Orain dela pare bat urte, lagun batek aipatu zidan Guillermo Vargasi buruzko artikulu bat irakurri zuela interneten nabigatzen zebilen bitartean. Zur eta lur geratu zen. Hau esan bezain laster, etxera joandakoan, artikulu txundigarri haren bila hasi nintzen, eta baita aurkitu ere! Artikulu hark Guillermo Vargasek, “Habacuc” ezizenez ezagutzen den artistak, Bienal Centroamericana de Arte izeneko erakustokian egiten saiatu zen artelan bati buruz hitz egiten zuen, “Eres lo que lees” izeneko artelanari buruz hain zuzen. Habacucek zioenez, kalean utzitako animaliak jasaten duten gosea azaltzea zen artelan horren helburua. Horretarako, Habacucek gau batean, bi umeren laguntzaz, kaletik txakur gaixo bat hartu eta goseak eta egarriak hil arte utzi zuen, astebetez, soka batez lotuta. Hori jende aurrean erakusteko intentzioarekin, artelan gisa.
Nire iritziz, lotsagarria da gaur egungo artea horrekin lotzea, animalien eskubideen aurka baitoaz mota horretako artelanak. Argi dago albiste honen inguruan ezinezkoa dela aldeko argudiorik ematea, baina aurkako argudio gisa esan dezakedana ondorengoa da: artista horrek ez zuen inolako eskubiderik astakeria hori egiteko babesik gabeko ugaztun bati. Gaur egun, hainbatetan -nahi baino gehiagotan, dena esan beharra dago- entzuten dugu animaliak izugarrizko tratu txarrak jasotzen dituztela, bai bere jabeengandik eta baita kaleko jendearengandik ere. Zerbait egin behar da tratu txar horiekin bukatu ahal izateko.
Honetaz aparte ere, gustatuko litzaidake jakitea erakustoki hartako ikusleak beraien muturren aurrean zakur bat erdi hilik ikustean nola erreakzionatu zuten; izan ere, horrela jarraitzen badugu, gaur egungo arteak etikaren mugak hautsiko baititu.
2006ko abuztuan Bienal Centroamericana de arte izeneko erakustokian ipinitako artelan hori dela eta, nik museo, galeria eta mota guztietako erakustokietako zuzendariei zera proposatu nahi diet: euren erakustokira joan nahi duten artista guztiei beraien eskulturak egiteko garaian muga batzuk ipintzea, ez baitago bizidun bat hainbesteko sufrimendua merezi duenik, ezta txakurra izanda ere. Baina proposamen hau onartuta ere, Guillermo Vargas bezalako artista batek ez zien kasurik egingo mugei; izan ere, behin erakusketara camisETA lema zuen niki bat jantzita agertu baitzen. Niri artista honek ekintza hauekin atentzioa deitzea gustatzen zaiola erakusten dit.
Iruzkin berriak