esamoldeak;
  • lexikoa;
  • morfosintaxia (lau azpi-multzotan banaturik: deklinabidea eta posposizioak; aditz morfologia; perpausak (koordinatuak, txertatuak, galdegaia); partikulak (ere, elkar…), atzizkiak eta juntagailuak);
  • batua jakitea;
  • hizkuntza idatziaren ulermena;
  • beste batzuk (datak eta orduak, matematika-formulen eta eragiketen irakurketa, puntuazio-ikurrak).

Galdera hauek azterketan bertan nahasian aurkezten zaizkio azterketariari.

7.– Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat emango zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik, aldiz, ez da punturik kenduko.

8.– Gainditze-muga 75 puntukoa da; muga hori berdintzen edo gainditzen duen azterketari oro azterketaren hurrengo zatira aurkeztu ahal izango da, inolako «numerus clausus»-ik gabe.

9.– Aurreko puntuaren arabera, baldin eta azterketa idatzira pasatzeko direnen kopurua egun horretako Atariko Probara aurkeztu direnen % 50era iristen ez bada, azterketari onartuen multzoa zabaldu egingo da. Era honetan: 75 puntuko gainditze-mugara iristen ez direnen artean, hurbileneko azterketariak ere onartu egingo dira, egun jakin horretako gainditze-ehunekoa % 50era hurbildu arte.

10.– Egun horretako gaindituen multzoa horrela zabaldurik, hamartarrak biribildu ondoren, azterketa idatzira pasatu beharrekoen kopurua % 50era zehatz biltzen ez bada, honela jokatuko da: gainditu horien kopurua ehuneko horretatik hurbilen uzten duen puntu kopurua hartuko da gainditze-mugatzat.

11.- Azterketariak erreklamazioa eginez gero, azterketaren birzuzenketa eskuz egiten da eta, ondoren, irakurgailu optikoak emandako notarekin alderatzen da.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->