Egunero bezala etxera iritsi eta telebista piztean, berrietan entzuna ez nuen albiste txundigarri bat azaldu zen: hainbat turista, Balear Uharteetan batez ere, oporrak pasatzeko alokatutako hotel edo apartamenduetatik balkoitik pistinara botatzeko ohitura zabaltzen hasia zen gauean alkoholaren eraginez. Edozeinek pentsa dezake altuera gutxiko saltoak egiten dituztela, baina telebistan ikusitako bideoetan izugarrizko altuera dagoela ondo asko ikus daiteke. Jokaera hau ez dela guztiz zentzuduna nabarmena dela uste dut, eta gai hau barrez leher gaizto egitekoa ez dela. Era berean, garbi dago ganoragabekoek bakarrik egiten dituztela horrelakoak eta, nire esperientzietan oinarrituz, batzuen jarrerak egoki izatetik urrun daudela ere esatera ausartzen naiz. Baina honen guztiaren aurrean zerbait egiterik ba al dago?
Hasteko, nire intentzioa ez dela denak zaku berean sartzea garbi adierazi nahi nuke. Askotan aurki ditzakegu burua pitzatuta duten pertsonak eta arazo larri bihur daitezkeen horiek. Egia da, azken urteotan, txundituta geratzen ari garela kanpotarrek sortzen dituzten berri txar guztiekin. Aipatzekoa da gauza onak ere ekarri dituztela gure herrialdera, baina balantzan jarri eta gauza txarrak onak baino ugariagoak izaten hasten direnean dator arazoa.
Kanpotarrek dakartzaten arazoez pentsatu bezain laster, immigrazioa datorkit burura; izan ere, gure gizartean bori-borian egon ohi den gaia baita hau. Ez da batere erraza gai honetan jarrera argia hartzea, aldeko eta kontrako hainbat argudio baititu. Lehendabizi, hona zergatik etortzen diren pentsatzen badugu, guk ere berdin jokatuko genukeela uste dut. Egoera bortitzak bizitzen dituzte euren herrialdeetan (politika arazoak, gerrak, ikasketak burutzeko aukera eskasak, erlijio arazoak…) eta, maiz, handik alde egin beste erremediorik ez dute izaten.
Hale ere, nire senetik ateratzen nau hona etorritako askok arazo larrietan murgiltzen direla jakiteak (droga kontuetan, lapurreta munduan…), eta aipatzekoa da gure gizarte aurreratura hainbat gaixotasun ere, antza denez, ekartzen dituztela. Ildo berean, ez da batere zentzuzkoa beste herrialde batera joan eta euren jatorrizko ohiturei erabat eustea. Nire ustez, jaso dituzten herriaren hainbat ohituratara egokitzen saiatu beharko lirateke. Bestalde, gure gizartera multikulturalismoa ekartzen dute eta honekin aberastu egiten gaituzte.
Jarraitu nahi nuke beste hainbat gauza on ere ekartzen dituztela aipatuz; halere, arazo honi konpobide bat ematen saiatzeko giltza izan daiteke euren herrialdeetan egoera hobera joan dadin saiatzea, gure laguntza eman beharko genieke hona jende kopuru murriztuagoa etor dadin eta arazo gutxiago topa ditzagun gure gizartean, beste gai zailagoetan nahikoak ditugu eta gaur egun.
Milaka gai erlaziona daitezke kanpotarrekin, aurreko biak eta beste zenbait, baina benetan arazo guztiekin bukatuko duen formula nork dauka? Eta are gehiago, gizarte arazo hauekin guztiekin bukatuko lukeen irtenbiderik ba al dago? Egongo balitz ere, ziur asko ez ginateke denak ados egongo.
Kanpotarren gaia esparru desberdinetara zabal daiteke, baina badago puntu bat zeinetan denok ados gauden: zenbait gauza on eta txar dakarzkio gai honek gure gizarteari. Harluxet hiztegian kanpotar hitzaren esanahia bilatzen saiatuz gero, zera aurkituko genuke: “Kanpokoa dena, kanpotik etorri dena”. Argi dago kanpotar hitza oso zabala dela eta kanpoko horiei mugak, alderdi guztietakoak, noraino ezarri behar zaizkien eztabaidatzea dela askoren eguneroko lana. Dena den, informazioa ahal den objektiboen jaso, aldeko eta kontrako argudioak pentsatu eta zuek zeuok hausnartu behar duzuela iruditzen zait.
Iruzkin berriak