Tag Archives | brouard

Edurne Brouard: “Korrika gehiagorik ez egitea gustatuko litzaidake, beharragatik behintzat”

Irene eta Uxue Edurne Brouardekin

Irene eta Uxue Edurne Brouardekin

Guztiz zirraragarria da goizean goiz autobusa hartu eta Bilborantz abiatzea. 17 urterekin hiri handiaren bihotzean elkarrizketatzaile lanetan ibiltzea ez da ohikoena, are gutxiago elkarrizketa 1980. urtetik hona euskararen alde indarrean dabilen mugimendu kultural bati buruzkoa denean.

Korrika txiki-txikitatik bizi izan dugun arren, galderak prestatzerako orduan, informazio berri eta interesgarri ugarirekin egin dugu topo. Horrek hainbat bizipen gogora ekartzeaz gain, inoiz entzun eta ikusi gabeko ekintza ugari egin direla jabetzera eraman gaitu. Izan ere, 33 urte luzeetan hainbat eta hainbat xelebrekeria eta berrikuntzek bilakatu dute Korrika gaur den fenomeno kultural indartsua. Horiek horrela, kanpoko parte hartzaile izatetik, Korrikaren sustraietaraino iritsi nahi izan dugu Edurne Brouard, Korrikako arduradun nagusia, elkarrizketatuz.

Egun on, Edurne! Lehenik eta behin, eskerrak eman, benetan estimatzekoa baita tarte hau guri eskaintzea. Korrika txikitandik bizi izan dugun euskararen aldeko mugimendu bat da, baina lan honekin Korrikaren inguruko lehen ez genekizkien gauza asko daudela jabetu gara.  33 urte luze hauetan egin diren ekintza askok benetan interesa piztu dute gugan eta honen inguruan jakingura eman digu. Baina zer da Korrika? Badakigu lehenengoa 1980ko azaroaren 29an abiatu zela Oñatitik.  AEK sortu berria zen eta honen kanpainaren aldekoek biltzar bat egin zuten ekintza berri bat sortzeko. Erreferente gisa Kilometroak zeuden baina kasu honetan, jendea ekintzara joan beharrean, ekintza izango zen jendearengana hurbilduko litzatekeena… Gaur egungo Korrikak lehenengoaren helburu bera du, hau da, euskara zabaltzea, edo urte hauetan aldarrikapen berri batzuk batu zaizkio? Ez, Korrikak helburuekiko ez du izaera aldatu. Zuek kontatu duzuen moduan, AEK sortu berria zen, edo estrukturazio egoera batean zegoen behintzat. Momentu horretan AEK-k biziraupenerako diru asko behar zuen denbora oso gutxian, eta hori helburu nagusi izanik egin ziren hainbeste eta  hainbeste batzar eta bilera. Egia da, ordurako jada, Kilometroak martxan zeudela eta hatzanean formula hau hobetsi egin zela beste helburu bat ezartzen ziolako, hain zuzen ere, helburu erreibindikatiboa. Orduan, askoz egokiagoa ikusi zen gauza biak bat zitzakeen ekimen bat martxan jartzea eta ez bakarrik dirua aterako zuena. Hala ere, penaz eta tamalez esan behar dugu, hogeitahamapiko urte pasata eta 2013an gaudelarik, jada XXI. mendean guztiz sartuta, Korrikak, nola ez, bere izaera erreibindikatiboa mantentzen duela, baina gaur egun, oraindik ere, AEK-k Korrika behar duela bizirauteko.

Korrikaren ezaugarri nagusienetako bat lekukoa dela esan zenuen elkarrizketa batean, Euskarak bere helmugara iristeko denon beharra duela eta hori dela lekukoak aldarrikatu nahi duena. Baina zein da lekuko honen historia? Korrika bakoitzero berdina da erabiltzen dena edo edizio bakoitzean aldatzen da? Lekukoa bera Korrikaren ideiarekin batera sortu zen. Nola egin zitekeen halako ibilbide erraldoi bat? Kilometro bakoitzeko eskuz esku pasatzen doana lekuko bat izan zitekeela pentsatu zen. Sinbologia handia zegoen, zuk esan duzun bidetik, esku denak sinbolizatu nahi ditu helmugara iristeko eskuz esku pasa behar delako, eta, nola ez oinak, beharrezkoak direlako helmugara iristeko. Gainera, laguntzaile talde handi bat zegoen honetan. Remigio Mendiburu berak egin zuen lekukoa; beraz, artelan bat da lekukoa izateaz gain. Honi lekuko huts bat egitea otu zitzaion, mezua hustasun horretan sartu ahal izateko. Horrek are sinbologia handiagoa ematen zion, mezua heltzeko esku eta oin horiek guztiak  behar zirelako.

2

Edurne eta Uxue elkarrizketan zehar

Korrika hasi zenetik bederatzi ediziotan zehar Remigio Mendibururen  lekukoarekin burutu zen ibilbidea. Bederatzigarrenean jada oso deterioratuta zegoela konturatu ginen. Beraz, erreplika bat egitea erabaki genuen. Juan Gorriti eskultoreak egin zigun hau. Originala, Remigio Mendibururena zena, donazio baten bidez Euskal Herrian ikusgai ipintzea bururatu zitzaigun, eta zein leku hobea horretarako San Telmo museoa baino? Orain bertan dago originala, hau da, lehenenengo 9 edizioak omendu zituena. Baina, bueno, bigarren honek gainditu ditu haiek, ala? Oraindik ere bigarren lekuko honekin jarraitzen dugu; izan ere, gaur egun teknika gehiago ezagutzen ditugu, eta horri esker hobe kontserba daiteke lekukoa, argizaria emanez, etab.

Lekukoaz ari garela, 2001ean buruturiko Korrikan, ibilbide arrunta egiteaz gain, ibilbide birtual bat ere izan zen, ziberlekukoaz lagundurik. Nola otu zitzaizuen ideia hori? Edizio hartako bitxikeria soil bat izan zen ala martxan jarraitzen du oraindik? Ziberlekukoak martxan jarraitzen du, nahiz eta gorabeherak izaten dituen. Birtualtasunaren kontu hori Korrikak mantentzen duen beste printzipio bati bide emateko helburuarekin izan zen sortua. Printzipio hori guk euskal gizartearekin bat egin nahi izatea eta euskal gizarteak daraman bidea eraman nahi izatea da. Beraz, teknologia berriak Korrikarekin bat egin behar zuen edo, alderantziz, Korrika zen mundu berri horretara batu beharrean zegoena.

Momentu hartan ziberlekukoaren ideia otu zitzaigun; izan ere, internet erabili beharrean geundela uste genuen, mundu hau zabaldu beharrean genuelako, eta ez Euskal Herrira bakarrik, baita Euskal Herritik kanpo dauden Korrika zaleengana ere. Ordutik hona ere, gauzak aurrera doazen neurrian, gu ere aurrera goaz eta aurtengoan aplikazio berri bat atera da, non mugikorrarekin Korrika non doan, zure puntura heltzeko zenbat falta den… ikus dezakezun.

Korrika bi urtez behin ospatzen da, baina honen antolaketa edizio bakoitzean bera da? Edo zenbatez behin aldatzen da Korrikaren burua? Ez dago epe zehatzik. Korrikak daukana zera da: Korrika bat bukatzen denean, hurrengoarekin hasten gara. Bi urterik behin egiten den ekimen bat da, baina oso kanpaina luzea da. Kalean 5-6 hilabete irauten du, eta, 5-6 hilabete horiek kalean egoteko, aurretik lan pila bat egin behar da. Orduan, praktikan, korrika bat bukatu eta pare bat edo 3 hilabete hartzen ditugu aurrekoa ixteko eta segituan hasten gara berriarekin. Beraz, badago pertsonaren bat urte batetik bestera lotura egin behar duena, zubia egin behar duena. Beste guztia aldagarria da, nahiz eta estruktura bera mantendu den urte hauetan guztietan.

Badago nazio mailako korrika batzorde bat, baita herrialde mailako korrika batzorde bat ere, eta eskualdeetan beste bat. Baita herrietan ere. Horiek dira benetan dena mugitzen dutenak. Baina karguak eta buruak, Korrikak AEK-k daramatzan ildo beretik daramatza. AEK barruan ardura karguak urtero mahai gainean uzten dira, eta berriak hautatzen dira. Horrek ez du esan nahi aurpegiak ere berria izan behar duenik, hautaketa urtero egiten da, baina pertsonak errepikatu egin daitezke.

Eta zuk Korrikako antolatzaile buru bezala, zenbat urte daramatzazu? Zein izan zen erronka hau hartzera bultzatu zintuen arrazoia? Korrika, praktikan, hasieratik bizi izan dut. Lehenengo korrikan ez nengoen Korrika batzordean, baina jada euskaltegian nengoen, eta bertatik bizi izan nuen. Bigarrenean, Azkue euskaltegian nengoen Bilboko ardura hartzekotan eta Korrika erdi-kanpotik edo AEK-ko beste zenbait arlotan murgilduta bizi izan nuen. Hirugarrenetik aurrera, Korrikako ia batzorde guztietan egon naiz. Garai hartan, Bilboko arduraduna nintzen eta Korrika Bilbon bukatzen zenez, horrek Korrikako batzordera eraman ninduen. Bertan kargu ezberdinetan egon naiz urte askotan. Kargu hau, ezinbestean, bakante bat geratu zelako hartu nuen. Kargurako pertsona bat behar zen eta AEK-k nuen eskarmentuagatik horretarako egokia nintzela pentsatu zuen. Ez nago ziur noiz izan zen, uste dut hamabigarrenean hartu nuela. Bizitza osoa eman dut Korrikaren inguruan; beraz, ez naiz oso ondo gogoratzen dataz.

3

Edurnerekin solasean

Jakin dugu Euskal Herritik at ere korrikako ekimenak burutu direla atzerrian bizi diren euskaldunek bultzatuta. Zer konta diezagukezu ekintza horiei buruz? Bada, kontu honekin zoratu egingo garela. Oso gauza kuriosoa da, Korrikak benetan kalatu egin du. Esan duzuen moduan, zuek txiki-txikitatik ezagutzen duzue Korrika. Horren gazteak ez garenok ere gure barrenean sartuta dugun kontua da, eta  jendeak badaki, Korrika datorrenean, Korrika batzordeak antolatzen direla. Baina gertatu dena zera da: kanpora joan diren euskaldunek ere Korrika batzordeak eratzeko beharra izan dute hartu dituzten herrietara heltzean, Argentinako Rosarion eta Holandako Amsterdamen besteak beste. Behin batzordea martxan dagoenean deitu egiten dute, materiala eskatzen dute… eta etapak burutzen dituzte Amsterdameko kanaletan zehar, adibidez.

Ulertuko duzuenez, sekulako pozarekin eta ilusio handiz hartzen dugu kontu hau, baina egia da urterik urtera gero eta dimentsio handiagoa hartzen ari den fenomeno bat dela eta gaur egun Euskal Herrian egiten den Korrikari, originalari, estruktura aldetik denbora asko kentzen diola. Ez da erraza hori kudeatzen. Buelta batzuk eman beharko dizkiogu horri aurrerantzean nola antolatu jakiteko. Benetan fenomeno handia da, oso kuriosoa, leku guztietatik deitzen digute hori egiteko, bost kontinenteetan gaude. Eta, bueno, Sydney batean euskararen aldeko Korrika bat egiteak badu berea.

Korrika arruntaz gain, bada Korrika Kulturala. Aurtengo jaialdia Usurbilen izan da. Euskara eta euskal kultura zabaltzeko burutzen diren hainbat ekintza batzen dituena, hala nola, antzerkia, musika, jolasak… Konta iezaguzu. Korrika Kulturala ez da betidanik Korrikarekin etorri den ekimen bat. Hasiera batean ez zen existitzen, uste dut bosgarrenean hasi ginela erronka honekin. Ekintza kulturalak, kirolariak… euskalduntzen, nahiz eta hasiera batean ez genekien oso ondo zer zen. Baina behar batetik ateratzen den ekimena da. Hau da, guk Korrika batzuen ondoren gizarteari eskatzen diogun esfortzua izugarria da, eta gizarteak beti ezin hobeto erantzuten diola konturatzen gara: esfortzu fisikoa, psikikoa, diru aldetik… Momentu hartan jendearengandik asko jasotzen genuela pentsatu genuen, eta zerbait bueltatzeko moduan egon beharko ginatekeela sentitu. Eta kultura dela jasotzen dugun hori guztia bueltatzeko modu egokiena otu zitzaigun.

Egia da Euskal Herrian -nik uste dut munduan inon ez, baina, datu hori ez dudanez, Euskal Herrian esango dut- kulturak ez duela dirua ematen. Egia esan kulturak dirua balio du, kostu handia duen aktibitate bat da eta hori jendeari modu doakoan edo merkean eskaintzerik ez zegoenez, guk hala izateko modu bat ikusi genuen eta honela sortu zen Korrika kulturala. Urteen poderioz, horrek garrantzi handia hartu du eta gauza oso interesgarriak egin dira Korrika Kulturalaren barruan. Are gehiago, herri honetako erabiltzaile kulturalek eta ekoizleek sarritan esan digute instituzioek egin beharko luketen lana guk egiten dugula bi urtean behin martxan ipintzen dugun honekin. Azkenean hori da espiritua, guk daukagun hori nolabait bueltatzea.

Korrika kulturala Korrika hasi baino bi-hiru hilabete lehenago egiten da eta herri guztietara, edo gehienetara, zabaltzen da. Herri batzordeek planteatzen dituzten ekintza kultural denak sartzen dira bertan. Korrika guztiek izan dute omentzen den talde bat, pertsona bat, erakunde bat… delakoa eta omendu horientzako burutzen da omenaldi ekitaldia. Normalean omenaldi honekin hasi edo bukatzen da Korrika kulturala, eta oraingo honetan Usurbilekoak eman dio hasiera.

Jarraitu irakurtzen…

Comments { 0 }
-->