Tag Archives | AmetsArzallus

Amets Arzallus: “Euskarak gure inguruan duen egoera eta kinka ikusirik, bertsoak funtzio bat duela iruditzen zait”

Azkenean lortu genuen Amets Arzallusekin elkarrizketa egitea. Apirilaren 4a zen eta kotxean gindoazen, zein baino zein urduriago. Lauretan puntuan iritsi ginen hitzartua genuen lekura, eta Amets ordurako han zen. Arnasa sakon hartu eta berarengana zuzendu ginen. Hasieran, oso urduri geunden biak, lotsa-lotsa eginda, hitz bat bera ere esateko gai ez ginela, baina laguntza apur batekin lortu genuen barnean genuen korapilo hori askatzea eta elkarrizketari hasiera ematea. Leku egoki bat aukeratu, tripodea bere tokian jarri eta kamera martxan ipini orduko, galde-erantzunen unea iritsi zen.

Amets Arzallus, elkarrizketa egunean, June eta Albarekin

Amets Arzallus, elkarrizketa egunean, June eta Albarekin

Amets Arzallus Antia,  1983an jaiotako hendaiarra, bertsolari, kazetari eta bertso irakaslea da. Gaur egun, Argia aldizkarian eta Euskadi Irratian kolaboratzen du. 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian Maialen Lujanbioren atzetik bigarren postua lortu bazuen ere, 2013an txapeldun geratu zen.

Lehenik eta behin, zorionak eman nahi dizkizugu lortutako txapelagatik eta eskerrak elkarrizketa hau burutzen laguntzeagatik. Tira, has gaitezen. Jakin badakigu zure aitak bultzatuta hasi zinela bertsotan, baita ordutik hona lorpen zein garaipen ugari izan dituzula ere. Adibidez, orain dela gutxi Euskal Herriko bertso txapelketan garaile atera zinen saio ikaragarri baten ondoren. Normalean, jendeak buruan izaten du haren lehen gola edo gurasoek oparitutako lehen txirrinda. Akordatzen al zara zenbat urterekin bota zenuen zure lehen bertsoa? Ez naiz gogoratzen zehazki nola izan zen. Oso mutikotatik, egia esan, neuk erabaki gabe bertsoaren inguru hartan egokitu nintzen, aitak bertso-eskola baitzuen. Bai arreba zaharragoak eta bai nik -baita gero arreba gaztexeagoak ere- bertso eskolarako pausu hori naturalki eman genuen. Gogoratzen naiz oso mutil koxkorretan, sei edo zazpi urte izango nituela, aitarekin astebete etxean pasa nuen, arreba eta ama preso genuen osaba bisitatzera joan zirelako. Aste hartan, afaloste batean, aita bertso zahar batzuk kantatzen aritu zen. Egoera hori nahiko arraroa zen; izan ere, etxean ez genuen apenas kantatzen eta bertso mundua etxetik kanpo bizi genuen gehiago. Hor ari zen aita bertsotan, bat-batean gelditu zenean eta nik jarraitzeko esan zidanean. Oroitzen naiz nola zen zehazki, eta hau esan zidan: “Bihar joan beharra dago ikastolara…”. Ondoren, nik jarraitzeko bezala utzi zidan eta orduan esan omen nion: “Kotxez edo motorrez, ez dakigu nola”. Txoroaldi horixe izan da gogoan daukagun lehenengo bertso ateraldia edo behintzat geratu zaiguna.

Amets txapelarekin (eitb.com)

Amets txapelarekin (eitb.com)

Txikitan, esate baterako, futbola gustatzen zaion haur batek futbolari bat du erreferentetzat edo sukaldaritza gogoko duen gazte batek sukaldari profesional bat.  Nor izan da zure kasuan erreferentetzat hartu zenuen bertsolari hura, jainko txikia? Eta zergatik hura eta ez beste bat? Mutikotan ez ziren bereziki bertsolariak nire erreferenteak, kirolekin nahikoa fantasia nuen eta han bilatzen nituen beharbada gehien miresten nituenak. Hamairu edo hamalau urterekin hasi nintzen bertsoa beste modu batera ikusten, bertsolariak gertuago sentitzen eta haiek miresten. Eta, noski, Andoni Egaña izan da gure gaztaroan bertsoaren erreferente nagusia. Aurreko belaunaldiei begira, Joxe Agirre oso maitea nuen eta, gaur egun, hurbiletik ezagutzen dudanez eta nire laguna denez, Maialen Lujanbio da niretzat erreferente garrantzitsuena bertsogintzan eta nork bere bertsoaren bilaketarako ahalegin horretan.

Eta zer sentitzen duzu orain beste bertsolari gazte batzuentzako idolo bat izan zaitezkeela pentsatzean? Kosta egiten da nork bere burua plano horretan ikustea. Zuk bizi izan duzuna kontuan hartuz, zure ahaleginak eta askotan zure ezinak eta zure miseria guztiak, zaila egiten da beste inoren begietan zure burua plasmatzea. Iparraldean, gure hizkuntza eta hizkuntzaren inguruko jarduera kultural guztiak eta, oro har, gure herria altxatzeko dagoen beharra ikusita, tira, lotsa puntu batekin, baina poza ere ematen du jakiteak gure ibiliak eta gu Iparraldeko haurren erreferente izateak egoera hori hobetzen lagun dezakeela.

Futbola ere praktikatzen duzula entzun dugu. Hala ere, bertsolaritzak eta futbolak ez dute antz handiegirik. Esate baterako, bertsoak gehienbat bakarkako lan mentalak dira eta futbolean taldean lan egiten ikasi behar da, fisikoa da… Nondik datorkizu futbolean jokatzeko gogo hori eta zer ekarpen egin dizu edo egiten dizu bizitzan kirol honek? Egia esan, nondik ez dakit, gure etxean ez amak ez aitak ez du izan bereziki futbol zaletasunik, gure Zumaiako aitona zen,soilik, nahiko futbol ikusizalea eta ni berriz oso itsua izan naiz umetatik. Ziur ez dakit, baina, beharbada, ingurutik jaso nuen futbolerako zaletasun hori; izan ere, nire ingurua futbolez josia zegoen eta ikusten duzun horixe kutsatzen zaizu. Eta eman? Tira, futbolak buruhauste batzuk ematen dizkit, eta burua ez ezik beste gauza batzuk haustea ere tarteka. Bertsogintzarako zuzenean ez du baliabiderik eskaintzen, baina futbolak balore kolektibo batzuk eta bizikidetzarako beharrezkoak diren hainbat lezio irakasten dizkizu. Niri futbolak, bereziki, geure eguneroko kezka mundutik eta bertsogintzaren barruko burbuila horretatik ateratzen laguntzen dit. Niretzat futbolera joateak, dela entrenamenduetara dela partiduetara joateak, arnasa hartze horrek, bertsotarako eta beste gauzetarako, egia esan, ematen dit bai oxigenoa eta bai indarra.

Boliviako izpiak eta hizkiak (baleike.com)

Boliviako izpiak eta hizkiak (baleike.com)

Bertsolaria izateaz gain, kazetaria ere bazara eta hainbat artikulu eta elkarrizketa idatzi dituzula ikusi dugu. Gu gehien harritu gaituen lana izan da, 2006. urtean, Txomin Txueka argazkilariaren laguntzaz, Boliviako egoerari buruz egin zenuena, batez ere, Evo Morales presidentea elkarrizketatzeko aukera aparta izan zenuelako. Nolakoa izan zen esperientzia hori? Nahiko berezia izan zen. Ni ez nintzen kazetaritza munduan asko ibilia eta aukera polit hori sortu zenean, kanpora nindoan lehengo aldia zen; beraz, horri eutsi genion. Prestakuntza lan handiak egin nituen; hala ere, urduritasun handia nuen, ez bainekien zer ekarriko nuen handik, ez eta nola joango zen elkarrizketa hura. Evo Moralesek eman zituen erantzunen balorazioetan sartu gabe, eta hark egindakoa eta egin gabekoa kontuan hartu gabe, asko harritu ninduen bere jarrerak: halako goi mailako politikarigintzan murgiltzen den pertsona batengan espero ez den hurbiltasun bat transmititu zidan. Ez zidan detaile askorik eman, zozo samarra da, baina galderak egiteko inongo konpromezurik edo exijentziarik ez zidan egin. Hitz egiteko modua ere oso goxoa du, tarteka nahikoa korapilatzen den arren. Lehen esan bezala, baina, berak erakutsi zidan hurbiltasun horrek markatu ninduen gehien.

Euskal pilota hemen sortu arren, gaur egun Euskal Herritik kanpo ere jokatzen da, Errioxan, Argentinan, Mexikon, Filipinetan, etab. Zure ustez, lortuko al du bertsolaritzak munduan zehar zabaltzea, nahiz eta bertsoak beste hizkuntza batean kantatu edo hizkuntza den muina? Gure zilborrari begira bizi garenez, askotan uste dugu bertsoa hemengoa bakarrik dela, baina denborarekin ohartzen ari gara munduan ez garela bakarrak eta pixkanaka gero eta leku gehiagotan gure antzeko fenomenoak aurkitzen ditugu. Azken urte hauetan, Bertsozale Elkartearen eta bertsogintza mugimenduaren kanporako leiho horiek gehiago zabaldu dira, harremanak landu ditugu beste herrialdeekin eta ohartu gara kultura guztietan, hizkuntza guztietan, izan dela inprobisazioaren tradizio hori, bertsozko tradizio hori, beste molde batzuetan eman bada ere. Ni adituena izan ez arren, badakit, gaur egun, munduko txoko askotan praktikatzen dela bertsolaritza, batzuetan gure antzekotasun gehiagorekin, besteetan musikaz edo bestelako erramintez lagundurik, baina argi daukat inprobisazioak hizkuntza gehienetan baduela bere habia.

Jakin badakigu Bertsozale Elkartea zinez ahalegin handia egiten ari dela garai berrietara egokitzeko, teknologia berriak hainbatetan saioetan uztartuz, etab. Zuk nola ikusten duzu hori? Zure eskuetan balego aldaketa hori, zer aldatuko zenuke, zerbait aldatuko bazenu? Ez dakit, nahiko galdera zaila da hori. Nik uste dut garai berrien begi hori zabalik eduki behar dela, datozen tendentzia berrietara, datozen modu berrietara eta aldaketetara bertsoa egokitzen saiatzeko. Nire iritziz, bertsoak gaur egun arte irautearen eta gaur egun arte pixka bat erroturik jarraitzearen arrazoia izan da Bertsozale Elkarteak eta bertsolariek begi hori zabalik eduki izana. Nire esku balego, ez dakit konkretuki zer egingo nuen. Baina bai, behintzat, begi hori zabalik eduki.

 

Amets eta Maialen (LickrCC, ukberri.com)

Amets eta Maialen (LickrCC, ukberri.com)

2013an, gure Ikastolako beste kide batzuek Maialen Lunjabiori elkarrizketa egin zioten. Maialeni eginiko galdera bat honako hau izan zen: “Makina bat elkarrizketa izango zenituen orain arte eta ziurrenik galdera posible guztiak egingo zizkizuten dagoeneko. Originalak izate aldera eta atrebentzia handia ez bada, jendeak dutxan den bitartean abesteko ohitura duela esaten da, bertsolariek bertsoak abesten al dituzue?” Bere erantzuna ezekoa izan zen, ez zuela abesten eta denbora tarte hori pentsatzeko aprobetxatzen zuela. Eta zuk zer egiten duzu? Zertarako erabiltzen dudan? Askotan presaka ordulariaren kontra ibiltzen naiz, denbora aurreratu nahian leku guztietan. Hala eta guztiz ere, bertsotan edo kantuan ez dut ikusten nire burua. Etxe barruan ez dut askotan ahotsik altxatzen, normalean, gure kanturako bideak etxeko ateak itxitakoan hasten baitira. Hala ere, gerta liteke inoiz, autoan, horrelako haize batek jotzea eta kantuan hastea, baina etxe barruan ez behintzat.

Ohikoa da bertsolaritza saioetan gai jartzaile bat egotea eta hark jarritako gaiaz aritzea. Jarri dizkizuen gai guztietatik zein izan da bertsoa osatzeko eman dizuten gairik zailena? Eta zu zeu izango bazina gai jartzailea, zein gai ipiniko zenioke zure buruari? Hau bera nahiko galdera zaila da. Gisa honetakoak dira gehienetan zailenak, gai konkretu bat ez dizut esango, baina estilo honetakoak, erantzun zehatz bat bilatu behar duzun galdera horiek izaten dira zailenak, bai bertsotarako eta bai elkarrizketarako. Lazkao Txikiren bertso batzuk badira nahiko ezagunak, eta behin, bada, izkirimiri bat edo txiste bat bertsotan kantarazi zioten. Gai horiek dira benetan zailak, batez ere, lehenengo hautaketa bat egin behar duzulako, eta gerta liteke txiste bat kontatzeko eskatzea -eta ehunka dauzkagu buruan-, baina pentsatzen hasten gara eta bat bera ere ez zaigu etortzen burura. Hori gutxi balitz, txiste hori bertsotan eman behar duzu eta graziari eutsi behar diozu. Bada, behin, nahiko antzeko gai bat jarri zidaten, uste dut Munitibarren zela eta ongi kostata ibili nintzen. Azkenean, handik edo hemendik atera nuen bilatzen ari nintzena.

Zer gai jarriko niokeen nire buruari? Ez dakit, begira, edozeri buruz kantatzeko prest nago; gustukoenak, beharbada, hunkitzen zaituztenak dira, pixka bat zure kezken mundutik hurbil harrapatzen zaituztenak.

Bertsolaritza txapelketa batean ariketa ugari izaten dira. Urrutira jo gabe, Bertsolari Txapelketa Nagusian goizeko txandan bikain aritu zinen, batez ere, kartzela laneko hiru bertso haiekin, eta entzule eta oholtzakide guztiak harri eta zur utzi gintuzun. Hala ere, zein da zuri gehien gustatzen zaizun ariketa? Txapelketa batean, orokorrean? Bakarkakoa gustatzen zait ariketa bezala, baina beti ez da nahi bezala ateratzen. Gai bati heldu eta, txapelketetan bereziki, gure burua estutzen eta zukutzen dugun bezala, hiru bertso planteatu eta, bueno, zuk barnean daramazuna ateratzeko eta zure barruko korapilo batzuk askatuz kantatzeko gogoko dut ariketa hori. Beste ariketak ere gogoko ditut. Askotan pasatzen da, pentsatzen dugunean ariketa batean ongi moldatuko garela, hamarreko txikian edo puntu erantzunean, hortxe ibiltzen garela nekezean. Eta alderantziz: gutxien gustatzen zaigun ariketa egiten, hor ateratzen dira emaitza onenak. Maiz pentsatzen duzunean hura dela zure fuertea hantxe harrapatzen zaituzte.

 

Amets gogoa bertsotan jarrita (FlickrCC, ukberri.com)

Gogoa bertsotan jarrita (FlickrCC, ukberri.com)

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian egin zizuten elkarrizketan, euskarak duen  garrantzia behin eta berriz aipatu zenuen. Bertsolaritzak nolabait euskaldun guztiak elkartzen gintuela aditzera eman zenuen, eta egia da bertso saio bat entzuten dugunean are euskaldunago sentitzen garela. Sentsazio hori nondik datorrela uste duzu? Ez dakit ziur. Hala ere, bertsoa jolas bat da, umorerako batzuetan eta disgustoetarako besteetan. Hitzen giran, askotan, gure lehengaiak, gure bukaerako ideiak edo arrazoiak, hitzen bueltatik edo hitz joku baten ertzetik sortzen dira. Batzuek irudimen bisualagoa dute beharbada; hala ere, ni gehienetan hitzetatik abiatzen naiz. Neure hitzak euskarazkoak dira, pentsatzeko baliatzen ditudan hitzak euskarak emandakoak dira eta geure bertsoetarako lurra, geure pentsatzeko lurra, bada, hizkuntzarena da. Eta nire kasuan, ama hizkuntza euskara dudanez, hizkuntza hartan sortzen da nire bertsoa eta uste dut biak banaezinak direla. Horretaz gain, gaur egun euskarak gure inguruan duen egoera eta kinka ikusirik, bertsoak horretan funtzio bat duela iruditzen zait, eta, beraz, ertz guztietatik lotuak daudela.

Bukatzeko,txapelketa honetan irabazle izendatu eta handik minutu gutxira agurra kantatzeko unea izan zen. Agur hartan, jada euskaldun guztiok ezagutzen dugun esaldi bat esan zenuen “aitarena den txapela eskaintzen diot amari, euskaraz erakutsi zidanari”. Hitz hauetan antzematen da zuretzat familiak duen garrantzia, zu bertsoen munduan murgildu eta euskara irakatsi izanagatik. Azalduko al zeniguke zure bizitzan bertsoak eta, orokorrean, euskarak duen garrantzia? Ideia hori kezka edo min batetik sortzen dela uste dut. Etxekoekiko eta hurbilekoekiko errekonozimendua dela maitasun keinua, handik natorrelako eta horixe izan delako nire sehaska. Bereziki, Iparraldean azken urteetan eta azken bi belaunaldietan, mila kakoren eraginez, zoritxarrez, euskarak oso galera handiak eta, askotan, erremediorik gabeak jasan dituelako. Horregatik, eta etxean transmititu didatenagatik eta amaren irudian kontzentraturik, baina aita ere kontuan hartuz, horri nahi izan nion zuzendu. Gehienbat, Iparraldeko egoera horri begiratu nahi izan nion, eta etxean euskara transmititzeak duen garrantzi horren kontzientzia harturik, horri bide eman nahi izan nion txapelaren eskaintzan.

Amaitzeko, dakizunez, elkarrizketa hau euskaljakintza.com webgunean argitaratuko da, blog hau euskara sarean zabaltzeko sortua izan zen. Egingo al zeniguke bertso labur bat blogerako?

Sare zabal bat geurerik gabe
enuke nahiko inola
nahiz ta sarea den makina bet
adar dituen arbola
geure kabia egin dezagun
hantxe egon dadin hola
baina ez antzi lehen sarea
geure barruan dagola

Mila esker eta zorionak berriz ere txapelagatik. Etorkizunari begira, zorterik onena opa dizugu bai bertsolaritza munduan eta mundu hartatik kanpora, noski!
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Ametsi elkarrizketa honengatik. Horretaz gain, bai berak eta bai bere oholtzakideek Euskal Herriari eta euskarari ematen dioten bultzadak bere fruituak ematea espero dugu eta hemendik urte gutxira gaur egungo egoera hau hobetzea.

 

Comments { 0 }
-->