Tag Archives | elkarrizketak

Felix Linares: ” Izugarrizko atsekabea hartuko dut zinema areto batera azkenekoz sartzean”

Norbaiti Felix Linares zein den azaldu beharko bazenio, nola egingo zenuke? Egia esan, ez da lan erraza. Laburtuz, esango genuke profesionalki 40 bat urte lanean daramatzan gizon bat naizela, eta denbora horretan hainbat gauza ikasi ditudala. Oraindik ez naute kaleratu, eta hori ikasitakoak ondo egiten ditudalako izango da. Profesionalki gogo handia jartzen dut eta, nire ustez, hori funtsezkoa da.

Txikitatik ikusten al zenuen zeure burua mundu honetan lanean? Zer aholkatuko zenioke bertan murgildu nahi duen bati? Egia esan, ez; ez un nuen nire burua lanbide honetan ikusten. Irakasle batek “ahots ona duzu “ esan zidanenan hasi nintzen pentsatzen; nonbait, txikitatik izango nuen ahots ona. Hortik aurrera, serioski planteatu nuen lan honetara dedikatzea. Halere, txikitan, beste askok bezala, astronauta izan nahi nuen. Zer aholkatuko? Bereziki gogoa eta aukerarik ez galtzea, hau da, hainbat aukera behin bakarrik agertzen dira; beraz, arretaz begiratu eta, lana dagoenean, lan egitea. Ez esan inoiz ezezkoa eskaera bati, duina bada behintzat.

Zuzentzen duzun ‘La Noche de…’ programa alde batera utziz,  ‘Pompas de papel’ irratsaioan parte hartzen duzu, non literaturari buruz aritzen zareten. Literatura zaletasun bat da edo zure jakinduria handitzeko irakurtzen duzu? Ez, ez. Duela denbora asko, Arturo Perez Reverterekin hizketan, ea berak oraindik ikasteko irakurtzen ote zuen galdetu nion. “Literatura gozamena da , eta, bide batez, zerbait ikasten baduzu, ederki!” erantzun zidan. Nire amak zioenez, txikitatik liburuei “books” deitzeko joera nuen. Horrekin, ingelesa beste edozein hizkuntza baino lehenago nekiela ikusten da (barre egiten du). Nahiz eta irakurtzen ez jakin, beldurrik gabe hartzen nituen liburuak; beraz, nire DNAn zerbait egongo da liburuengana bultzatzen nauena. Nik beti atsegin izan dut istorioak entzutea, eta izugarri gozatu dut horiekin. Liburu eta zinemari buruzko programak zaletasun horren ondorio izan dira eta ez zait, beraz, zaletasun hori gerora garatu edo sortu

Lehen esan bezala, oso ezaguna den zineari buruzko programa bat zuzentzen duzu EITBn, ‘La noche de…. ‘ Bertan oso serioa zarela dirudi. Gidoiak eskatzen al dizu horrela jokatzea edo horrelakoa zara zure egunerokoan? Ez,ez, saiatzen naiz serioegia ez izaten eta ez dut uste horrelakoa naizenik. Hasteko, ni aurkezlea baino ez naizela argitu nahi nuke. Gidoigile bat dago, zuzendari bat, antolatzaile bat…Telebista oso lan konplexua da eta jende asko dago atzean. Egia esan, oso transzendentala naiz nire lanarekiko, oso zurruna. Zinema niretzat oso garrantzitsua dela aitortzen dut. Komediarik zoroenak ere hausnarketa sakona izan beharko luketela uste dut. Zinema aretora kapera batera bezala sartzen naiz eta film bat aurkezteko telebistan agertzen naizenean, jendeak pelikula hori ikusteko zer esan eta zer egin behar dudan penstatzen dut. Hau zerbait garrantzitsua dela konbentzitzea da nire helburua. Horregatik, batzuetan, serio samar agertzen naiz, baina eguneroko bizitzan atseginagoa naizela pentsatu nahi dut.

Zineari dagokionez, nola sortu zitzaizun zinearekiko zaletasun izugarri hori? Txikitatik hori ere. Nire aitak kontatzen du egun batean zinema aretora sartu eta sortu nuen iskanbilak zirela eta, zinema ez nuela gustuko izango pentsatu zutela. Argi dago oker zeudela. Nire gurasoek ere filmak gustukoak zituzten, eta ahal zuten guztietan joaten ziren zinema aretoetara. Bueltatzean, nire amari filma kontatzeko eskatzen nion. Beti harriturik geratzen nintzen. Halaber, gogoan dut amonarekin zinema aretora joaten nintzenean. Horretaz gain, bizitzako beste hainbat eskarmentuk ere zerikusia dute. Beti oroitzen dut Kaputxinoen zinemara eraman ninduten eguna. Bertara iritsitakoan, zinema umez gainezka zegoen, denak builaka eta saltoka. Bitartean, ni kezkaturik txikitan filmak ulergaitzak izango zirela pentsatzen bainuen. Handik gutxira hasi zen Jules Verneren Veinte mil leguas de viaje submarino  nobelaren moldaketa. Filmeko protagonistaren begiak agertu ziren eta zinema osoa isildu egin zen! Hori da oroitzeko momentuetako bat. Momentu horietan argi eta garbi ikusten da zein liluragarria den zinema!

Aktoreren bati emandako sariren bat kentzekotan, nori kenduko zenioke? Egia esan, hainbeste egon dira, ezen ezingo bainuke izen bakarra esan! Cher, adibidez? Cher ez da inoiz aktore izan, abeslari baizik, baina Hechizo de Luna pelikulak sari-proposamen ugari izan zituen eta, Cher han tartean harrapatu zuenez, sari bat jaso zuen. Horretaz aparte, Marisa Tomeiren kasua egongo litzateke. Jack Balance izan zen urte hartan emakumezkoen sarien aurkezle Oscar sarietan.  Marisa Tomeirekin batera 4 aktore britainiar handi zeuden izendatuta urte hartan. Jack Balance, mozkor-mozkor eginda, lehena bururatu zitzaion izena esan zuela esaten da. Hori ezinezkoa da; izan ere, aurkezleak paperean bost hautagaien izena izan beharrean, irabazlearen izena baino ez dauka. Hori da, baina, legendak kontatzen duena!

Espainiar zinema amerikarrena baino askoz atzeratuagoa dagoela uste al duzu? Amerikarrek 300 film eta espainarrek 200 ekoiztu baina horietatik 50 bakarrik estreinatu direla ikusita, argi dago espainiar zinema atzetik dagoela. Denek egin nahi dute pelikula bat, baina pelikula bat egitea ez da batere erraza. Horrela ateratzen dira ateratzen diren lardaskeriak! Gertatzen dena da guk amerikar zinematik gehien ezagutzen duguna zinema komertziala dela, eta badakigu ez dela onena. Baina, badago beste zinema mota bat zeinetan askotan aktore ezezagunak parte hartu eta pelikulak koste baxukoak izaten diren. Hauek onak direnean, orokorrean, espainiarrak baino hobeak dira. Amerikarren alde bi gauza esan dezakegu. Alde batetik, mundu mailako banaketa. Horrek indar handia ematen die, toki askotara heltzen direlako euren pelikulak. Bestetik, tradizio bat. Egia da tradizio hori Europatik datorkiela; izan ere, Hitlerren igoera eta Bigarren Mundu Gerra zirela eta, Europa osoko artistak Amerikara emigratu eta Hollywood sortu baitzuten. Baina hori da geratu zaiena, tradizio bat zinemagintzan. Nire iritziz, zinema amerikarra zinema espainarra baino hobea da; hala ere, amerikar zinemagile oso onak eta oso txarrak daude, Espainian bezala.

Zer iruditzen zaizu Sinde legea? Hor arazo bat dut. Hasteko, nik uste dut artistak ez direla lanera joango ordaintzen ez bazaie. Hau da, artista bat joan daiteke lanera musu truk denbora jakin batez; halere, hozkailua hutsik ikustean, beste zerbaitetan lan egitea erabakiko du, logikoa den bezala; izan ere, bizirautea baita nagusiena. Egoera hori ematen denean, gerta liteke artista bezala lan egitea bere aisialdian, eta hori ez da oso serioa. Artista bat %100ean izan beharra dauka artista, eta horri eskaini behar dio bere denbora. Kuriosoa dena da inor ez dela kexu argiaren tarifa igo delako, %11 duela gutxi, eta ordenagailuek argindarra kontsumitzen dute. Inor ez da kexatzen telefonoaren tarifa dela eta, tarifa finko batekin gutxiago ordaintzen delako, baina, egia esan, izugarri ordaintzen da. Film bat jaistea oso garestia da, batez ere, nahi ez zenuena jaisten duzunean eta berriz ere saiatu behar zarenean. Azkenean, zera esan nahi dut: ez gara kexatzen guri interesatzen zaiguna egiten ez dutenei ordaintzen diegunean, hau da, guri filma interesatzen zaigu eta filma egiten duten artistei ordaindu beharrean, transportistei, etab. ordaintzen diegu. Eta ez gara kexatzen. Hori kirtenkeria! Nik uste dut sortzaileei ordaindu behar zaiela. Bestalde, ez nago batere ados esaten denean zinea oso garestia dela. Zertan dago orain? Zazpi bat euroan sarrera… Ez diot inori entzun kexaka futbol-sarrera, zezenketa, antzerkia, kuba librea… eta horrelakoen prezioagatik. Eta zinemak balio duen 7 euro horiengatik, aldiz, bai. Hainbatetan gizartea bere planteamentuetan oso oker dabilela esan nahi dut. Nik uste dut lan hori ordaindu egin behar dela eta lege bat egon behar dela, beste gauza bat da Sinde legea. Nire ustez, lege hau hauts-murru bat da. Besteak beste, Sinde legeak egiten duena da erabakia epaileen eskuetan utzi. Ikusita nola dagoen justizia Espainian, erabat buxatuta, noiz arte itxaron behar dugu gauza hauei buruz eztabaidatzeko? Eta, azkenean, okerrena da mozoloenak ordaintzen duela, Estatu Batuetan geratu den bezala. Han izugarrizko zigorra ipini zioten bati artxibo batzuk besteen eskura jartzeagatik, bere lagunekin partekatzeagatik. Bitartean, badaude gune batzuk izugarrizko dirutza egiten ari direnak besteen lanarekin, artisten lanarekin… Gaia oso konplexua da eta Sinde legeak ez du hori konpondu behar, hori garbi gera dadila.

Zer iritzi duzu Alex De La Iglesiaren dimisioari buruz? Nik uste dut hor Alex nahastu egin zela pixka bat. Alex oso bolkanikoa da: edozer gauzarekin emozionatzen da, eta aurrera egiten du. Nik ezagutzen dut pixka bat eta, egia esateko, beti horrelakoa izan da. Kasu honetan, su gurutzatu baten erdian ikusi zuen bere burua. Hasieran, berak Sinde legea defendatu zuen; gero, baina, esan zuen ez zuela irakurri. Akats handia izan zen, ezin baituzu defendatu ezagutzen ez duzun zerbait. Kontuak kontu, geroago bere harri koskorra jartzen saiatu zen – ez pentsa urrutiegi joan zenik ere: bilera bat internautekin eta gutxi gehiago-, eta gero salduta sentitu zen legea bat-batean onartu zutelako. Horren aurrean, berotu egin zen, esan zuen esan zuena, Santiago Segurarekin sushi jaten argazkia atera zuen, jendea erretxindu egin zen fribolo hutsa zelako… Kontua da, azkenean, utzi egingo zuela esan zuela, eta ministroak nahi bazuen uzteko erantzun ziola. Hori gutxi balitz, Bollain tartean sartu zen. Eta zertarako nahi duzu gehiago? Nire ustez, berotua eman zion eta akatsa egin zuen auzi horretan. Dena den, niri galera galanta iruditzen zait. Alex bolkanikoa izan daiteke, baina izugarri balio duen pertsona ere bada; ez bakarrik zinemagile bezala -hori soberan erakutsia du-, baita askotan hilzorian dagoela dirudien akademia baten antolatzaile eta, batez ere, dinamizatzaile bezala ere.

Nola eragiten diote teknologia berriek zinemaren industriari? Zinemaren industria hondamendira doa! (barre egiten du). Lehen esan dugun bezala, teknologia berriek ahalbidetzen dute pelikulak jaistea eta, azkenean, horrek dena dohain izan daitekeela pentsatzera eramaten gaitu. Jendeak ez du kontzientziarik hor dagoen hori -izan liburuak, pelikulak, jokoak…- egile batek egin duela, eta, hark, beste profesionalek bezala, bere lanaren truke ordaindua izateko eskubidea duela. Inork ez du kolokan jartzen mediku edo taxista baten soldata, baina bai sortzaile batena. Beraz, argi dago industriarako kaltegarriak izan daitezkeela teknologia berriak. Sormenerako ere kaltegarria izan daiteke; izan ere, berezko dohainak ez dituztenek ere euren lanak hor sartu ahal izango baituzte, ez dute kopiatuak izateko beldurrik. Musikoen lana ezberdina da, hauek kontzertuak egin ahal dituztelako. Baina idazleak, pelikulak egiten dituztenak… nondik aterako dute dirua? Hau da, industria gaizki dago teknologia berriei esker. Dena den, teknologia berriek hainbeste abantaila dituzte, non ezin baitira zalantzan jarri! Gainera, berdin dio nik zer esaten dudan, geratzeko eta areagotzeko etorri baitira… Beraz, gauza bakarra esan dezaket: atsekabe izugarria hartuko dut zinema areto batera azkenekoz sartzean. Hau da, zinema areto batera joan eta kartel batean “bihar ez dago saiorik” ikustean, pena handia hartuko dut. Hori gerta liteke, eta izugarri tristatzen nau.

Orain test labur bat egingo dizut. Bi aukeren artean hautatu behar duzu:

  • Drama edo komedia? Komedia, beti. Itxaron! Nire berezko joera dramak ikustea da; hobeto esanda, tragedia. Halere, onartu beharrean nago komedia gustukoagoa dudala.”
  • Denzel Washignton edo Virgo Mortesen? Ezin ditut biak aukeratu? Bueno, ba, bakarra aukeratzekotan, Denzel Washinton.
  • Woody allen edo Paul Newman? Woody Allen, osoagoa delako. Paul aktore lanetan bakarrik ibiltzen zen, nahiz eta 5 pelikuletan, oker ez banago, zuzentzaile bezala ere ibili zen. Woody Allenetik hurbilago nago; izan ere, bera erabateko zinemagilea baita.
  • Angelina Jolie edo Uma thurman? Benga, ba, Uma.
  • Audrey Hepburn edo Marilyn Monroe? Audry…uste dut (barre egiten du).
  • Mario Casas edo Hugo Silva? Arazo bat dut, ez ditut ongi ezagutzen. Halere, kontuan izanda Mario Casasi ez diodala ezertxo ere ulertzen, Hugo Silvarekin geratzen naiz.
  • Eduardo Noriega edo Javier Bardem? Bardem, nahiz eta azkenaldi honetan pixka bat tontotuta dabilen.
  • Elsa Pataky edo Natalie Portman? Azkenaldian, Natalie astun samar dabil; izan ere, toki guztietan azaltzen baita. Halere, bera hautatzen dut.
  • El laberinto del fauno edo La lengua de las mariposas? El laberinto del fauno. Biak gustuko ditut, baina El laberinto del Fauno hobeto egina dagoela iruditzen zait.
  • No es país para viejos edo El hombre que nunca estuvo allí? El hombre que nunca estuvo allí aukeratuko dut eta zergatia azalduko dizut. Niri asko gustatzen zait Cormac McCarthy, nobelaren egilea, eta baita Coen anaiak ere; dena den, film horretan Coen anaiek hain estuki jarraitu zuten nobela, non ez bainau betetzen. Nik nahiago ditut gauza arraro horiek egiten dituzten Coen anaiak; El hombre que nunca estuvo allí, esaterako.

Orduak eta orduak emango genituzke Felix Linaresekin solasean, gizon jakintsu bezain adeitsu eta atsegina. Ez genion, baina, denbora gehiegi kendu nahi eta, berriz ere eskerrak emanez eskainitako tarte atseginagatik, agur esan genion. Mila esker, Felix!

Comments { 0 }

Klaudio Landa: “Ez dut uste gauza ona denik dena dakizun jarrera izatea”

Egun batzuetan zehar elkarrizketa prestatzen ibili eta aurreko egunetan zenbait gorabehera izan ondoren, iritsi zen elkarrizketa eguna. Amaia eta biok lehenago atera ginen klasetik tren geltokira denboraz iristeko. Gelakideari azken momentuko aholkuak eskatu ondoren -ordurako hark bere elkarrizketa egina baitzuen-, urduri, Klaudiori egin behar nizkion galderak errepasatzeari ekin nion. Amaiak lasai egoteko eta elkarrizketa patxadaz hartzeko esan zidan, dena ondo aterako zela. Konturatzerako, Donostiako Londres hotelean geunden. Hantxe zegoen Klaudio gure zain.

Klaudio Landa kazetaria Euskadi Irratian hasi zen lanean. Bertan urte batzuk eman ondoren, pantaila txikira pasatu zen. Hainbat programa ezberdinetan arrakastaz aritu ondoren, Oh Happy Day programa ezagunaren kasu, EITB 2ko Ni mas, ni menos programan ikus dezakegu orain aurkezle lanetan.

Lehenik eta behin mila esker euskaljakintzari tarte hau eskaintzeagatik, Klaudio. Elkarrizketari ekiteko, axola ez bazaizu, denboran atzera egingo dugu. Noiz erabaki zenuen kazetari izan nahi zenuela?Txikitatik izan duzun ametsa izan da? Ez, umetan arkitekto izan nahi nuela gogoratzen dut, etxebizitzak-eta egitea izugarri gustatzen zitzaidan. Etxebizitzak ikusi eta aztertzea betidanik gustatu izan zaidan gauza da. Gero, institutu garaian, antzerkia ikasten hasi nintzen eta asko gustatu zitzaidan. Kazetaritza eta antzerkia antzekoak izan zitezkeela pentsatzen nuelako kazetaritzan sartu nintzen. Dena den, konturatu nintzen hori ez zela horrela, beste gauza bat dela, eta asko gustatu zitzaidan. Kazetari lanetan irratian hasi nintzen; ondoren, Euskadi Gaztean kazetaritzarekin zerikusirik ez duen beste gauza bat egiten hasi nintzen. Azkenik, telebistakoa suertatu zitzaidan. Beraz, noiz pentsatu nuen? Bada, nik uste dut zure adinarekin izan zela.

Esan duzun bezala, Euskadi Irratian hasi zinen lan egiten; nola zabaldu zitzaizkizun bertan lan giteko aukerak? Beka bati esker. Gaur egun ez dakit nola dagoen egoera, baina garai hartan, nik eta beste askok bekei esker izan genuen Euskadi Irratian lan egiteko aukera. Nik Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nuen kazetaritza. Garai hartan Euskal Herriko Unibertsitateak akordio bat zuen EITBrekin . Horren bitartez, diru-laguntzak ematen ziren praktikak egiteko eta bertako lana ezagutzeko. Horrela hasi nintzen lanean Andia kalean, bertan baitzegoen orduan Euskadi Irratia. Beka bukatu ondoren, beste gauza batzuk sortzen joan zitzaizkidan, ordezko kontratu bat besteak beste.

Irratian lan egin ondoren, telebistara egin zenuen jauzia. Alde handia dago irratian edo telebistan lan egitearen artean? Irratia eta telebista medio ezberdinak dira, komunean gauza batzuk badauzkate, baina baita bere berezitasunak ere. Irratian lan egiteko, mezu bat igortzeko edo programa bat egiteko, ez duzu lan talde handia behar, norberak egin dezakeen lana da. Guk Euskadi Gaztean autokontrola egiten genuen eta gaur egungo Gaztean ere horrela egiten dute: mahai bat, mikrofonoa eta mp3 zein diskoak sartzeko tokia. Horrekin zuk zeuk egin dezakezu irratia, ez duzu inoren beharrik. Hori telebistan ezinezkoa da. Dena den, gaur egun interneten ikusten den bezala, zure kamera etxean ipini eta besterik gabe telebista egin dezakezu, gauzak teknologikoki eta teknikoki asko aldatu baitira. Hori alde batera utzita, gaur egun, telebistan lan egiten dugunok lan talde handia behar dugu, jende asko, eta horrek xarma berezi bat ematen dio.

Zuk zeuk non nahiago duzu lan egitea? Argi esango dizut. Gaur egun, pertsona gehienek diruagatik egiten dute lan. Nahiz eta askok irratiak xarma berezia duela esan, telebistan gehiago kobratzen da eta hori kontuan hartu behar da. Ni oso ondo sentitzen naiz bietan. Ikusten duzunez, asko hitz egiten dut eta hori oso ona da irratirako, ezin baita hutsune gehiegi utzi. Telebista ere oso gustuko dut; beraz, biak.

Nola ikusi zenuen zure burua lehenengo aldiz telebistan aritu zinenean? Ez dut lehenengo aldiz gauza berezirik sentitu nuenik gogoratzen. Jende askok esaten du oso natural ikusten zaituela, baina naturaltasuna galdu egiten da kamera aurrean duzun unetik. Zure burua ikusten duzunean edo zure ahotsa irratian entzuten duzunean arraroa egiten zaizu, baina ni ohitu egin naiz. Gainera, telebistan lan egiten dugunontzat oso komenigarria da nork bere bere burua ikustea, autokritika egiteko eta egiten ditugun akatsak ikusteko.

Kazetaritzak arlo asko ditu erreportari gisa kalean ibiltzea, prentsa arrosa deitzen den sekzioan lan egitea,…Zeinetan sentitzen zara gusturago? Lan ezberdin asko egin ditut eta bakoitzean gauza berriak ikasi ditut. Nik zuzeneko eta grabatutako programa asko egin dut. Zuzeneko platoak izenekoa egiten luze aritu naiz eta hori da gehien gustatzen zaidana, plato bateko aurkezpen lana. Sorginen Laratza gogoratzen dut, osagai askoz osatutako programa zen: umorea, elkarrizketak… Zuzenekoa zen eta hori asko gustatzen zait. Horretaz gain, nire ustez, garai ezberdinak daude. Hasieran, adibidez, kaleko erreportajeak egiten hasten zara, geroago platora joaten zara…

1998. urtean, Benta Berri telesailean hartu zenuen parte aktore moduan, nolatan aukeratu zenuen proiektu hau? Bertan parte hartzeko aukera eman zidaten. Zoragarria izan zen lan taldea, aktore on askorekin egin nuen lan. Nire aktore lana, sentitzen dut, baina ez da ona edo niri behintzat ez zitzaidan gehiegi gustatu; besteena, berriz, bai. Eta haiei esker, nire ustez, nahiko telesail txukuna egin genuen. Nire mugak baditut eta nahiz eta erraztasun handiko jendea egon, aktore izateko lan asko egin behar da eta prestakuntza handiagoa behar da.

2003. urtean hasi eta hiru urtez Esta es mi Gente “talk show”-a aurkeztu zenuen. Bertan jende ezezagunek beraiei gertatutako istorio bitxi eta arazoak kontatzen zituzten. Zein izan zen kontatutako gauzarik arraroena ala gehien harritu zintuena?Asko, egunero kontatzen zizkidaten. Batzuk harrigarriak ziren. Egia esan, ez ditut denak gogoratzen; hainbeste gauza kontatzen zizkidaten! Behin Iruñako gonbidatu bat ekarri zutela gogoratzen dut… Lantalde handia zegoen programaren atzean eta haien lan paregabeari esker egiten genuen eguneroko programa. Beraiek lortzen zuten informazio guztia eta, horrela, nik errazago egin nitzakeen galderak. Normalean, zuzenean sartu aurretik, beraiekin egoteko tartetxo bat izaten nuen, haiek ezagutzeko, aurkezteko, lasaitzeko… Normalean nahiko urduri egoten dira. Kontua da, egun hartan arazoak zirela eta, ez nuela beraiekin egoteko denborarik izan. Zuzeneko programaren ordua iritsi, platora sartu eta bera zen lehenengo gonbidatua. Nik banekien Afrikatik etorritako emakume bat zela. Goitik behera beltzez zegoen jantzita, izugarrizko beldur aurpegiarekin. Begiak baino ez nizkion ikusten. Eseri zenean, bere gaia kokatzen hasi nintzen. Lehenengo galdera egin ondoren, ikusi nuen ez zidala erantzuten. Entzumen arazo bat zuela pentsatu nuen eta galdera errepikatu nion. Niri eta nire ingurura baino ez zuen begiratzen. Nik ez nekien zer egin, gainera oso luzea egiten da dena telebistan.Ondorioz, bere ondora joan eta bertan eseri nintzen urduri zegoelakoan eta shock bat eman ziolakoan. Bertan nengoela, mesedez, bere istoria kontatzeko eskatu nion. Kasurik egin gabe jarraitzen zuen. Ez zuen gaztelania ez ulertu, ez hitz egiten! Eta hori egoera barregarria izan zen, batez ere, oso surrealista izan zelako. Baina, honetaz gain, istorio harrigarri eta barregarri asko entzun nituen.

Maila nazionaleko telebista-programetan ere lanean ikusi zintugun, zein ekarpen egin dizu esperientzia honek? Profesional ugari ezagutu izan, batik bat. Azken finean, lana berdina edo antzekoa da leku guztietan, aldatzen den bakarra medioak dira. Agian, Madrileko telebista kateetan lan egiteak kontaktuak ematen dizkizu. Lan bat da eta enpesa ezberdinak daude; beraz, leku horietan lan egiten dutenekin kontaktuak izatea komenigarria izaten da profesionalki. Horretaz gain, lan talde handiagoak dituzte eta diru gehiago dago kamera edo dekoratuentzat.

Orain dela gutxi arte Oh Happy Day aurkezten ikusi zaitugu. Proiektu hau musikarako zaletasuna duzulako edo zergatik aukeratu zenuen? Alde batetik, bai. Gainera, koroen edo abesbatzen munduarekin harremana izan dut bai pertsonala eta baita profesionala ere. Betidanik gustatu izan zait. Proiektua eskaini eta aurkeztu zidatenean interesatu piztu zitzaidan, batez ere ordura arte ez zegoelako horrelako gauzarik. Badakit Euskal Herrian abesbatzen munduan jende gazte asko dagoela parte hartzen. Nire ustez, programa polita egin ahal izan genuen eta jendeari gustatu zitzaion. Espero dut hurrengo Oh Happy Day edizioa laster izatea.

Gaur egun gazte askok ikasten du kazetaritza, baina zuk izan duzun adinako arrakasta lortzea zail samarra da. Zure iritziz, zeintzuk dira kazetari batek eduki behar dituen nolakotasun edo ezaugarriak arrakasta lortu ahal izateko? Bakoitzaren araberakoa da. Nire ikuspuntutik arrakasta lortzea gaur egun lanean jarraitzea da, ez baita gutxi gaur egungo egoera zein den ikusita. Horretaz gain, izandako esperientzia horietan guztietan hainbat jende ezagutzeko aukera izatea. Nire iritziz, telebistan edo komunikabideetan lan egiten duen jendeak ikasteko grina edo jakingura eduki behar du, telebista munduan beti ikasten baitira gauzak. Ez dut uste gauza ona denik dena dakizunaren jarrera izatea. Beti ikasten dira gauza berriak eta beti saiatu behar zara jakin-min hori mantentzen. Hori ez baduzu, dena ikusita duzula eta ezerk ez zaituela harrituko uste duzunean, dena bukatu da. Nik uste dut hori dela garrantzitsuena.

Noizbait gustuko ez zenuen pertsonaren batekin lan egitea suertatu al zaizu? Nola joan zen? Lan honetan gauza bat dago: aurreiritziak. Hauek alde batea utzi behar dira telebistan lan egiteko. Nik jende askori egin dizkiot elkarrizketak: Raphael, Boris Izagirre, Alaska… Jende ezaguna ez denari ere, “Esta es mi gente”-n esaterako. Batzuek modu jakin batean jardun dute eta beste batzuek, berriz, beraien izaeraren arabera. Nork bere puntu interesagarria izaten du eta, lanean ari naizenez, ez dut bakoitzaren izaera pertsonalki baloratzen. Egia esan, ni ez noa lagunak egitera. Elkarrizketatuari profesionaltasuna eskatuko diot, ez beste ezer. Elkarrizketatuaren lana, agian, gehiago edo gutxiago gustatuko zait, baina momentu horretan garrantzitsuena nik prestaturiko galderak nola erantzuten dituen eta nik dudan jakin-mina asetzea da.

Zein motatako proiektu berri gustatuko litzaizuke egitea? Bat aukeratzekotan, elkarrizketa programa bat egingo nuke, asko gustatzen baitzaizkit. Hala ere, ez nituzke hauek egin ohi diren bezala egingo. Agian, orain gauden bezala: beste era, ingurune… batean.

Zein proiektu berri dituzu etorkizunerako? Normalean, proiektuak direnean, ez aipatzea da onena; izan ere, telebistan proiektu asko airean geratzen baitira. Dena den, Oh Happy Day programaren edizio berria egiteko asmoa egon badago eta horretan gabiltza, baina auskalo…

Kate motzean

Uda ala negua? Uda
Herri bat? Ea
Gehien miresten duzun kazetaria? Julia Oterok nola egiten dituen elkarrizketak asko gustatzen zait.
Paisaia bat? Itsasoa eta mendia bat egiten dutenean.

Eta honelaxe, kontu-kontari, eman genion amiera elkarrizketari giro ezin hobean. Elkarrizketa bukatu ondoren, baina, kamerarekin arazotxo bat izan genuela konturatu ginen Amaia eta biok: azkeneko galderak ez ziren grabatu kamera itzaldu egin baitzen. Dena den, elkarrizketaren beste zatia kameran zegoela ikusi genuenean, lasaitu ederra hartu genuen! Elkarrizketa egin ahal izatea
esperientzia benetan polita iruditu zait. Horregatik, Klaudio Landari berriro eskerrak eman nahi dizkiot elkarrizketa posible egiteagatik eta tarte hori hain atsegina egiteagatik. Mila esker, Klaudio, eta zorte on!

Comments { 2 }

Juan Mari Arzak: “Bizitzan, ahalegina egin behar da norberaren pasioa lanbide bihurtzeko”

Apirilaren 5a, inoiz ahaztuko ez dudan eguna. Halaxe da; izan ere, Juan Mari Arzak goi mailako sukaldaria ezagutzeko beta izan bainuen. Amaiaren laguntzaz, Donostiako auzo dotore bateko etorbide zabal baten bukaeran dagoen jatetxera abiatu nintzen. Gerturatzen ginen heinean, urduritasuna nabariagoa zen. Hitzorduaren aurretik iritsi ginenez, parean dagoen kafetegian sartu ginen, lotsaren lotsaz. Azkenik, ordua iritsi zen. Jatetxean sartu eta berarekin elkartu ginen. Ez nuen uste sukaldaria horrelakoa izango zenik. Zenbat anekdota! Anekdotak gorabehera, elkarrizketa aurrera ateratzea lortu genuen.

Juan Mari Arzak 1942ko uztailaren 31n jaio zen Donostian. Gaur egun, Arzak jatetxea zuzentzen du bere alaba Elenaren laguntzaz, eta munduko sukaldari onenetariko bat kontsideratua dago.

Lehenik eta behin, Juan Mari, eskerrik asko euskaljakintzari tartetxo bat eskaintzeagatik, jakin badakigu eta oso lanpetuta zabiltzala. Lasai, atsegin handiz egin dut.

Zer da sukaldaritza zuretzat? Niretzat sukaldaritza bizitza da. Bizitzan, zortea izan dut. Zuek ikasten ari zaretenok, zuen gogoko lana izateko borrokatu behar duzue, zaletasunak lan bilakatuz. Badago txinatar atsotitz bat zera esaten duena: “Zure irritsezko lana aurkitzen baduzu, jada ez duzu lanik egingo.” Eta hori da niretzat sukaldaritza: nire bizitza, zaletasuna… Eta oso ondo nago, oso pozik sentitzen naiz.

Gaztetik zabiltza sukaldari mundu honetan, noiz eta nola erabaki zenuen horixe nahi zenuela egin? Ni etxe honetan jaio nintzen, gure aita bederatzi urte nituela hil zen eta gure amak jatetxea jaso zuen nire aitona-amonekin. Ondoren, atzerrira joan nintzen batxilergoko ikasketak burutzera, eta Donostiako Jesuitetan amaitu nituen. Amaitzean, aparejadore ikasketak egin nituen arren, Madrilgo ostalaritza eskolan sartu nintzen. Gainera, ondo etorri zitzaidan Donostian bizitzea, amaren jatetxetik gertu. Hau da, nik betidanik ezagutu dut mundu hau, baina amak oturuntza handiak prestatzen zituen eta niri ez zitzaidan lan mota hori gustatzen, nahiago izaten nuen lan artistikoagoa. Beraz, ostalaritza eskolan sartu nintzen. Ordura arte ez nekien ondo zer zen; izan ere, hori orain dela 48-49 urte jazo zen. Eta nahiz eta bizita osoa lapiko artean eraman, orduantxe konturatu nintzen benetan asmatu nuela.

Gazte asko izango dira zure bidea jarraitu nahi dutenak. Zein izan dira, zure ustez, sukaldaritzaren gailurrera eraman zaituzten arrazoi edo pausoak? Lehenik, zer egin behar da sukaldari ona izateko? Hasteko, mundu guztiak egiten duen modura, batxilergoa egin behar da, horrek kultura orokorra ematen baitigu. Ondoren, karrera unibertsitario bat egin behar da; izan ere, horrek kultura espezializatuagoa ematen digu. Nik batxilergoan eta ostalaritza eskolan ikasi beharrekoa ikasi nuen. Ondoren, sukaldeko bizimoduan barneratu nintzen, eta orduan konturatu nintzen benetan asmatu nuela eta hori zela nire benetako grina. Beraz, oso pozik sentitu nintzen, eta guztiok pozik geunden. Geroago alde egin nuen. Oinarri bat hartu eta gero, nire kasuan batxilergoa eta ostalaritza eskola, munduan zehar bidaiatu behar da. Mundua umiltasunez, ikasteko gogoz, gauzak ikusiz eta leku batean eta bestean lana eginez zeharkatu behar da. Azkenik, aurrera ateratzen zara. Lan eta esfortzu handi baten ondorioz, oso ongira iritsiko zara. Oso ongia ez dago batere gaizki, ezta? Zuk dena oso ongiaz gainditzen al duzu? Bai. Guzti-guztia? Bueno, guzti-guztia ez. Bizitzan oso ongia ondo dago, baina bikaina lortzeko, aurreko guztiaz gain, horretarako jaioa izan behar da.

Esan bezala, gaztetatik zabiltza sukaldaritza munduan. Zein bilakaera jasan du mundu honek bertan zaudenetik? Gauzak asko aldatu dira, zalantzarik gabe. Nire iritziz, gauza guztiak kulturizatu egin behar dira eta, kasu honetan, sukaldaritza etengabeko bilakaeran dago. Garai batean gauzak desberdinak ziren. Pentsa, gaur egun ikerkuntzarako sukalde bat ere badugu! Hau da, gauzak aldatu egin dira eta asko aldatu ere. Pixka bat barregarria ere bada, beti zer egin behar dugun esaten digutelako. Baina egin, egin behar da, sukaldaritzan puntua aurkitu behar den moduan. Errezeta bat egiten duzunean, osagaiak botatzen dizkiozu, gazi-gozoak, baina ondoren puntu hori eman behar diozu. Baina zein da benetako puntua? Ezin esan daiteke. Egindako hori probatu egin behar da eta, agian, zerbait falta zaiola konturatzen zara. Hori ezin da azaldu, bakoitzak bere puntua baitu, bizitzan bezalaxe.

Horrenbeste sari jaso ondoren, ba al duzu ilusio berezirik egin dizunik? Bi motatako sariak daude, bihotzez jasotakoak eta profesionalak. Ni donostiarra naiz jaiotzez eta, gainera, harro nago horretaz. Eta niri, nolabait esateko, ilusio handiena egin didan saria Donostia hiriko urrezko domina da. Nahiz eta hainbat sari jaso ditudan, agian mundu mailan garrantzitsuagoak direnak, Donostiako hiriak eman zidan domina hori da guztietan garrantzitsuena niretzat. Gipuzkoako saria jaso nuenean bezala, izugarrizko ilusioa egin zidan. Horrez gain, Espainia mailan ere hainbat jaso ditut, alde guztietan. Baina Donostiakoa izan zen gehien hunkitu ninduena.

Otorduak prestatzen, telebistan, liburuak argitaratzen, hitzaldietan… ikusten zaitugu behin eta berriz. Nondik lortzen duzu aisialdirako denbora eta zertan ematen duzu denbora hori? Alejandro Magnori gauza bat galdetu zioten: “Nolatan zara hain magnoa? Nolatan bideratzen dituzu gauza horiek guztiak?” Eta horrela erantzun zuen: “Oso sinplea da, egin behar den gauza bakarra da dakien jendeaz inguratu.” Ostalaritzan, nire lanean, jende jakintsuaz inguraturik nago; izan ere, Arzak, nire alaba Elenak eta biok eramaten dugu, bion artean zuzentzen dugu eta, horrez gain, talde bikaina dugu. Beraiek gabe ez ginateke ezer izango. Hori gutxi balitz, Elena eta ni tandem bat gara, sinbiosi handia dago bion artean: Ondorioz, berdin pentsatzen dugu ia denetan eta hori zoragarria da niretzat. Gainera, Elena munduko emakume sukaldarien artean hiru onenetarikoen artean izendatu dute eta horrekin dena egina dago. Sukaldari onena bakarra dela esango dute batzuek, baina ez du axola Elena edo beste bat izatea; izan ere, onenen artean izendatu baitute. Eta niretzat oso berri pozgarria izan da. Horrela, bera ez dagoenean, ni egoten naiz jatetxean, eta alderantziz. Arzak egile-sukaldaritza da. Bertan dastatzen den guztia hemen bakarrik dasta daiteke, ez beste inon. Horrez gain, eboluzio, inbestigazio eta abangoardiazko sukaldaritza da eta, nola ez, euskal sukaldaritza lantzen da. Hau da, nahiz eta sukaldaritza modernoa izan, euskal jatorria izango du beti. Era horretan, hemengo sukaldaritza besteetatik bereiziko da, eta han-hemenka dastatzen ibiltzen den norbaitek euskal zaporea bereizi ahal izango du.

Azkenaldi honetan, inbestigazioa bultzatu duzue zuen sukaldaritzan. Zein helbururekin? Behin El Escorialen, Ferran Adriarekin hitzaldi bat ematen ari nintzela, zera aitortu nion: “Ferran, inbestigazioa bultzatu eta antolatu behar dugu. Izan ere, lanean zabiltzan bitartean, ez duzu pentsatzeko astirik izaten. Alde batetik, bezeroen eskariak dituzu eta, bestetik, jatetxea aurrera ateratzeko otorduak prestatzen aritu behar zara. Ondorioz, sukaldetik kanpo dagoen leku bat sortu behar da, sukaldean gertatzen denarekin zerikusirik ez duten batzuk lanean jardun daitezen. Era horretan, haiek sukaldean zer egin dezakegun pentsatzen dute, zuzenean parte hartu gabe.

Zertan inspiratzen zarete zuen plater berezi eta magiko horiek sortzeko? Bada, gauza guztietan. Adibidez, goiko laborategiko sala batean, lehortutako 1.600 produktu ditugu jasota. Beraz, bertara igo eta ideiak hartzen ditugu. Esaterako, berde koloreko arroz bat lortu behar badugu, bertara jotzen dugu; izan ere, kolore hori lortzeko Vietnameko tinta berezi bat behar da, baina mota horretako arroza saltzen duen denda aurkitu eta ekartzen dizutenerako, ideia joan egiten zaizu. Horregatik, arroz arrunta hartu eta perrexil-zukuarekin nahasiz, nahi dugun koloreko arroza lortzen dugu. Ondorioz, aipatutako sala hori ideia-biltegi bat da. Hori gutxi balitz, kalea erabiltzen dugu. Kalea? Bai, kalera irteten gara ideia berrien bila. Batzuetan, sukaldariak kalera irteten gara, gure ingurukoa sukaldari-begiez aztertzera, sukaldariok mundua sukaldari-begiez begiratu behar baitugu. Adibidez, semaforo bat ikustean, 3 kolore dituen txokolatina bat ikus dezakegu; zapalduta dagoen coca-cola poto bat ikustean, beste mota bateko txokolatina bat… Beste behin, arrautza bat amaitzen ari ginela, zerbait berezia falta zitzaiola konturatu nintzen. Horregatik, kalera irten ginen ideia berrien bila, eta, bat-batean, paper gainean espraia erabiliz graffitiak egiten ari ziren gazte perutarrak aurkitu genituen, hauei eskupeko bat eskaini eta Benegas lurrindegira joan nintzen. Bertan, hutsik egoten diren esprai ontzi batzuk eskatu nituen. Era horretan, sukaldean sartu nintzen eta arrautzarekin lanean jarri ginen: pzz-pzz txipiroi saltsarekin arrautzaren alderdi bat igurtzi genuen, eta, bestea, pzz-pzz perrexil zukuarekin. Ondorioz, bi koloreko arrautza lortu genuen. Horrez gain, oso garrantzitsua da besteak harritzeko gaitasuna izatea, besteak txunditzen jakitea, alegia. Horretarako, garrantzi handia du haur baten modura pentsatzeak. Eurek duten imajinazioa plazaratzen jakitea.

Esango al zeniguke zein izango den zuen hurrengo sortze-lana? Oraintxe bertan horretan ari gara, lau gauzen inguruan. Beti aritu ohi gara horrela: lauzpabost gauza hartu, eta horiekin saltseatu. Baina inoiz ezin daiteke jakin zein izango den azken emaitza.  Garrantzitsuena da egiten duzuna goxoa egotea. Hori hasteko; izan ere, bestela ez litzateke jendea itzuliko eta.  Baina horretaz gain, gauza berriak deskubritzen joan behar gara eta, ez hori bakarrik, oso garrantzitsua da sukaldaritzan sasoi ezberdineko produktuei erreparatzea. Unean dauden produktuak erabiltzea, garaikoak. Orain ilarrak aurki ditzakegu, eta erabili egin behar dira (niri asko gustatzen zaizkit). Gainera, ezinbestekoa da produktu on eta freskoak erabiltzea. Nik betidanik kontsumitu izan ditut produktu onak: behar-beharrezkoak dira, bizitzeko arnastea behar-beharrezkoa den bezalaxe.

Zure jatetxetik pertsonaia famatu ugari pasatu da. Ba al duzu kontatu daitekeen anekdota berezirik? Zuek, adibidez (barre egiten du). Hainbat jende pasatu da jatetxe honetatik, alor desberdinetako jende garrantzitsua: artistak (badakizu Donostiako Zinemaldiari esker), kirolariak, Nobel saridunak… Adibidez, Pedro Echenique fisikaria, Nobel saria jasoko duena, hemen askotan izan da lanean; izan ere, gure laborategian hainbat kimikari ditugu lanerako eta Pedrok askotan lagundu izan digu. Nahi duzu anekdotaren bat kontatzea? Bai. Begira horrelako gauza harrigarriak askotan gertatu zaizkit, jende asko ezagutzen baitut. Gogoan dut, behin New Yorken Robert De Niro, Michael Douglas eta beste hainbatekin elkartu nintzenean. Zinemaldia prestatzen ari ginen. Michael, aurrez, nire jatetxean izana zen. Kontua da ni ez naizela moldatzen ingelesez eta itzultzaileari esan nion Michael Douglasi adierazteko nire jatetxean egona zela. Douglasek nire jatetxearen izena galdetu zidan eta Arzak esan nionean, benetan txundituta, esan zuen nire jatetxean bezain ondo ez zuela inon jan inoiz. Are gehiago, bertan bildurik zegoen prentsa guztia elkartu zuen Arzaken inon baino hobeto jaten zela esateko. Ez zen horretan geratu gauza; izan ere, hurrengo egunean, New York eta munduko mailako prentsak Douglasen hitzak berrietara eraman baitzituzten.

Zein uste duzu izango dela euskal sukaldaritzaren etorkizuna? Etorkizun oparoa izango du: eboluzioa, inbestigazioa eta abangoardia.

Etorkizun oparoa, beraz… Bai, oso. Gainera, oraingo gazte jendea gu baino prestatuago dago: kultura handiagoa, baliabide gehiago… Lehen, sukaldaritzan sartzen zen hark lanbide bat behar zuelako izaten zen. Orain, berriz, sukaldaritza gustuko dutelako sartzen dira gazteak mundu honetan, aukera berri bat da eta ondo ikusia dago. Esaterako, orain Cullinary Center berriari esker, bertatik aterako diren ikasleak abokatu, mediku… mailan egongo dira, guztiak oso profesionalak.

Zuk zer eskaini behar diozu Mondragon Unibertsitateak sortu duen Basque Cullinary Center-ari? Momentuz, patronatuko kidea naiz. Horrez gain, ahal dudan guztietan bertatik pasatuko naiz, ahal dudan guztietan laguntza eskaintzeko. Baina klaserik ez dut emango, ez baitut denbora libre handirik. Hala ere, unibertsitatearekin kontaktuan izango naiz.

KATE MOTZEAN

Zein da kontsumitzeko edo prestatzerako gehien gustatzen zaizun haragia? Asko gustatzen zait usakumea, gehiegi agian.

Arrainei dagokienez? Legatza, dudarik gabe.

Ardo bereziren bat? Errioxako ardo on bat.

Zein plater gustatzen zaizu gehien ontzerako orduan? Ez dut plater berezirik.

Zer duzu nahiago besteentzat prestatzea edo besteek zuri? Nik prestatzen dudan hori jatea gustatzen zait, besterik gabe.

Azkenik, nori ez zenioke inoiz otorduren bat prestatuko? Pentsatzen aritu naiz, horregatik erdi erlaxatu naiz, eta egia esan ez dut inolako pertsonarik aurkitzen. Ez, ez dut inor aurkitzen eta, gainera, ezin esango nuke.

Eskerrik asko, Arzak, zure munduaren ikuspegi hori pixka bat denon eskura ipintzeagatik, euskaljakintzakoon artean zabaltzeagatik eta sukaldaritza munduaren misterio batzuk argitzeagatik. Esperientzia interesgarria eta guztiz positiboa izan delakoan nago. Sentitzen dut bideoaren kalitatea ez izatea oso ona, baina jatetxean geunden eta inguruan bizi-bizi lanean zebilen jendea…

Comments { 8 }
-->