SEI LORE, Txema Garcia-Viana

1963.ean jaiotako donostiar honen literatura lanak oso ugariak ez izan arren, jadanik haur eta gazte literatura, nobela eta poesia arloak landuak ditu. Dagoeneko hogei urte igaro dira bere lehen kreazio idatzia argitaratu zuenetik, Ihesi poema-bilduma, hain zuzen. Hamabi urtetako isilunearen ondoren, 1998an, bere lehen nobela idatzi zuen, Triangulo hautsia, eta harrez geroztik haur eta gazteentzat Bi ipuin harrigarri eta Balantza: tximistaren alaba liburuak plazaratu ditu. Bere azken alea, duela bost urte kaleratua, Sei lore nobela da.

Arfarah, Kinnah, Duraif, Kutehari, Alkanna eta Barak loreak oso preziatuak dira; alde batetik, oso bitxiak direlako, eta, bestetik, seiak elkarrekin izanda, formula harrigarri bat lor daitekeelako. Andres Montilla ikerlariak Afganistango Ptolomeoren hilobian aurkitu zuen loreez osaturiko formula hori pertsiarrek erabili omen zuten, Darioren gidaritzapean, garai hartan garaiezinetzat jotzen zuten Alexandro Handiaren ejerzitua menderatzeko, eta halaxe gertatu zen. Aurkikuntza hori medikuntza aldetik izugarrizko ekarpena izango litzatekeela uste zuen Montillak, baina Afganistango gatazka eta Tadjikek formularekiko zuten interesa zela eta, kasik burutuezineko afera bilakatu zen lurraldetik irtetea. Horregatik, Montillak, lana erraztearren, errezeta botanikoa bere taldekideen artean banatu zuen, Louis, Steve, Pablo, Jokin, Amaia eta Montilla beraren artean. Zoritxarrez, Andres ez zen berriro etxera itzuliko.

Markos Gorriti detektibea aukeratzen du Julia Montillak, Andresen alabak, bere inguruan jazotzen ari diren gertakari misteriotsuak ikertzeko. Juliak, noski, bere zendutako aitari zegokion formularen zatia jasotzen du, baina honen heriotzari buruzko ezer argirik ez daki. Gorritik hasieratik gezur, kontraesan eta misterio gehiegi sumatzen du taldekideen eskutik, itxuraz guztiek sei loreen kontu hori guztia ahantzi nahi dute, baina itxurakeria horren atzean dirugosea ikus dezake ezbairik gabe, lehen erailketa odoltsu eta makabroak argi uzten baitu norbait sei loreen atzetik dabilela eta ezerk ez duela geldituko…

Horrela ematen zaio hasiera gehiegizko heriotzetan amaitzen den istorio honi. Tiroteoak, odola eta bereziki misterioa dira eleberri hau paregabe bilakatzen duten ezaugarriak. Gainera, Garcia-Vianak modu egoki batean uztartu ditu pertsonaien arteko harremanak, amodio eta sexua barne, protagonistaren detektibe lana eta honen bizitza, modu honetan kontakizunari bizitasun gehiago emanez. Honek guztiak irakurterraza bilakatzen du nobela, haria jarraitzeak ez baitu zailtasunik suposatzen. Azpimarratzekoa da, irakurtzen zoazen heinean ezusteko galantarik hartzen ez baduzu ere, amaiera aurretik espero ezin daitekeen horietakoa dela, primerakoa.

Txema Garcia-Vianaren nobelak detektibe istorioetako arau guztiak betetzen ditu..bat salbu: sei loreak ez dira hildakoen hilobiak apaintzeko.

Pasarteren bat irakurri nahi al duzu?

Txema Garcia-Vianaren bibliografia, kritikak etab. irakurri nahi al dituzu?

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->