1809ko otsailaren 12a da. Gizon dotore batek bere bibote luzea kiribildu du Shrewsburyko kale batean. Ibilera harro batez, inguruko ezagunei diosala egiten die. Imintzio horiekin munduaren jabe sentitzen da, boteretsu. Gizakiaren aurrean beste nonbaiteko zer ikaragarri batek eratu duela ziur dago. Kale bereko ertz batean, gizon bat lurrean eserita dago. Jendeak ihes egiten du bere ingurutik, zuloz jositako jantziak eta darion usainak atzeraka egitea eragiten baitu. Gaurko bere helburu bakarra azken egunetan jan ez duen ogia erosteko dirua lortzea besterik ez da.
Bi gizon, zeharo ezberdinak, bizitzak kale berean jarri ditu, baina funtsean bi gizaki soil dira. Egoera txarrenean ere edozein izakirengandik ezberdin sentituko lirateke, zer ikaragarri batek bereiziko balitu bezala.
Nork esango zuen egun horretan bertantxe, hiri berean, agian kale berean, berezitasun hori deuseztatuko zuena jaioko zenik? Gezurra badirudi ere, espezien sakabanaketa azaltzen zuten kreazionismoaren arrastoen bila aritu zen gazteak hankaz gora jarri zuen kreazionismo beraren ideia.
Charlez Darwinek txiki-txikitatik agertu zuen naturaren historiarekiko zaletasuna; hala ere, Robert Jameson naturalistaren klaseetan aspertu egiten zela eta, aitak apaiz anglikano bilakatzeko ikasketak egitera bidali zuen. Horrek ez zuen bere zaletasunetik urrundu eta animalia ezberdinak ikertzen jarraitu zuen. Azterketak gerturatzen ari zirela eta, ikasketetan kontzentratu zen eta, amaierako, 178 pertsonatatik hamargarren postuan geratu zen azterketan.
1831n Robert FitzRoyren agindupeko Beagle itsasontzian ontziratu zen. Euren helburua ozeanoko korronteak neurtu eta kosta kartografia egitea zen. Darwinek animalia-espezie ezberdinak aztertu zituen bien bitartean. Ikerketa horiek guztiak idatzi eta Cambridgera bidaltzen zituen, bertako ikerlariek aztertu zitzaten. Galapago irletan eginiko ikerketak izan ziren garrantzitsuenak; izan ere, irla batetik bestera dortoken oskola aldatzen zela konturatu zen, baita neguta txori espezieko indibiduo ezberdinak zeudela.
Ikerketa horien guztien ondorioz, Darwin eboluzioaren beste teoria bat formulatzen hasi zen. Ernst Mayrren arabera, Espezieen jatorria liburuan azaldu zuen teoria bost azpiteoriatan dago banaturik: eboluzioaren gertakizuna, organismo guztientzako komuna den jatorriaren postulazioa, espezieen dibertsitatea, gradualismoa eta hautespen naturala. Garai berean, Alfred Russel Wallacek antzeko teoria bat mahaigaineratu bazuen ere, Darwinenari eman zitzaion garrantzia, zientifikoki garatuago baitzegoen.
Liburu horretan zegoen aurrez aipaturiko berezitasunaren xarma deuseztatzearen froga: gizakiaren jatorria primateetan zegoen. Baieztapen horren ondorioz, Darwinek kritika ugari jaso zuen; hala ere, bere alde zuen argudiorik garbiena: proposaturiko teoria hezur eta azalezko animalietan froga zitekeen, baita gizakiongan ere.
Geroztik eboluzioaren teoriak buelta asko eman ditu eta, genetikaren bideak zabaldu zirenetik, Darwinek berak esperoko ez lituzkeen ateak zabaldu dira. Horrela, gaur egun horrelaxe definitzen du Harluxet hiztegiak eboluzio biologikoa:
Denboran zehar izaki bizidunei gertatutako aldaketa mailakatu eta jarraien multzoa, forma berriak sortu dituena.
Berrehun urte igaro dira gizon dotore hark bibotea orraztu zuenetik, eta ehun eta berrogeita hamar urte munduko izaki guztiek arbaso bera duten teoria argitaratu zenetik. Hala eta guztiz ere, bada oraindik inongo arrazoirik gabe teoria horren aurka jarraitzen duenik, begien aurrean dagoena ikusten ez duten batzuek.
Bi egun berezi horiek direla eta, zientzia arloan aurtengoa Darwinen urtea da. Hori ospatzeko, hainbat ekintza (1, 2, 3) antolatu da munduan zehar.
Iruzkin berriak