Tag Archives | aparkatu

Zona urdinean aparkatzeko komeriak

Ama Eroskin erosketa batzuk egiten ari zen bitartean, Consumer aldizkaria hantxe zegoela ikusi eta irakurtzeari ekin nion. Kontsumoarekin zerikusia zuten gai ezberdinak ukitzen ziren bertan eta niri, batik bat, zona urdinen inguruko artikulu bat egin zitzaidan deigarria. Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta interesgarriagoa iruditu zitzaidan; beraz, horri buruz idaztea interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen.

Ezberdintasun ugari dago hirietan zona urdinari dagokiolarik; hiri batzuetan, adibidez, beste batzuetan baino hiru aldiz garestiagoa da. Aparkatzeko tokia aurkitzeko behar den denborari dagokionez, hiri batzuetan, batez beste, bi minutu behar diren bitartean, beste batzuetan 25 minutu baino gehiago behar izaten dira. Bestalde, prezioari erreparatzen badiogu, Bartzelona dugu, dudarik gabe, garestiena: 2,3 euro orduko. Merkeena, aldiz, Murtzia: 0,5 euro orduko. Aparkatzeko behar den denbora kontuan hartuz gero, denbora gehien Granadan beharko dugu lekua topatzeko, batez beste, 26 minutu; denbora gutxien, aldiz, Sevillan (2 minutu baino ez). Hemen azaltzen diren emaitzak Espainiako 18 hirigunetan (Alacant, Bartzelona, Bilbo, Kordoba, A Coruña, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Logroño, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza) burutu den ikerketa bati esker eskuratu dira.

ParkimetroaAurreko hariari jarraituz, behin autoa aparkatuta dugula, ordaintzeko unea iristen da. Ordainketa parkimetro izeneko aparatuen bidez egiten da. Gailu hauek ere aztertu dira, euren txukuntasun eta funtzionamendu alderditik eta gehienek gainditu dute. Dena den, Granada, Logroño, Malaga eta Sevillako aparatuek ez dute gainditu, batzuek zikintasunagatik eta, beste batzuek, funtzionamenduagatik. Beraz, parkimetroen, batez bestekoa, egokia izan da alor guztietan.

Artikuluaren bidez, beste kolore batzuetako zonak daudela jakin nuen: berdea, laranja eta gorria. Nahiz eta hirigune guztiek ez duten bereizketa hau, horri buruz hitz egingo dizuet.

Zona berdea: tokiko kideentzat, hau da, bertan etxebizitza dutenentzat. Denbora gehiagoz izan dezakezu zure autoa aparkatuta zona hauetan eta diru gutxiago ordaindu. Bartzelonan, Bilbon, A Coruñan, Granadan, Iruñean, Oviedon eta Sevillan dago zona mota hau. Alacantek ere badauka, baina bere tarifak goizean eta arratsaldean ezberdinak dira.

Zona laranja: Sevillan, Iruñean eta Zaragozan aurki ditzakegu; erabilera, ordea, hiruretan ezberdina da. Zaragozan, bertako bizilagunei aparkatzea erosoago egiteko; Iruñean, bizilagunentzat eta baita gertuko dendarientzat ere (44 euro urteko). Azkenik, Sevillan, nahi duzun denbora guztian utz dezakezu kotxea eta prezioak murritzagoak dira.

Zona gorriak: denbora oso laburreko zonak dira eta, ordaintzeko orduan, parkimetro berezi batzuetan egin beharko da.

GarabiaAutoan ipinitako txartelak jartzen duen denbora gainditzen baduzu, isuna izateko aukera ugari duzu. Dena den, hirien baitan aukera hori ugaritu edo murriztu egiten da.  Alacanten, Iruñean eta Gasteizen, esate baterako, denbora gaindituta zuten hamar autotatik bederatzik ez zuten isunik jaso. Valentzian eta Granadan, ordea, egoera berberean hamarretik lauk isuna jaso zuten. Azpimarratzeko da, halaber, hainbat kasutan garabiaren beharra izaten dela auto batek txartelik ez duelako edota denbora gainditu duelako. Horrelakoetan, autoa bueltan jaso ahal izateko, batez beste 99 euro ordaindu behar izaten dira.

Ondorioz, ahal dugun heinean, ez dugu denbora hori gainditu behar. Aitzitik, autoa utzi baino lehen, kalkulu batzuk egin eta behar den dirua ordaindu beahrko genuke denbora soberan izateko.

Aurreko guztia kontuan izanda, garbi dago hiri batzuk beste batzuk baino askoz ere garestigoak gerta dakizkigukeela. Nire ustez, dena den, hori ez da oso egokia; izan ere, hiriburu guztietan berdin ordaindu beharko litzatekeela iruditzen baitzait.

Comments { 0 }
-->