Tag Archives | gaixotasuna

Amesgaiztoari amaiera eman ezinik

Nork bere erara bizi du bere bizitza. Berak nahi dituen ekintzak egin, dituen ametsak bete, helburu desberdinak lortzen saiatu…Kontua da bizitzak mugak jartzen dizkiola gizakiari . Hainbatetan ezin dugu aurrera egin. Argi dago gizakiak duen funtsezko eskubidea bizitzearena dela, baina zer gertatzen da egoera larrienetan zaudenean? Gaixotasunen bat, edo hiltzeko zorian zaudenean? Merezi al du aurrera jarraitzea? Eutanasia onargarria al da?

Eutanasia gaixotasun larri bat duen gizakia heriotzara eramatea da, bere sufrimenduarekin amaituz, eta makina baten menpekotasuna utziz. Bi iritzi kontajarri topa daitezke gaur egun gizartean gai honi buruz. Eutanasiarekin ados daudenak egokiena gaixoari hiltzen laguntzea dela pentsatzen dute. Noski, gaixoak haren zorigaiztoko bizitzarekin amaitu nahi badu. Kontrako iritzia duten pertsonei, aldiz, gaixoari heriotza erraztea gehiegizkoa iruditzen zaie. Horien ustez, gaixoa ez da gai, kasu horietan, bere bizitzari buruz erabakitzeko. Sufrimendua du, ikusten du ez dela gai ezer egiteko…eta, horregatik, heriotza iruditzen zaio biderik egokiena.

Nire uste apalean, nork bere buruarekin nahi duena egiteko ahalmena izan beharko luke, nork bere amaiera erabakitzekoa. Esperantzarik ez duenak heriotza irtenbiderik egokiena dela pentsatzen badu, hautatzeko eskubidea izan beharko luke. Erraza da pertsona osasuntsu bat izanda hitz egitea, baina ipin gaitezen une labur batez gaixoaren lekuan, makina baten menpe eta nahi duena egin ezinik bizi denaren tokian. Irudikatu zure bizimodua edozer egiteko beste pertsona baten beharra izango bazenu. Hori bizitza da? Gaixoak amesgaizto horrekin amaitu nahi badu, zergatik ez? Egia da hainbati hori bide errazenetik jotzea dela irudituko zaiola, borrokatu egin behar dela egoera latzenetan. Ados. Nik, dena den, gaixo horiei emango nieke erabakitzeko eskubidea.

Iritzi guztiak errespetagarriak direla esango nuke amaitzeko; halere, gizakiaren sufrimendua, etsipena… jokoan daudenean, muturreko iritzi eta debekuen tokian jarri ordez, sufrimendu hori pairatzen ari denaren azalean jartzea aholkatuko nuke.

Comments { 1 }
-->