Tag Archives | ebakuntzak

Kirurgia estetikoaren mende erori gara?

liposukzio, abdomiplastia eta bular handitzeaGaur egun modan daude kirurgia estetikoko ebakuntzak, irudiaren perfekzio edo hobekuntza oso barneratua dugu geure gizartean. Nor ez da sekula gizon edo emakume gizen bati begira jarri, eta gehiegizkoa dela pentsatu? Edo sudur okerra duen pertsona bati so egin eta barrutik “gaixoa” esan? Edota zimurrez jositako amona bat ikustean, zuk zahartzean ez duzula horrelako aurpegia izan nahi gogoetatu? Honi guztiari irtenbidea ematea gaur egun oso erraza da kirurgia estetiko eta plastikoarekin. Gainera, egun, erabat zabalduta dago emakume zein gizonen artean.

Azkenaldian, gorputzean egiten diren ebakuntzen artean hauexek dira ezagunenak: lipoxurgatzea edo lipoeskultura, bular handitzea, bular igotzea, bular txikitzea, liftinga, abdomiplastia eta ginekomastia. Aurpegian egiten diren ohikoenak, aldiz, blefaroplastia, rinoplastia, otoplastia eta liftinga dira. Nik ezagunenak edo hauen artean gehien egiten direnak azalduko dizkizuet.

Lipoxurgatzea edo lipoeskultura azal azpialdean bildurik dagoen koipea kentzean datza, eta sabelean, saihets inguruan, aldakan, iztarren barnealdean, belaunetan, besoetan eta ipurmasailean egiten da. Koipe honen kentzea behin betikoa da; izan ere, koipe zelulak ezin dira berregin. Ebakuntza hau anestesia lokalez egiten da. “Noiz nabarituko dira emaitzak?” omen da ebakuntza ostean egiten den lehen galdera.

bular handitzeaBular handitzea 17-18 urtetik aurrera egin daiteke, orduan amaitzen baita bularren hazketa. Ebakuntza hau bularrek itxura beteagoa eta zuzenagoa izan dezaten egiten da gehienetan. Silikonazko protesi batzuk erabiltzen dira eta itxura naturala lortzen da. Zalantzak ugariak izaten dira ebakuntzaren aurrean. Bularreko minbizia pasa duten emakumeek, ebakuntza hau egitean, titiburuak ere jar ditzakete.

Abdominoplastia haurdunaldiaren eta gorputz-pisu aldaketa handien ondoren gehien egiten den ebakuntza da, sabelaldea erorita geratzen baita. Ez da koipe gehiegikeriagatik bakarrik, baita azal soberakina geratzen delako ere. Ildaska edo estriak ken daitezkeen da dudarik handienetako bat ebakuntza honen inguruan.

rinoplastiaRinoplastia da aurpegiko ebakuntzetatik gehien egiten dena, eta arazo estetiko eta traumatismo edo malformazio batengatik sortutako kasuetarako erabiltzen da. Sudurraren barrualdetik egiten da; beraz, ez da orbainik gelditzen. Jendearen zalantzarik handiena izaten da ea ebakuntza honek forma aldatzeko baino ez duen balio.

Befaroplastia anestesia lokalaz egin ohi da eta betazaletako gehiegiko azal edo koipea kentzean datza. Begiradan antzematen den nekea eta zahartasuna ekiditeko egiten da normalean. Ebakuntza hau egin nahi dutenen artean sortzen den galderarik ohikoena da zimurrak joaten diren.

Ebakuntza hauek egitean, jendea beldur izatea normala da, operazio gela batean sartzean larritasun puntu bat sartzen baita. Dena den, beldurra baino maizago kexak entzun ohi dira, batik bat emaitza txarrak ikustean: aurpegi deformatuak, sabelean sekulako orbainak, bularretako ebakiondoak, eta abar.

Nik neuk, arazo bat dagoenean, ongi deritzot kirurgia estetikora jotzeari. Dena den, egia da gehiegizko erabilera gauza larria dela, zure aupegia edo gorputza erabat aldatzeaz gain, ebakuntza horiek guztiak ezin direlako gizakion gorputzerako gauza ona izan.

Comments { 3 }
-->