Tag Archives | erosketak

Klik batera saltokian eskura dezakezun guztia

Aurreko batean, kuxkuxean nenbilela Consumer Eroski aldizkaria eskuetan, artikulu erakargarri batera iritsi nintzen. Jarraian datorren paragrafoan pausatu nituen begiak:

Merkataritza elektronikoa etorri eta gurean geratu da, betirako nonbait, urterik urte geroz eta azkarrago hazten ari baita: Espainian, 2005ean aurreko urtearen aldean, %16 handitu zen baina 2006an %30 hazi eta 2.800 milioi euro fakturatu zuen. Azterlarien iritziz, une hauetan Espainiako merkataritza nazional osoaren %1era iritsi da, Estatu Batuetan hartu duen mailara (%5) oraino gerturatu ez bada ere.

interneten erosiInternet bidez erosketak egiteaz ari gara, alajaina. Nahi dugun gauzarik arraroena ere bertan ikus dezakegu salgai, baina sarri askotan salmenta hauek anonimoak izan ohi dira. Horregatik, etxetik mugitu gabe produktu bat eskuratzeak bere alde txarrak ere baditu, iruzur baten aurrean egon baikaitezke. Egoera honen inguruan hausnarketa egiten hasiz gero, konturatuko ginateke erosketa burutu aurretik hainbat aholkuri arreta jartzea komenigarria dela. Hasteko, erabakia hartu baino lehen bi aldiz pentsatu eta eskaintzaren lehen inpresioarekin bakarrik ez geratzea da egokiena. Ez hori bakarrik, zalantzen aurrean informazioa eskatu, eta enpresa erregistratua dagoen edo ez ikusi. Horrez gain, beste kontu bati ere arreta ipini behar diogu. Arropa erosteko garaian, esaterako, ez pentsa webguneko argazkian azaltzen den kamiseta zuri berdin egokituko zaizunik; beraz, saltokietan probatzeko duzun aukera hori ez ezazu horrela galdu! Jarraian, informazio pertsonala eskatuko dizute. KONTUZ! Kontu-korrontearen edota kreditu-txartelaren zenbakia eskatuz gero, ez zaitez besterik gabe fida. Amaitzeko, bidaien kasua aipatuko dugu. Internet bidez bidaia bat eskuratu nahi izanez gero, egiaztatu prezioak bidaia agentziekin.

Honaino iritsita, zein dira, bada, baliabide honen alderdi positiboak? Aurrekoagatik ez badirudi ere, bat baino gehiago dira! Internetek eskaintzen dituen produktuak mundu osoko saltoki guztietan dauden produktuak dira. Honek esan nahi du kanpoko produktu, botika edota garrantzizko zerbaiten beharrean bagaude, ez dugula zertan bidaia hori egin produktu hori eskuratzeko. Webgune fidagarri asko daude eta horien erabilerak aurrerapen itzela suposa dezake; horregatik, webgune horiez informatzeak bere garrantzia du.

e-commerceDena den, produktu eta zerbitzu bitxiak ere hortxe daude. Jaso dudan eskaintza bati buruz hitz egingo dizuet. Duela ez asko, zur eta lur geratu nintzen ikasleoi egiten zaigun proposamen batekin. Irailean azterketak dituzten unibertsitateko ikasle horiei txuletak egiten dizkieten jendea omen dago, eta txuleta horiek sarean salgai ipini!

Abantailen haritik tira eginez, sarrera-salmenta zerbitzua aipatu beharra dago. Zine, futbol partidu, antzerki edo kontzertu baterako sarrerak aldez aurretik eskuratzeko aukera eskaintzen du sareak, ikusteko irrikaz gauden ikuskizun horretarako sarrerarik gabe gera ez gaitezen. Gainera, Internet 24 orduz irekita dagoen denda elektronikoa izanik, edozein momentutan egin daitezke erosketak eta informazio guztia eguneratua eskaintzen du.

Lehen aipatu bezala, erosketak egiteko Internet erabiltzen dugunok gero eta gehiago gara. Nire helburua ez da baliabide honen inguruan informazioa ematea, zuek erosketak era honetan egitera animatzera baizik. Behin webgune bakoitzaren nondik norakoak argi dituzuenean, oso erosoa da eskatu duzun hori etxean izatea klik batez eta egun edo aste batzuen esperoan. Horregatik nago gehiago erabili beharko genukeela erosteko modu hau. Bi aldiz pentsatu, eta ez zaitezte alderdi negatiboekin geratu, gakoa informazioa eskuratzea baita. Lehen esan dudan bezala, behin fidagarri den webgune batekin topo eginez gero, aukera txalogarriak eskuratuko dituzue eta ia erosketa gehienak Internet bidez egitea erosoago egingo zaizue.

Jarraian ikus dezakezuen bideoak, guztia laburbiltzeaz gain, gauzak argiago ikusten lagunduko dizue:


 

 

 

Comments { 1 }
-->