Tag Archives | euskararen_naioarteko_eguna

Abenduaren hiruan (ere), euskara ahoan

Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, euskararen inguruko pasarte bat kontatzera natorkizue. Duela urte asko Argitxoren gutun bat jaso nuen, Ikastolako jolastokian jolasean nenbilela nire ahizpak eman zidana. Ezer gutxi zegoen gutunean idatzita, baina karta hura jasotzeak izugarrizko poza eman zidan. Gaur egun oraindik irribarrea eragiten dit gutun hori irakurtzeak.

Harrigarria da nola lortu zuen Argitxok gutun soil baten bitartez lauzpabost urteko haur bat euskararen garrantziaz jabetzea. Egunero euskaraz hitz egiten ari ote nintzen begira zegoela iruditzen zitzaidan, eta beti saiatzen nintzen euskara ahalik eta gehien ahoan izaten.

Orain, ordea, jabetzen naiz euskararen egoera gero eta zailago bilakatzen ari dela; izan ere, berau zapaltzen duten legeak gero eta gehiago dira. Euskararen normalizazioaz etengabe hitz egiten digute, euskararen erabilera normalizatzen ari diren irudia saltzen diguten; baina bitartean, adibide bat jartzearren, Euskal Herrian haur asko dira euren medikuari ulertu ezin diotenak.
Geure ama hizkuntzak historian zehar egoera latz eta zailagoak ere bizi izan ditu, baina, zorionez, garai hartan asko izan ziren euskaraz hitz egiten jarraitu zutenak eta haiei esker mantentzen dugu maite dugun hizkuntza gure egunerokoan, haiei esker jarraitzen dugu euskaldun izaten. Izan ere, zer da, ba, euskaldun egiten gaituena? Bada, horixe, euskara. Orain geurea da erantzukizuna; jarrai dezagun, beraz, euskaldunok euskaldun egiten gaituen hori zaintzen.

Comments { 3 }
-->