Tag Archives | azterketak

Azken aholkuak (orain bai, benetan)

1. Irakurri testua bizpahiru aldiz. Ez hasi ezer erantzuten testua bi aldiz irakurri arte.

2. Galde-erantzunak:

  • Galdegaia kontuan izan.
  • Ez idatzi zentzurik ez duen ezer.
  • Irakurri erantzuna galdera aurrean izango ez bazenute bezala, eta ziurtatu erantzunak zentzu osoa duela (subjektua, osagarriak eta aditza).
  • Erantzun diozue galderari?
  • Ahal den neurrian, saiatu erantzuna bi zatitan ematen (erantzuna bera eta azalpen txiki bat).

3. Gaia:

  • Gaiaren bidez, egilea zertaz mintzatzen den adierazi behar da, ahalik eta hitz gutxien erabiliz.
  • Ez dadila izan ez orokorregia ezta zehatzegia ere.
  • Ahal dela aditzarik ez erabili (gehienera jota, aditz nominalizatuak: etortzea, sortzea…)
  • Irudiak, sinboloak edo metaforak ez ditugu gaitzat hartuko; izan ere, norbaiti testua horri buruzkoa dela esango bagenio, ez luke testuaren nondik norakoaren arrastorik ere izango.

4. Laburpena:

Laburpena idazten hasi aurretik, paragrafo bakoitzaren aldamenean ideia nagusia jarri. Ideia nagusi horien bildumak emango dizue laburpen egokiena. Lokailuak erabili ideia nagusi horiek euren artean uztartzeko (ez idatzi esaldi solteak bata bestearen atzetik, inongo loturarik gabe).

5. Esaldiak moldatu:

Ondo pentsatu lotu beharreko esaldi horien artean zer-nolako erlazioa dagoen (aurkaritzakoa, ondoriozkoa, kausazkoa…) eta horren baitan erabaki zein lokailu erabili. Kontuz! Ohikoena lokailuak azaltzea bada ere, juntagailuak edo menperagailuak ere atera daitezke (ikus Perpaus elkartu motak). Puntuazioa zaindu (puntu eta koma, koma…)

Ariketak egin nahi badituzu, egin klik hemen.

6. Idazlana:

Egizu gidoi bat idazten hasi aurretik. Egitura erabakitzean, pentsatu gidoian zerrendatutako ideiak zenbat paragrafotan garatuko dituzun. Paragrafo gehiago edo gutxiago erabiliz antolatuko duzu testua, baina, ahalegindu zaitez, paragrafo bakoitzean elkarrekin lotura daukaten ideiak biltzen. Izan ere, ondo antolatzen ez baduzu, ideia bat paragrafo bitan banatuta gera dakizuke, edota paragrafo berean lotura gutxidun ideiak bilduta gera dakizkizuke. Kontuan har ezazu, gidoitik aukeratutako ideiak elkarrekin ondo lotzen badituzu, irakurleari informazioa ordenatu egingo diozula, eta irakurtzean hariari errazago jarraitu ahal izango diola. Horretarako, ideiak antolatzeko, elkarrekin lotzeko eta hariari ondo eusteko, pentsatu zer lotura eta zer antolatzaile (1 eta 2) erabiliko dituzun.

Informazio gehiago nahi baduzue, joan gure wikira.

Hori dena errepasatu eta gero, pilatutako tentsio guztia pixka bat deskargatzeko, bideo hau ikus dezakezua (zuei gustatzen zaizkizuen horietako bat). 🙂

Comments { 0 }

Hautaprobetako euskarako azterketarako aholkuak

hautaproba2Dakizuen bezala, Hautaprobak unibertsitatean sartzeko bidea ematen duten gaitasun-probak dira, eta horiek gainditzea derrigorrezkoa da ikasketak unibertsitate publikoan hasi nahi duten bertako zein kanpoko ikasleentzat.

Aurtengo Hautaprobak izkinaren bueltan dira. Hainbeste kezka, buruhauste, urduritasun, larrialdi eta estura sorrarazten dizkiguten azterketak hementxe dira, ekainaren 10ean hasi eta 12ra bitartean. Euskarako proba, dakizuen bezala, azken egunean izango da, ostiralean.

Azken urteetan, euskarako azterketa ahalik eta ongien egin dezazuen, hainbat aholku eta iradokizun argitaratu dugu. Hementxe dituzue, errepaso modura, horiek guztiak bilduta:

  1. Azterketaren egitura eta ezaugarriak
  2. Argudio testua idazteko aholkuak
  3. Zenbait gomendio euskarazko azterketako idazlana hobeto egiteko
  4. Puntuazioa
  5. Idazlanaren autoebaluazioa
  6. Galde-erantzunen autoebaluazioa eta kontuan izan beharrekoak
  7. Gaia eta laburpena
  8. Azken aholkuak

Hautaproben inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, jo ezazue ondorengo gunera: euskaljakintza hautaproba. Bertan, atalez ataleko prestaketa, egindako ereduak eta bestelako laguntza topatu ahal izango duzue.

Zorte on! 😉

Comments { 1 }

“Pixka bat es mucho” bene-benetan?

Ega 07-08 azterketakGaur goizean zur eta lur geratu naiz Administraziotik dei bat jasotzean. EGAko 2008ko azterketak saretik kentzeko eskatu didate, hori bai, egindako lana eta materialen baliagarritasuna aitortu ondoren. Liburu argitaratu berriak “bere ibilbidea egin arte” ezin izango dut denon eskura ipini, hau da, hemendik urte bat edo bi igaro arte nire ordenagailuan gorde beharko dut egindako lana, eta EGAko azterketariek ezingo dute eredu berria ezagutu liburua erosi ezean.

Oihartzun handia izan du egunotan ariketak sareratzearen kontua (1, 2, 3…); agi denez, bati baino gehiagori ondo letorkioke materiala klik batera izatea. Beraz, baliabide horiek erabiltzeko asmoa zenutenoi adierazi nahi dizuet, jasotako eskaera eta argudioekin bat ez etorri arren, onartzea baino ez zaidala geratzen eta oraintxe bertan saretik kenduko ditudala, Administrazioak atzera sareratzea begi onez ikusi arte. Dena den, hausnarketarako hainbat puntu utzi nahi dut:

  • Administrazioarekin bat egiten dugu gure hizkuntza lau haizeetara zabaltzeko asmoan. Agian, ameslari hutsak izateagatik, guk ez ditugu zailtasunak ikusten partekatzen dugun xedea lortze aldera.
  • Egindako lana eta materialen baliagarritasuna aitortuta, ez al luke Administrazioak berak material hori denon eskura doan ipini behar?
  • Hainbeste ordu, lan, giza eta ekonomia baliabide gure herrian euskara eta teknologia berriak  sustatzeko, eta trabak ipini behar al dizkiogu bi horiek uztartzen dituen egitasmo eskuzabal bati?

Amaitzeko,  garrantzitsuena baliabide hauek denon eskura egotea iruditzen zaigunez, egindako lan guztia Adminsitrazioaren esku ipini nahi dugu. “Pixka bat es mucho“, guk gehiago nahi dugu.

Comments { 32 }
-->