Aurreko batean, lagun batekin hitz egiten nengoela, jabetu ginen hurrengo egunean Donostiara joan behar genuela enkargu bat egitera. Horrela izanik, hurrengo egunean ikastola amaitu bezain pronto, trena hartu eta Donostiarantz abiatu ginen. Trenean geundela eta nola jakin gabe, bat-batean herri eta hiri handi baten arteko ezberdintasunez eleketan ari ginela ohartu ginen eta, esanak esan, “nik herria nahiago†esaldiarekin amaitu genuen solasaldia. Esaldi hau gero eta gutxiago entzuten dugu. Zergatik? Zer dute herriek hiri handiek ez dutena?
Hasteko, herri eta hiri baten arteko diferentziak bereizi behar ditugu. Hiria biztanle dentsitate handiko leku eraiki bat da, zerbitzuak (hezkuntza, aisialdirako, osasuna…) bermatuta dituela. Herria, aldiz, populazioa txikiagoko lekua izango da, eta zerbitzu gutxiago izango ditu.
Hasieran aipatu bezala, gaur egun gero eta gehiago dira hirietara bizitzera joaten direnak, abantaila gehiago ematen dituztela pentsatuz; halere, herriek ere badituzte onurak, nahiz eta askotan ez jabetu; izan ere, elkar hobeto ezagutzen da jendea, eta horrela, laguntza behar izanez gero, errazagoa izango da elkarri esku ematea.
Herrien munduarekin jarraituz, hauek lasaitasun eta aire garbiagoa dute, ezin konpara daiteke herri bateko giroa eta hiri handi batekoa. Hirietan, nonahi aurkitzen ditugu autoak, gora eta behera, jendea presaka eta zarata handia, honek guztiak kutsadura ekarriz. Herri batean, aldiz, auto, jende eta zarata gutxiago dago. Baina ezberdintasunik nabariena trafiko aldetik dator; izan ere, hiri handietan ibilgailu kopurua pairaezina egiten da. Ez hori bakarrik, autoa aparkatu nahi izanez gero, gehienetan ordaindu beharra izaten da. Londresen, adibidez, autoz hirigunera sartzeko, tasa bat ordaindu behar da. Egia da, trafikoa arintzeko hirietan bide gorriak, tranbia, kaleak oinezkoentzat… egiten ari direla; hala eta guztiz ere, orokorrean trafikoak jasangaitza izaten jarraitzen du. Askotan, hirietatik ateratzeak minutu luzeak eramaten dizkigu.
Are gehiago, herrietan trafiko gutxiago dagoenez, segurtasun handiagoa dago. Horrela izanik, ume edo gaztetxoak lasaitasun eta segurtasun handiagoarekin ibiliko dira; izan ere, hirietan segurtasun eskasa dago alderdi honetan. Ez hori bakarrik, herrietan aztura da, adinez oso handiak ez badira ere, umeak lagunekin kalera joatea. Hirietan, berriz, segurtasun urriarengatik, adin dezente gehiago dutenean utziko zaie kalera ateratzen lagunekin.
Jarraitzeko, hiri arras handietan berdegune gutxi dago. Hiri horietako biztanle askok ez dakite zer den lurra edo belarra zapaltzea eta, jakina, jakiteak ez du ogirik jaten! Ez hori bakarrik, hiri handiko zenbait biztanlek ez du inoiz ikusi barazkiak non hazten diren, ez bada telebistan. Modu berean, herrietan paisaia berde
zoragarriak aurki ditzakezu eta aziendak belazeetan, baina hiritar askok hau oso gutxitan ikusia izango du.
Jakina denez, hiri batek herri batek baino aukera handiagoak ematen dizkigu alderdi askotan: aisialdirako, edozein motatako saltoki-guneak aurkitzeko, garraio publikoan… Herri batean hauek guztiak topatzeko zailtasun handiagoak izango ditugu. Dena dela, egun, garraio publikoa (herri askok dute, adibidez, trena) edo bakoitzaren autoa erabiliz, egun pasa hirira joan zaitezke eta listo; horrela, aukera duzu zerbitzu horietaz baliatzeko, hirian bizi gabe.
Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: hiri handi bateko zerbitzuak herri batean ezin aurki ditzakezun bezala, hiri handi batean ezin duzu herri bateko lasaitasuna, segurtasuna edo aire garbi hori topatu. Ondorioz, zure esku dago nola bizi nahi duzun aukeratzea. Baina ez al duzu nahiago lasai, seguru eta aire garbiagoarekin bizi?
Jarraian, Goierriko herri batzuen paisaiak ikus ditzakezue bideoan:
Iruzkin berriak