Ramones familia maitagarria izan da nik hautatutako liburua. Gotzon Hermosilla da idazlea eta bertan Ramones musika talde iraultzaile eta punk-rock mugimenduaren oinarri bilakatu zenaren biografia bat azaltzeaz gain, gure Euskal Herriko mugimenduan Ramonesen eragina ere aipatzen du.
1974an rockaren panorama nahiko txarra zen, urteak atzerago izandako izpiritu freskoa ahituta zegoen, eta orduan ageru ziren Ramones. Estilo oso sinple, azkar eta oldarkorraren bitartez estilo berri baten sortzaile izan ziren, Sex Pistols eta The Clash-ekin batera punk talde famatuenean bilakatu ziren.
New Yorkeko Forest Hills auzo baztertuan bizi ziren 4 gaztek osatzen zuten taldea. Euren artean oso desberdinak izan arren, ezaugarri bat zuten komunean, 70. hamarkadako musikaz nazkaturik zeuden, eta gauza alternatibo bat egiten saiatu ziren; baita lortu ere.
Familia bat zirelakoan denek Ramone abizen faltsua erabiltzen zuten. Dee Dee Ramone, taldeko baxujolea zen, arazoz betetako mutikoa. Gaztetatik drogen munduan sartu zen eta drogak erosi ahal izateko prostituitzera iritsi zen. Gogorra eta bihurria, taldeko punk alderdiaren ordezkaria. Johnny Ramone, Ramonesen gitarrajolea, mutiko gogorra eta eskuindar samarra zen. Langilea, diziplinatua eta burugogorra zen, baina arazoetan sartzea ere gogoko zuen. Tommy Ramone, bateriajolea, musika gogoko zuen, eta urte batzuk geroxeago taldea utzi zuenean, soinu teknikari gisa lan egin zuen. Askoren ustez, Tommy zen taldeko burua, lehenengo diskoak ekoiztu eta taldearen irudia eta ideia asmatu zituena. Azkenik, Joey Ramone, abeslaria, altua, baldarra eta betaurreko lodi batzuk soinean jantzirik. Musika asko maite zuen, batez ere, 50 eta 60. hamarkadetako pop, garage eta surf-a. Oso mutil xelebre eta bakartia zen, eta Ramonesen izan zuen aukera terapia ezin hobea izan zen. Taldearen pop izpirituaren ordezkaria.
Hasiera oso zaila izan zen taldearentzat. Jendeak eszenatokira horrelako piurekin eta horren gaizki jotzen zuen taldea ez zuen gustuko, eta batzuek gorroto ere bazioten. Gehiengoak ez zituen gustuko baina baziren batzuk jotzen zuten musika basati, azkar eta guztiz sinpleak liluratu zituenak.
Lehenengo diskoa “Ramones” izenpean kaleratu zuen Sire diskoetxeak eta ez zuen arrakasta handirik izan. Hala ere, jotzeko zuten gogoak zirela eta, abestiak sortzen eta diskoak kaleratzen jarraitu zuten. Jendeari ezaguna egiten hasi zitzaion, eta AEBn baino Ingalaterran arrakasta handiagoa lortu zuen, eta han sortu berri zen punk mugimenduko gazteek Forest Hillesko laukotea maite zuten. Hori zela eta, bizitza frenetiko batean murgildu ziren. 5 urtetan 7 disko kaleratu zituzten eta kontzertuak etengabeak izan ziren. Talde-barneko liskarrak ohikoak ziren, Johnny burugogorrari Dee Dee-k drogekin zuen arazoa ez zitzaion batere gustatzen, eta behin eta berriz aurpegiratzen zion. Taldea ospetsu bilakatzen zen bitartean, Johnnyk hura aprobetxatu eta onarpen masiboa lortu behar zutela zioen, baina bilatu nahi zuten arrakasta ez zen iritsi, ezta gutxiagorik ere. Hau onartu beste aukerarik ez zuten izan, eta beraz, lehendik zeramaten bideari jarraitu zioten, eta haien betiko zaleak pozik edukitzea, ibilbide duin bat egitea, ahalik eta gehien irautea eta ahalik eta diru gehien irabaztea izan ziren handik aurrera taldearen helburuak. Baina taldekideen arteko harremanak betiko mingostu zireneko liskarra beste bat izan zen. Joey abeslaria eta bere betiko neskalagun Linda Danielleren arteko harremana apurtu zen, eta handik gutxira Linda Johnnyrekin maitemindu zen. Hori gehiegi izan zen Joeyren izaera sentikor eta herabearentzat eta hortik aurrera Johnnyrekin hitz egiteari uko egin zion. Gezurra badirudi ere, egoera honetan beste 16 urtetan jarraitu zuten taldea desagertu zen arte.
Handik aurrera, taldeak zalantzaz betetako ibilbide bat jarraitu zuen eta oso gogorra izan zen denentzat. Diskoak kaleratzen jarraitu zuten arren, euren arteko liskarrek taldearen funtzionamendua okertu zuten, eta azkenean, New Yorkeko behe auzoetan jaiotako talde oldarkorraren hastapenetatik 20 urte pasa ondoren, azken kontzertua eman zuten. Handik aurrera taldekide bakoitzak bere bideari ekin zion.
Joey Ramone 2001eko apirilaren 15ean hil zen 49 urte zituela minbizi linfatikoak jota. Dee Dee Ramone 2002ko ekainaren 5ean hil zen heroina gaindosiak jota 50 urte zituela, eta Johnny Ramone 2004ko irailaren 15ean hil zen prostatako minbiziak jota.
Gotzon Hermosilla Barakaldon jaio zen 1966an. Soziologian eta zientzia politikoetan lizentziatua da, baina bere ibilbide profesionala kazetaritzaren arloan egin du gehienbat. Hamar urtez AEKren komunikazio arduraduna izan zen, eta handik Euskaldunon Egunkaria-n lan egitera igaro zen. Gaur egun, Berria egunkariaren Bizkaiako delegazioan dihardu. Road Movie kronika liburua (Alberdania, 2002) eta hainbat narrazio labur argitaratu ditu, eta euskarazko Izu Giroa punk eta hardcore fantzinearen editorea da.
No comments yet.