Tag Archives | dvd

DVDa hilzorian

DVD ala Blu-Ray?Ez nekienez oso ondo zeri buruz idatzi, ordenagailuaren aurrean eseri eta buruari bueltak ematen hasi nintzen baldineko gai baten bila. Halako batean, aurrekoan gelan aipatu genuen kontu bat etorri zitzaidan burura: DVDaren desagerpena.

Azken egun hauetan, guztiok entzun dugu DVDa azkenetan dela Blu-ray izeneko formatu baten sorrera dela eta. Gauzak horrela, HD-DVD eta Blu-Ray diskak lehian aritu dira ea zeinek irabaziko hurrengo urteetako nagusitasuna. Badirudi Blu-Ray atera dela garaile; beraz, HD-DVDak, agi denez, ez dira sortuko eta Blu-Rayk izango du hegemonia osoa.

DVDa, Digital Versatil Disc, 1995 urtearen amaieran sortu zen informatiko eta ikus-entzuneko 10 bat enpresaren eskutik. Elektronika eta informatika alorretako fabrikatzaileek eta zine eta musikako estudioek agerturiko interesari esker, egundaino azkarren sartu den produktu elektronikoa bilakatu da berau. DVD diskoa, berez, gaitasun handiko CDa da; izan ere, adibide xume bat jartzearren, film oso bat sartzen da bertan.

Atzera eginda, komeni da esatea 1990. urtearen hasieran, orain gertatu den bezala, bi formatu zeudela lehian: bata, Philipsek eta Sonyk bultzatutako Multimedia Compact Disc (MMCD) eta bestea, berriz, Toshiba, Mitsubishi Electric eta JVCk babestutako Super Density disc izena zuena. Philips eta Sonyk MMCD alde batera utzi eta, Toshibarekin adostu ondoren, Super Density Disc (SD) honi aldaketa batzuk egin zizkioten. Sortutako taxuera berri honek hobeto jasaten zituen kolpeak, urradurak edo oinatzak. Hau horrela izanik, 1.5 DVD bertsioa sortu zen 1995. urtearen amaieran eta, azkenik, 1996an gaur egun ezagutzen dugun DVDa sortu zen.

DVDak 4.7 gigabyte ditu, hau da, CD batek baino 7 aldiz gehiago eta irakurketa laser baten bidez egiten du. Datuen transferentzien abiadura 1350 kB/s da; honek esan nahi du CD arrunt bat baino 9 aldiz azkarrago dabilela.

Oraingoan, lehian izan diren formatuak HS-DVD eta Blu-Ray izan dira. HD-DVD (High Density-Digital Versatil Disc) disko-formatu berri hau DVD forumak sortu eta hobetu egin du, egile eta entretenimendu munduko estudio handienekin batera. Talde hau DVD estandarrak gauzatzeaz arduratu da formatu hau sortu zenetik. Handia da duen kapazidadea; izan ere, 15 GB gorde daitezke bertan, DVD arrunt baten 4,7 GBen aldean. Bi geruzako HD-DVD batek 30 GBeko edukiera du, eta hirukoak 45 GBera iristen dira.

Blu-rayBlu-rayk, CD eta DVDaren antzera, 12cm-ko diametroa du eta bideoak eta datuak gordetzeko balio du. 25 GBeko espazioa dauka eta bi kapakoak, 50 GB. HD-DVDari irabazi dio formatuen lehia, garai batean VHS eta Betamaxarekin gertatu zen bezala, DVDaren oinordeko bihurtuz. Disko hauek laser urdin baten bidez irakurtzen dira, DVDak ez bezala (hauek laser gorri batez irakurtzen dira). Honek, beste aurrerakuntza teknologiko berri batzuekin batera, DVDak baino informazio gehiago biltegiratzea dakar. Sistema hau erabiltzen lehenengoak Sonykoak izan ziren Play Station 3an.

Bitxikeriaren bat aipatzearren, izena bere kolorearengatik hartzen duela esango dugu (euskaraz izpi urdina izango litzateke). Blueren jatorrizko “e” hizkia ezabatu egin zioten; izan ere, zenbait herrialdetan izen komertzial batek ezin baitu “e” hizkia eraman. Beraz, Blu-ray izenarekin gelditu da.

Amaitzeko, hilzorian badaude ere, DVDak oraindik ere gutxienez urte batzuetan merkatuan ikusiko ditugula esan dezakegu eta arrazoia prezioa baino ez da; izan ere, Blu-ray delako hau oraingoz oso garestia da eta, gainera, urte batzuk pasa arte ez omen da espero merkatzea.

Comments { 1 }
-->