Tag Archives | diskriminazioa

Bekaturik ez duenak bota dezala lehenengo harria

Ikastolatik atera ondoren, ia egunero, herriko taberna batera joan ohi gara lagun talde bat arratsalde pasa. Baina aste hartan filosofiako azterketa genuen, San Agustin, eta errepaso moduan kristautasunari buruz hitz egiteari ekin genion. Ondoko mahaian herriko hainbat marokoar zeuden eta, azkenean, denok bukatu genuen kontu-kontari, bai kristautasunaz eta bai islamari buruz. Hasieran, Jainkoaren existentziaz berba egiten hasi ginen; azkenerako, baina, islam kultura izan genuen hizpide. Zergatik eraman ohi dute emakumeek burka? Zergatik dute gizonek hainbat emakumekin ezkontzeko eskubidea? Eta horrela milaka galdera atera ziren.

Sakineh Mohammadi Ashtiani, 2006an, 99 zigorrada hartzera zigortu zuten bi gizonekin harreman debekatuak izateagatik Iranen. Ondoren, bere ezkontzatik at beste erlazio bat izateagatik kondenatu zuten, eta zigorra harrika hiltzea izango zela erabaki zuten. Horrez gain, Somalian, Nigerian eta horrelako herrialde gehiagotan, hainbat emakume erail dituzte “delitu” berberagatik. Nola liteke XXI. mendean horrelako gauzak jazotzea? Zer egin beharko genuke horren aurka? Gobernuak egin al dezake zerbait?

«Bekaturik ez duenak bota dezala lehenengo harria». Hau esan zien Jesusek emakume bat harrika hil nahi zuten gizonei. Delitua berbera zen, zigorra ere bai, baina duela bi mila urte. Ia erlijio guztietan, denetan ez esategatik, jendea barkatzea ezinbestekoa da; beraz, zergatik hil nahi zuten Iraneko emakume hura harrika Koranaren arabera bizi diren gizon haiek beraietako asko hiru emakumerekin ezkonduta badaude? Nire aburuz, eta askoren aburuz uste dut, herrialde horietan emakumea guztiz mespretxatzen delako eta, gainera, gizona emakumea baino garrantzitsuagoa delako.

Europan, emakumeak orain dela gutxi arte ez ziren kontuan hartzen. Emakumeek ez zuten eskubiderik: etxetik irteteko gizonari galdetu behar zioten, mundu honetan gizona zerbitzatzeko zeudela esaten zitzaien, eta gizonei nahi zutena eta nahi zuten momentuan eman behar zitzaiela… Baina denbora pasa ahala, gizonezkoei aurre egiten ikasten joan dira -eta gara-, gehienbat hainbat emakume ausartari esker (Marie Curie, Rosalind Franklin, Gabriela Mistral, Clara Campoamor, Rosalia de Castro, Valentina Tereshkova…). Herrialde aurreratuetan emakumea jada berdintasunean bizi da gizonarekin, arlo batzuetan behintzat, eta, egia esan, hori herrialde guztietan jazotzeko zerbait egin beharko genuke. Lan munduan, adibidez, Espainian emakumeak gehienetan gizonak baino gutxiago irabazten du, baina Iranen, esaterako, emakumeak ezin du burka gabe atera; beraz, ezin ditugu bi egoerak alderatu. Zuen ustez, zer egin beharko genuke emakume horien egoera konpontzeko? Ez al dute eskubiderik gu bezala bizitzeko?

Comments { 2 }

Joko Olinpikoak eta Joko Paralinpikoak, batzuk besteak baino hobeak?

joko-olinpikoen-sinboloajoko-paralinpikoak-sinboloaUda honetan elkarrizketa askotan entzun dugu Joko Olinpiko hitza. Joko Olinpikoak antzinako Grezian ospatzen ziren festa erlijioso, kultural eta kirolarien ondorio bat dira, eta, lehen aldiz, 1896an ospatu ziren Atenasen. Bi motatako Joko Olinpikoak bereiz ditzakegu: udakoak eta negukoak. Joko Olinpikoak antolatzen dituena Olinpiadetako Batzorde Internazionala (COI) da. Hauez gain, alabaina, badaude ezintasun fisiko, mental eta zentzumen urritua dituztenak parte har dezaketen Joko berezi batzuk ere bai. Hauek Joko Paralinpikoak dira; hala ere, adimen urritasuna dutenentzako Joko Olinpiko Bereziak daude. Joko hauetan parte hartzen duen kirolari ugari dago, baina euren mailan eginiko lana berdin baloratzen ote da? Nire ustez, EZ! Pasa gaitezen bada, gaia atalez atal jorratzera.

usain-boltLehenik eta behin, kirolarien gaia sakontzen hasi aurretik, nire buruari galdera bat egiten diot: nork erantzungo liguke, klasean edo kalean, Olinpiadek zein sinbolo daukaten galdetuz gero? Gehienek, denek ez esatearren. Paralinpikoek daukaten sinboloaz pertsona berdinei galdetuz gero, ostera, nork erantzungo liguke? Ia inork ere ez. Hori zergatik izango den pentsatzen hasita, konturatuko gara komunikabideek izugarrizko garrantzia daukatela; izan ere, Joko Olinpikoak ospatzen ari ziren bitartean,horiek baino ez ziren agertzen hauetan; ondoren, ordea, Joko Paralinpikoak ospatzen ari zirela ia konturatu ere ez ginen egin. Dena den, esan behar da garai batetik hona gauzak asko aldatu direla, onerako, Joko Paralinpikoei dagokielarik; halere, oraindik asko geratzen da Olinpiadek duten oihartzuna edukitzeko.

Kirolariak aztertzen hasten bagara, ohartuko gara Joko Paralinpikoetan parte hartu duen kirolari bat ere ez dela Usain Bolt edo Michael Phelps bezain famatua. Egia da bi hauek eginiko lana eta errekor apurketak izugarrizkoak izan direla; alta, Joko Paralinpikoetan ere badaude hainbat errekor hautsi dituztenak ere, Miranda Uhl estatu batuarra esaterako. Mirandak, Erin Popovichekin batera, lau errekor hautsi zituen SM6 eta SM7 igeriketako kategorietan; dena dela, beraien izenak ez dira horrenbeste entzun gure artean. Honek zer esan nahi du, Joko Paralinpikoetan hautsitako errekorrak ez duela ezer balio? Edo bata bestea baino garrantzitsuagoa edo errazagoa dela?

Miranda UhlIldo beretik jarraituz, lehen aipatutako Usain Bolti, izugarrizko dirutza eman diote, eta ematen diote, egin duen lanagatik, besteak beste, milioi bat dolar jasotzen ditu jendaurrera irteten den bakoitzeko. Gainera, esan dezaket ez dela Joko Olinpikoetan itxurazko lana egiteagatik horrenbeste diru jaso duen bakarra. Hau horrela izanagatik ere, seguru nago Miranda Uhli eman dioten diru laguntza ez dela horren altua izan, ezta Joko Paralinpikoetan errekorra hautsi duen beste edonorena ere.

Hau dena horrela izanik, gure gizartean Joko Olinpikoak izugarrizko garrantzia dutela esan genezake; Joko Paralinpikoek, berriz, lehen ikusi bezala, ez dute horrenbestekorik, gero eta gehiago hartzen ari diren arren. 2012rako errotik aldatu beharra daukagu hau guztia, eta Joko Paralinpikoei garrantzi handiagoa eman; izan ere, bertan parte hartzen duten kirolariek ere izugarrizko lana egiten baitute bertara joan aurretik eta beraien lanak ere meritu handia baitauka. Ez al da hala?

Comments { 0 }
-->