Tag Archives | aurkezpena

Euskaljakintza6kook hementxe gaude, lanerako prest!

Oraingo honetan, euskaljakintza6ko kideak izango gaituzue gertu, gune honen kontrolpean. Bene-benetan eskerrak eman nahi dizkizuegu, urtez urte, ahalegin eta lan handiz webgunea aurrera atera duzuen guztiei, eta, oroz gain, Maiteri; izan ere, bere ekarpenak -eta bere etengabeko lana gune honek bere bidean aurrera egin dezan- izango ez bagenitu, web honen etorkizuna pikea baino beltzagoa izango bailitzateke!

Argi dago aurreko belaunaldiek burututako guztiak eragin ikaragarria izan duela gaur egungo ikasle askoren euskararen erabileran. Aurten guri dagokigu horren guztiaren ardura, baina aitortu nahi dugu oso lagungarria gertatu zitzaigula, bere garaian, EGAko azterketa prestatzeko hemen topatu genuen guztia (berridazketak, aditzak, irakurmenak…). Guk sortuko ditugunak ere zuentzat baliagarri eta mesedegarri izango direlakoan gaude; hortaz, gure onena ematen saiatuko gara.

Gure txoko honetan, euskarari eta haren lanketari buruzko eduki mordo bat topatuko duzue. Ez hori bakarrik, hemendik aurrera argitaratuko ditugun artikulu eta elkarrizketak ahalik eta interesgarrien egiten ahaleginduko gara. Hori da, behintzat, gure asmoa. Lanean jarraitu nahi dugu, euskararen presentzia sarean zabalduz eta guk sortutako guztia zuekin partekatuz; horregatik, zuek ere ongi etorriak zarete gure txoko honetara. Sartu deitu gabe!

Comments { 2 }

EGA: Ahozko Probaren simulazio bideoa

Duela urtebete inguru EGAko ahozko azterketaren bideo baten berri izan nuen. EGAko azterketaren atal hau zertan datzan azaltzeaz gain, bideo hartan hainbat bikote ikus zitekeen ahozko azterketa egiten. Material ezin hobea iruditu zitzaidan ikasleei erakusteko; izan ere, oso urduri joaten baitira proba hau egitera, eta azterketa pausoz pauso ikustea oso lagungarria -eta lasaigarria, agian- izan zitekeela iruditu zitzaidan.

Horrela, EGAko arduradun batekin harremanetan ipini eta baimena eskatu nion bideoa plazaratzeko, zehazki euskaljakintzan EGA prestatzeko dugun txokoan eskegiteko. Zoriotxarrez, hainbat arrazoi tarteko, baimena ukatu zidaten. Dena den, ikasleei begira izugarrizko dokumentu grafikoa iruditu zitzaidanez, egunen batean guk geuk antzeko zerbait grabatuko genuela pentsatu nuen. Aurreko asteburuan, tramankulu guztiak prestatu eta grabazioari ekin genion.

Komeni da hainbat puntu argitzea. Alde batetik, bideo hartan ikusi genuena islatzen saiatu gara, baina ni ez naiz inoiz egon azterketa barruan. Bestetik, ariketa ezberdinen iraupena errespetatu nahi izan dugu, nahiz eta gerta litekeen esku-hartzeren batean osorik ez betetzea. Bideoarekin batera, grabaziorako prestatutako azalpena ere hementxe uzten dizuegu, azterketaren dinamika argitze aldera.

Ez dago esan beharrik, jatorrizko grabazioaren aldean, geurea oso apala dela, medio eta ezagutza mugatu baina borondate onenarekin egindakoa.

Amaitzeko, bihotzez eskertu nahi dut anaia Txerra, euskaljakintza 5eko Laura Zabala eta Irune Agirre eta gure ikasle ohi Ainhoa Mujikaren laguntza (azken biak azterketarien lan gozakaitzean). 😉

EGA Ahozko Probaren azalpena eta azterketaren simulazioa

Comments { 7 }
-->