Tag Archives | haurrak

Ez dut ezkondu nahi: umea naiz! (I)

UNICEFek urteko argazki aukeratu zuen 11 urteko neska afganiarra eta 40 urteko gizonaren arteko ezkontza agertzen duen argazki hau.

Esan dezakegu ezkontza bat behartu eta goiztiarra dela bi pertsonen baimena gabe aurrera eraman eta presioa zeremoniaren zati denean. Ezkontza behartuetan, “wali” deritzon hirugarren pertsona batek ematen du baimena, umeen aukeratzeko eskubidea urratuz, ezinezkoa baita haur horiek erabaki zentzudun bat hartzeko adina helduak izatea.

Hegoaldeko Asia eta Saharan azturazko dira behartutako ezkontzak. Intervidaren azken txostenaren esanetan, Bangladeshen, 51 emakumeekiko 15-19 urte bitarteko 5 mutil daude ezkonduta; Malin, 5 eta 50 artean kokatzen da gazte ezkondu horien kopurua eta, Guatemalan, 8 eta 24 bitartean. Afaganistan eta aipaturiko lurralde horietaz gain, Indian, Yemenen, Nepalen, Etiopian, Chaden eta beste hainbat txoko afrikarretan, Mexicon, Colombian eta Perun ere jazotzen dira modu horretako ezkontzak. Dirudienez, munduko 70 herrialde azpigaratu baino gehiagotan gertatzen dira. Hala ere, umeen eskubide eta ongizatearen gaineko Karta Afrikarrak espresuki onartzen du neskatxen ezkontza goiztiarrengandik babesteko eskubidea, giza jardunbide kaltegarria baita. UNICEFek dioenaren arabera, ordea, une honetan 10 eta 17 urte dituzten neskatilen arteko 82 milioi ezkonduko dituzte 18 urte bete aurretik. Afganistanen, neska gazteen %16 ezkontzen da 15 urte bete baino lehen. Zoritxarreko ezkontza behartuak dira eta senarrek maite duten beste emazte bat aukera dezaketen arren, emazteek ez dute aukerarik. Ezkontzeko gutxieneko adina emakumeentzat 16 urte eta gizonentzat 18 urte izanagatik ere, adin txikikoen ezkontzak %43 dira.

Ez pentsa, baina, ezkontza behartuak lurralde “txiroetan” baino ematen ez direnik. Alemanian, esaterako, neska gazte etorkinen artean, %20-30 ezkontza horien erruz joaten da etxetik. Bestalde, Britainia Handiko Barne Ministerioak ezkontza behartuen 1.000 kasuri egin behar izan dio aurre azken lau urteotan.
Igarotzen den minutu bakoitzeko, 156 neskatxa behartzen dira ezkontzera, 40 nerabe geratzen dira haurdun eta 14-15 urte bitarteko 5 neska kutsatzen dira hiesaz. Haatik, ez dira neskak usantza hau pairatzen duten bakarrak, kasuen %15en gizonak baitira ezkontzera behartzen dituztenak.

Warren Jeffs, Texaseko arrantxoa maneiatzen zuena, 10 urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten eta epaiketa gehiagoren zain dago.

Noizbehinka entzuten ditugu zentzugabekeria honen aurkako ekintzak eta albisteak; dena den, beti izango dira urriegi. Horien artean, Texasen gertaturikoa dugu, non 137 adin txikiko aske geratu ziren sexu gehiegikeriak nozitzen zituzten arrantxo batetik. Halaber, Habibari agitutakoa dugu. 13 urteko neska bizkor hau 23 urteko gizon batekin egongo litzateke une honetan ezkonduta bere gelakideen salaketa tartean izan ez balitz; izan ere, bere lagunak izan ziren superintendenteak legea aplika zezan lortu zutenak eta, oraingoz, ikasten jarraitu ahal izango du. Ez zuen zorte bera izan Afganistango hiru urteko neskatila batek, ostera, zazpi urteko bere lehengusuarekin ezkontzera behartu zutenean. Baby Pathani, 13 urteko pakistandarra, aitak enparatu zuen aitonak erabakitako ezkontza baliogabetuz. Alabaina, prezio bat ordaindu behar izan zuten eta bai aitona aitona eta baita hirurogei urteko ezkontidea ere zigorrik gabe geratu ziren. Beste kasu bat S-rena dugu, jatorri bangladeshtarra duen neska britainiar batena. 16 urte zituelarik, te kikara bat edan eta seko lo geratu zen. Esnatu zenerako, familia osoarekin Bangladeshera joateko hegazkin bat hartzeko zorian zegoen aireportuan. Atzipetuta eraman zuten bertara eta ukatu arren, gizon batekin ezkondu zuten. Hainbat katramilaren ostean, jazotakoa aitortu zuen eta orain ezkontza baliogabetzea planteatzen ari da. Hauek guztiak kasu solte batzuk baino ez dira… (jarraipena, bihar)

Comments { 0 }
-->