Udan bagaude ere, urtero negua iristean areagotzen den arazo batez arituko naiz: energiaren kontsumoa. Gaur egun, erregai nahiz elektrizitate ugari dugu eta zaila egiten zaigu horiek gabeko bizimodua irudikatzea. Dena den, jakin beharra daukagu energia iturri hauek ez direla beti garbi-garbiak.
Herrialde garatu edo industrializatuetan, planeta osoko energiaren %70 kontsumitzen da. Gauzak horrela, autoek, etxebizitzek, industriek… denek petrolioa, ikatza edo gas naturala behar-beharrezkoa dute. Bestelako erregaiak ere badaude, baina Europan kontsumitzen den %85 lehen aipatu ditugun energietatik etortzen da. Beraz, laster agortu egingo dira eta beste irtenbide batzuk aurkitu beharrean egongo gara.
Gure planetan arazo ugari dago eta, ezin ukatu, horietako baten eragile nagusia energia dugula: hondakin erradioaktiboak, berotegi-efektua, petrolio-isurketak, euri-azidoa… Dena dela, esan dugun bezala, badaude beste energia iturri batzuk: eguzkia, haizea, itsasaldiak… Garatu gabe daude oraindik, baina gauzak ondo egiten badira, etorkizunerako prest egongo dira, eta oraingo energia iturriek sortzen dituzten ondorio larrienak saihesten lagunduko dute. Horietako bi aipatuko ditugu jarraian:
EURI-AZIDOA
Industriek atmosferara sufre eta nitrogenoa botatzen dituzte eta, ur-lurrinarekin nahiz oxigenoarekin nahasten direnean, azido batzuk sortzen dira. Haizearen eraginez, azido horiek hainbatetan urrutira bidaiatzen dute eta, ondoren, ur tantekin batera lurrera erortzen dira. Ez dago esan beharrik, noski, honekin guztiarekin ibaiak eta urtegiak kutsatzen direla, urrutira jo gabe, Euskal Herrian gertatzen ari den bezala (%30 baino gehiago euri azidoak dira).
BEROTEGI-EFEKTUA
Berotegi-efektua CO2 gasak gure planetan eragiten duen arazoari deritzogu. Gas hau beste gas batzuekin nahasten da, proportzio txikiagoan, eta kristalaren antzera jokatzen du: eguzkia sartzen uzten du, baina, ateratzerakoan, eragozpenak sortzen ditu. Gasak planetako tenperaturak gora egitea eragiten du eta glaziarretako poloak urtzea, besteak beste. Urtze horrek itsasoaren maila pare bat metro inguru igoko du eta, ondorioz, uharte asko ur azpian uzteaz gain, itsasertzak atzera botako ditu.
Jarraian berotegi-efektuaren ondorio nagusienetako bat ikus dezakezue: izozmendi plaken urtze prozesua.
Iruzkin berriak