Tag Archives | arretxe

Fatum, Jon Arretxe

Jon Arretxe by eitb.comEgia esan, ez dakit zerk bultzatu ninduen liburu hau irakurtzera. Liburu bat aukeratu behar nuenez, ikastolako liburutegira joan eta apaletan begiratzen hasi nintzen. Azkenean, hiru bat liburu nituen eskuetan. Eta ez dakit, bada, liburuaren atzeko azalpenak edo liburuaren azaleko instrumentuak eta tren errailek bultzatu ninduten irakurtzera, baina kontua da azkenean Jon Arretxeren Fatumnobela geratu zela nire eskuetan.

Jon Arretxe 1963an, Basaurin(Bizkaia), jaio zen, baina 15 urtez Gasteizen bizi izan zen. 2004tik aurrera, aldiz, Arbizun, Nafarroan. Ikasketei dagokienez, piano ikasketak, Euskal Filologiako doktoradutza eta Heziketa Fisikoko lizentziaturak ditu. Urte askotan irakasle lanetan aritu da; dena den, 1998tik aurrera, idaztea, hitzaldiak ematea eta Bilboko Opera Koruan kantatzea ditu ogibide. Munduan zehar bidaiatzea izugarri atsegin du; horrela, bidaia-literaturaren eragina jasoz.

Jon Arretxe euskal idazle emankor eta estimatuenetakoa da. Nagusiki bi genero landu ditu: bidaia-liburuak edo haietan oinarriturikoak (Tubabu , Urrezko triangelua , Ekialdeko mamuak …) eta umorea oinarri duten lanak (Ostiralak,Larunbatak …). Gainera, nobela beltzari (Morto vivace , Fatum …) ekin dio azkenaldian. Hauetaz at, beldurrezko liburuetan (Sustrai beltzak …), gazte literaturan (Harresi Handirantz …) eta dialektologian ( Basauriko euskara ) ibilia da. Bere obrak pixkanaka gaztelaniara itzultzen ari dira (Hacia la Gran Muralla , Shahmarán …)

Fatum, nobela beltza (Elkar, 2008)

Hasteko, liburuaren atzeko azalean irakur daitekeena ekarri nahiko nuke hona:

Lisboako bazter ilunenak garbitzen ari da norbait: kalean dabiltzan prostituta zaharrak, jonkiak, eskale eta arloteak hilik agertzen hasi dira; horietako bat zen Mariza, eta hiltzailearen bila ekingo dio haren adiskide Mario Barbosak.

Polizia ohi eta fado-kantaria, cachaça-edale eta bihozbera, Mario Barbosa da istorio honetako pertsonaia berezi eta ahaztezinetako bat. Bestea, berriz, Lisboako hiria bera, bertako aldapa eta tranbiak, kale estu eta begiratokiak, maitemintzeko nahiz hiltzeko aproposak izan litezkeen txoko ezkutuak…

Fatum liburua elkarrekin lotura duten lau kapitulutan banaturik dago. Kapitulu horien gertakizunak kronologikoki lotuta daude. Istorioa Portugaleko hiriburuan kokatzen da, Lisboan, eta esan beharra dago bertako alde zaharrak protagonismo handia hartzen duela. Jon Arretxek estima handia dio hiri honi. Askotan egona da bertan, bai hiriaz gozatzen, bai idazten (liburuaren zati handi bat bertan idatzi zuen). Liburu honetako pertsonaia gehienak eratzeko ideiak han hartu zituen, hiriko auzo zaharretako fado-etxeetan afalduz, 28. tranbian mila bidaia eginez… Liburuan kontatze modu asko ageri dira (barne bakarrizketak, elkarrizketak, deskripzioak…) eta narratzailea kanpoan kokatzen da.

Fado hitza latinezko fatum-etik datorkigu. Patua da, eta nobelako protagonistak argi du patuaren kontra ezin dela ezer egin.

Liburu honetan pertsonaia asko badaude ere, bi dira nagusi: Mario Barbosa eta Lisboa bera. Egun batean, Marioren bere azken amodioari, Mariza prostitutari, lepoa moztuko diote eta hor hasiko da istorioa. Lisboako prostituzio eta droga-trafiko gune nagusian, Largo do Intendenten, hil dute. Bitartean, bere laguna den Belmonte lanean dabil zezen plazan. Mariok ezin ditu besoak gurutzatu, zer jazo den jakin nahi du. Horretarako edo beste zerbaiterako, Marizaren lankidea den Ileanarengana jotzen du, eta berak aitortzen dio azken boladan jende ugari desagertzen ari dela. Informazio askorik gabe jarraitzen du, eta hil zuten lekura ere jotzen du, baina ez du askorik lortzen.

Mariok beti 28. tranbia hartuko du eta beti gidari emakume bera izango da. Elkarri asko begiratuko diote eta, azkenean, lapurreta bat medio, hitz egiteko parada izango dute aurrerago. Larunbat gau batean, Belmonterekin topatzen da, informazio asko du honek Mariorentzat, informazio sinestezina. Badaki nor edo zein dagoen desagerpenen atzean: polizia bera.

Zeregina jonki gizajo edo gaizkile txikiren bati agindu eta nola edo hala konpentsatze omen diote zerbitzua poliziek, droga apur bat emanez, trapitxeoan ez ikusiarena eginez, delituak barkatuz eta horrela. Gero azalpen ofiziala zera izaten da: trafikatzaileen arteko mendekuak…

Horrela, kaleak garbituz. Halere, ekimena ez da poliziarena. Polizia lan zikinaz arduratzen da, baina aginduak goitik datoz. Hugo Silva arduradun nagusietako bat da. Hau bakarrik ez, Mariza hil duenaren informazioa ere badauka, jonki angolar batek hil duela entzun zuen, Largo dos Santos Domingos-etik ibiltzen zena.

Mariori plan bat bururatzen zaio eta Hugo Silvarekin elkartu nahian dabil. Pentsatu eta egin. Elkartzean, borroka gogor batean murgildurik, Hugok jendea hiltzen ari direla onartzen du, baina ez Mariza.

-Nork hil zuen orduan? Eta zergatik?
-Ideiarik ez. Horrelako hilketak askotan gertatzen dira, batez ere, Intendenten eta…

Biak gogor zaurituak ateratzen dira bertatik. Bitartean, Belmonte askotan bezala prostituta batekin jolasean dabilela, bat-batean gizon bat azaldu eta biak akabatzen ditu.

Mariok bere planei jarraituz, Largo dos Santos Domingos-era jotzen du angolarraren bila. Baita topatu ere! Azkenean, Mariza hiltzearen zergatia azaltzen dio jonkiak. Bi aldiz pentsatu gabe, Mariok jonkia petrilaren gainetik behera botatzen du. “Zekena izateagatik -bota zuen, arduragabe-. Ez zidalako zigarro bat eman nahi izan.”

Hurrengo egunetan, bere lanari jarraituz, fadoak abesten jarraitzen du, eta, gainera, autobuseko gidaria bisitan joaten zaio. Hala eta guztiz ere, bat-batean, Hugo ere abesten ikusten du, baina hau ez da afaltzera etorri. Abesten bukatutakoan…“Isildu eta, burumakur, bere patuaren zain geratu zen.”

Pertsonaia batzuk:

  • Mario Barbosa polizia lanetan ibilia da bertatik botatzen duten arte. Ordutik aurrera, gauetan, fadoak kantatzen ditu Alfamako jatetxe txiki batean, diru gutxiren truke. Mouraria auzoko pisu hondatu batean biziko da eta bere alboan izango du beti cachaça botila. Izaerari dagokionez, sentibera dugu eta hiria eta emakumezkoak idealizatuta ditu. Patuaren menpe bizi da, eta bizitzak ez dio askotan irribarre egin.
  • Mariza brasildar mulatoa prostituta da. Mario Barbosarekin oso harreman berezia du.
  • Hugo Silva eta Paula poliziak dira, bere lankide ohiak. Hugo eta Mario ez dira batere ongi moldatzen elkarrekin.
  • Jonki angolarra, Marizaren hiltzailea. Burua zapi batez estalita eta erratz baten makila eskuan eramaten du.
  • Belmonte Marioren laguna da eta, garai batean, zezen eta zaldien larrupean “garraiatzen” zituzten. Egun, torero managerra da. Kristalezko begia duen gizon hau ere prostitutekin ibiltzen da.
  • Ileana Marizaren lankidea da. Mariza hil eta gero, berarekin egoten da Mario. Bukaeran, lana uzteko esango dio.

Eleberri honetan ikusi dugu, Lisboako hirian, jende eta leku aberatsak… egon badaudela, baina txoko ilun ugari ere badela, oso atseginak ez direnak. Liburuaren hizkuntzari dagokionez, liburu hau euskara maila errazean idatzia dago, oso erraz irakurtzen den horietakoa da. Hala ere, badaude portugesez hitz batzuk hainbatetan irakurketa zailtzen dutenak.

Liburuari buruzko hausnarketa egiten jarrita, gehien azpimarratuko nukeen ezaugarria da ez zaidala batere kostatu irakutzea. Gainera, gustukoa izan dut. Hasieran, ez nekien, nobela beltza izanik, erakarriko ninduela; liburua irakurtzen ari nintzen heinean, ordea, iritzia aldatu dut. Hala eta guztiz ere, nahiago izango nukeen, protagonistak hiltzailea nor den berak bere kasa ikertu izan balu, bere lagunak esan ordez. Zalantzarik gabe, nobela beltzak gustatzen zaizkionari gomendatuko nioke. Komeni da esatea, nobela hau gustukoa izanez gero, Jon Arretxeren beste nobela beltz batzuekin jarrai dezakeela irakurleak. Horretaz gain, esan beharra dago idazleak hiri batzuk begiz jota dituela: Praga, Istanbul, Afrikako edo Ekialde Urruneko hiriren bat, Casablanca, Bamako, Varanasin…

Jon Arretxeren denbora-lerroa

Bibliografia

Comments { 0 }
-->