Tag Archives | GorkaUgalde

Gorka Ugalde, eskiatzailea: “Eskia lan indibiduala bada ere, taldearen laguntza beharrezkoa da”

Gorka Ugalde Ordizian jaio zen 1993ko urtarrilaren 28an. 21 urte ditu eta eskiatzailea da. ADE ikasten ari da Donostian. Kirola orokorrean gustatzen zaio, baina eskiatzea da gogokoen duena eta, elkarrizketan zehar ikusiko dugun bezala, lorpen handiak egin ditu alor honetan.

Gorka Ugalde Nerea eta Elaiarekin elkarrizketa egunean

Gorka Ugalde, elkarrizketa egunean, Ainhoa eta Elaiarekin

Kaixo Gorka, lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizugu elkarrizketa egiteko aukera emateagatik. Badakigu 3 urte zenituela hasi zinela familiarekin hobby bezala eskiatzera joaten. Zerk bultzatu zintuen pauso bat harago ematera? Formigalen hasi nintzen eskiatzen familiarekin, esan duzuen bezala. Formigaleko klubak nahiko ondo nenbilela ikusi zuen, eta animatzen hasi ninduten. Hasieran, nire amari ez zitzaion oso ideia ona iruditu, baina pixkanaka hasi nintzen. Ondo pasatzen nuen eta gorantz joaten hasi nintzen, gero eta serioago hartuz.

15 urte zenituela joan zinen Jakara ikastera, zaila egin al zitzaizun lagunak eta familia hemen utzi eta hara joatea? Bai, bizitza osoa herrian eman dut, eta bat-batean kanpora joatea oso zaila egin zitzaidan. Azkenean, halere, afizioa dela eta, gauza horiek egiten dira; gustura gainera.

Gorka Ugalde jaitsiera batean

Gorka Ugalde jaitsiera batean (Gorkaren

Zure lehenengo lasterketa Baqueiran izan zen eta hirugarren postua lortu zenuen, nola gogoratzen duzu momentu hori? Oso garai polita izan zen. Oso gutxi entrenatu nuen ordura arte eta presio gabe joan nintzen. Egia esan, ustekabekoa izan zen hirugarren postu hori, baina hortik aurrera, gehiago entrenatzeko aukera izan nuen. Gauza polit bat bezala gogoratzen dut.

Igaro al duzu momentu latzen bat? Ez dut gogoratzen momentu latzik igaro izana. Halere, beti daude momentu zailak entrenamenduetan zein txapelketetan. Agian, igaro dudan momentu latzenetako bat sorbalda atera nuenean izan zen, baina hilabetetxo bat besterik ez zen izan.

Zein da eskiatzen gogoratzen duzun momenturik politena? Entrenatzean beti daude momentu politak, baina gero txapelketetako emaitza onak dira gogoratzen dituzunak. Denetatik politena, Espainiako txapelketa irabazi nuen unea.

Zure bizitzako 18 urte igaro dituzu eskiatzen eta etorkizunean eskiatzen jarraitzea pentsatzen al duzu? Bai, oraindik beste urte batzuk txapelketetan parte hartzen igarotzea espero dut, eta, erretiratzean, asko gustatuko litzaidake entrenatzaile gisa edo eskiekin loturiko zerbaitetan jarraitzea.

Astean zehar 6 egunetan dituzu entrenamenduak. Nolakoak dira? Gogorrak iruditzen al zaizkizu? Bai, nire entrenamenduak hauek dira: goizean pistan entrenatzen dut; eta arratsaldean, aldiz, gimnasioan. Hori normalean astean 6 egunetan izaten da, eta egun bat izaten dut libre. Txapelketaren bat izanez gero, asteburuetan joaten naiz entrenatzera. Gogorra da; dena den, gogoz eginez gero, ez da hain gogorra egiten.

Zenbat ordu izaten dira egunean? Goizean 3 edo 4 ordu izaten dira, eta arratsaldean pare bat ordu gimnasioan.

saria jasotzen (Gorkaren Facebooketik)

Badakigu ADE ikasten ari zarela. Astean 6 egunetan entrenamenduak izanda, nola lortzen duzu ikasketak eta kirola uztartzea? Eski-garaian nagoenean, 6 egun entrenatzen ditut. Eski-garaiaz kanpo nagoenean, ordea, gimnasiora joaten naiz, eta horrela eskoletara joan naiteke. Neguan, eskoletara joaten ez naizenez, apunteak lortzen ditut, eta nire kasa ikasten dut. Gainera, unibertsitatean nire ordutegira moldatzen dira, eta azterketa datak ere aldatzen dizkidate; beraz, alde horretatik ondo laguntzen didate.

Txapelketen aurretik ba al duzu erritualik? Normalean, beti erritmo bera eramaten dugu: ordu berdinean gosaltzen dugu eta pare bat jaitsiera egiten ditugu berotzeko. Gero lehenengo ekitaldia deitzen dena izaten da; hau da, lehenengo jaitsiera. Ondoren, tarte bat uzten dute bigarren jaitsieraren ordua iritsi arte. Bi jaitsieren artean denbora onena lortzen duenak irabazten du.

Dakigunez, “Super Gigante” lasterketan irabazteko txartel guztiak zenituen, baina eskietako bat banderatxo batean trabatu zitzaizun. Zer sentitu zenuen une horretan? Pare bat urte igaro dira lasterketa hori izan zenetik. Esan bezala, jaisterakoan trabaturik geratu zitzaidan eskia. Hori askotan gertatzen den gauza bat da, baina amorru handia ematen dizu ondo zoazenean ta irabazteko aukerak dituzunean.

Austriara, Frantziara… joaten zara eskiatzera, nola lortzen duzu hara joatea, diru laguntzak jasotzen dituzu edo zuk ordaintzen duzu? Kanpora joaten naizenetan, federazioarekin joaten naiz. Hala ere, Gipuzkoan ere laguntzak ematen dizkidate eta Euskadiko zein Espainiako federazioek ere laguntzak ematen dizkidate. Nik Aragoiko federazioan entrenatzen dut, eta bertatik ere laguntzak jasotzen ditut.

Denok elkarrekin egoten zarete. Zer ematen da gehiago zuen arteko lagunartekotasuna edo lehiakortasuna? Lehiakortasuna beti egoten da, baina nik uste dut lagunartekotasuna gehiago ematen dela. Eskia lan indibiduala bada ere, taldearen laguntza beharrezkoa da; izan ere, ezin baitzara nonbaitera entrenatzera bakarrik joan. Taldean joaten zara. Nahiz eta jaitsiera zuk bakarrik egin, laguntza oso garrantzitsua da. Pistan minutu batez zu bakarrik zoaz jaisten, baina gero egun osoa duzu taldearekin egoteko. Besteekin ondo eramaten ez bazara, ezinezkoa da.

Jaitsierari ekiteko prest (Gorkaren Facebooketik)

Jaitsierari ekiteko prest (Gorkaren Facebooketik)

Eskiatzen neska askok parte hartzen dute? Bai, badaude neskak. Gure taldean, adibidez, lau mutil eta hiru neska gaude. Gehiago ere izaten dira.

Lesioak izaten dira? Normalean, lesioak izaten dira, arrisku asko dituen kirola baita; hala ere, ez da horretan pentsatu behar, bestela ez duzu hobetzerik.

Eguraldiak zein eragin du entrenatzerako garaian? Eguraldiak asko baldintzatzen gaitu. Nahiz eta eguraldia ona izan, gora iristean elurra ez badago ondo, ezer gutxi egin daiteke. Hala eta guztiz ere, positiboki hartu behar den gauza bat da, jaitsiera egin ordez, beste zerbaitetan hobetzeko aukera izan daitekeelako.

Zein aholku emango zenioke eskiatzen hasi berri den bati? Eskiatzera joateko aukera duten guztietan joan daitezen, eta lasterketetan has daitezen. Kirol polita da. Badakit zaila dela, baina aukera badute, behintzat, aprobetxatzeko eta proba egiteko.

Zein prestakuntza behar da kirol hau praktikatzeko? Kirol prestakuntza orokor bat beharrezkoa da. Kardioa, potentzia… ere asko lantzen da. Beharrezkoa da erabateko kirolaria izatea.

Oso interesgarria izan da. Eskerrik asko etortzeagatik. Eskerrik asko zuei.

Comments { 0 }
-->