Azkenaldi honetan sare sozial berriak sortzen hasi dira. Gure artean ezagunenak facebook eta tuenti dira. Tuenti facebooken konpetentzia dela esan daiteke, lehenago sortu baitzuten azken hau Harvardko Unibertsitatean. Facebook arrakastatsua unibertsitateko gela batean zeuden ikasle batzuen artean komunikatzeko sortu zuten hasieran, baina pixkanaka-pixkanaka zabaltzen joan da ia edonon ezaguna izatera iritsi den arte. Estatu Batuetakoak dira erabiltzaile gehienak; halere, Kanada, Ingalaterra, Kolonbia, Mexico, Brasil eta Argentinak ere asko dituzte. Bada, ordea, facebooki lehia egiten hasi zaion sare sozial berri bat: tuenti. Hala eta guztiz ere, sare honek Espainian du garrantzirik handiena. Bi sare sozial hauek elkarren antza handia dute; bietan ekintza berdinak egin daitezke: argazkiak publikatu, lagunak argazkietan etiketatu, argazkiak iruzkindu…
Tuenti gazteentzako sortutako lagun-sare bat da. Bertan, izena emandako pertsona orok bere profila izango du, hau da, bere tuenti-orria. Tuenti-orria lortuz gero, nahi dituzun argazki guztiak igo ditzakezu, zure blogean testua idatzi, besteen tuenti-orrietan edota argazkietan iruzkinak ipini… Gainera, nork bere profilaren pribatutasuna aukera dezake, alegia, lagunek baino ez zaitzakete ikus, edo norberaren lagunen lagunek, edota edonork… Ezarpen horiek edozein unetan alda ditzake profilaren jabeak. Honetaz guztiaz gain, pertsonak oso erraz aurki daitezke izen-abizenen bidez, duten lana edota doazen eskolaren izenaren bitartez, bizilekua bilatuz, parrandan ibili edo irteten diren tokien baitan, lagunen lagunak direla medio… Esan daiteke beta pribatu bat dela. Gauzak horrela, bertan sartu nahi baduzu, erabiltzaileren baten gonbidapena jaso beharko duzu e-posta bitartez.
Atzera eginez, jakin dugu proiektu hau 4 pertsonek sortu zutela 2005eko azaroan. 2006ko amaierara arte, ordea, ez du izango bere loraldia. Izenak ere badu bere historia; izan ere, sortzaileek izenak “tu” eta “ti” izatea nahi zuten -“tu entidad” hitzen antza izateko- eta, horregatik, tuenti izena jarri zioten. Urte eta erdi geroago, sare sozial garrantzitsuenetariko bat dela esan daiteke, gazteentzako gehienbat.
Gune honek antzeko besteekin duen lehia handia da, eta norgehiagoka horretan tuentik asko irabazten du arestian aipatu dudan pribatutasun aukera dela eta. Facebookek, adibidez, ez du horrelako aukerarik, eta horrek erakargarritasun handiagoa ematen dio tuentiri. Irabazi duen ospeari esker, tuenti handienekin ari da borrokatzen sare sozial onena izatera iristeko asmoz.
Laburbilduz, esan daiteke tuenti pixkanaka handitzen joan dela, eta gaur egungo sare sozial ezagunenetakoa dela. Hala eta guztiz, asko dira tuentiko erabiltzaile izatea txarra dela diotenak, denbora asko jaten baitu eta bere mendera eror baitzaitezke. Ez baduzu hori sinesten, zoaz tuenti duen norbaiti galdetzera eta berak zalantza guztiak argituko dizkizu…
Iruzkin berriak