Tag Archives | gizarteak

Gaur zugatik eta bihar nigatik

odola (FlickrCC, Abhishek Jacob)

Odola zain eta arterietatik barrena doan eta gizabanakoaren organismoan behar-beharrezkoa den likido gorria da, eginkizun garrantzitsuak betetzen dituena hainbat arlotan. Elikagaiak edota oxigenoa garraiatzen ditu gure organismoan zehar beste eginkizun askoren artean eta beharrezkoa dugu bizi ahal izateko. Hori horrela izanik, edozein egunetan, zoritxarrez, gure inguruko edonori gerta lekioke odolaren beharra izatea, edota geuk izatea behar hori. Gogoz hartuko genukeela, iruditzen zait, edonorena bi aldiz pentsatu gabe, premia izango bagenu. Baina zer gertatuko litzateke odol hori eskuratzeko aukera izango ez bagenu, odol-emaile gutxi daudelako? Eta zer, gure bizia arriskuan egongo balitz? Egoera honetan jartzen dut sarritan neure burua, eta ohartzen naiz oso garrantzitsua dela odol-emaile izatea. Gaur zugatik, bihar nigatik.

Ildo beretik, noizean behin odola emanez jende asko lagundu dezakezula jakitea harro egoteko modukoa dela iruditzen zait. Hori oso garrantzitsua izan daiteke norbanakoarentzat. Hamar minutu besterik ez dira, eta, ahalegin hori eginez, bizi bat salba daitekeela jakite hutsak ulertarazten dit zein garrantzitsua den emaile izatea.

Sarean informazio bila nenbilela jakin dut abesti bat egin dutela Argentinan, odol-emaile izatearen arrazoi esanguratsuenak adieraziz. Interesgarria iruditu zait abestiarekin helarazi nahi duten mezua, jendea odol-emaile izatera bultzatzen baitute:

“Donar es dar la vida, es dar amor, es la salida, es un comienzo para que estemos mejor”.

Kontua da honetan lanean ari direnek aspaldi iragarri dutela jende gehiagoren beharra dagoela, hau da, jende gehiagoren borondatea edo nahimena behar dutela odola emateko garaian. Jende berriaren premia dute; izan ere, adin batetik aurrera odola eman ezinik geratzen dira asko eta asko gaixotasun ezberdinengatik, horrela emaile kopurua jaitsiz.

Egin zaitez odol-emaile (FlickrCC, _Matt_T_)

Zoritxarrez, asko daude emaile izan nahi luketenak eta arrazoi ezberdinengatik, gaixotasunen bat dela medio, ezin dutenak.

Jende askoren aitzakia da izua; halere, nire ustez, ezinak ez du legerik. Ez horixe! Beldurrak gainditu behar ditugu, laguntza handia eman dezakegulako eta oso garrantzitsua izan daitekeelako askorentzat. Egia esan, ni horrelako gauzetarako ez naiz batere ausarta; nolanahi ere, nire beldurrak gaindituz, egunen batean hurrengoa esan ahal izateko egoeran egongo naizen ustean nago:

“Odol-emaile naiz, zu zergatik ez?”

Comments { 5 }
-->