Tag Archives | hondamendiak

Laguntza musu truk!

Sutea AustralianJakina denez, duela hilabete bat gutxi gorabehera Australia hegoaldeak sute ikaragarria jasan zuen. Aipatutakoak izugarrizko tragedia eragin zuen. Alde batetik, lurraldea erabat kaltetuta geratu delako; eta, bestetik, biztanle ugarik galdu duelako bizia, berrehun bat inguruk. Horrez gain, beste biztanle asko larri zaurituta daude eta etxe ugari erreta. Biztanleek, suteaz ohartzean, suhiltzaileen beharra suma zuten. H auek gauak eta egunak eman zituzten suaren aurka; izan ere, haren indarra izugarria zenez, zailtasun ugari izan zituzten itzaltzeko. Honekin jarraituz, diotenez, suak herri batzuk zeharo sakailatu zituen, suak aurrean zuen guztia erre baitzuen. Horren ondorioz, hegoaldeko ia lurralde guztiak suntsituta geratu ziren. Biztanleak erabat atsekabetuta daude gertatutakoagatik; lehen aipatu dudanez, zauritu larri eta hildakoak egotez gain, askok euren etxea ere galdu eta orain noraezean baitaude.

Hau guztia dela eta, Australiako gobernuak makrokontzertu bat antolatzea erabaki zuen. Bertan, australiar talde eta abeslariez gain, nazioarteko talde ezagunek ere parte hartu zuten. Makrokontzertua pasa den ostiralean, martxoaren 14an, ospatu zen. Giroa alaitzeaz arduratu ziren horien artean egon zen Kylie Minogue abeslari australiarra, erabateko konplizitatea erakutsiz bere herritarrekin. Australiako izarraz gain, Coldplay talde ingelesaren aktuazioaz, besteak beste, gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Kontzertuaren helburua, lehen aipatu dugun legez, ezer gabe geratu diren australiarrentzat diru-laguntza lortzea zen. Komunikabideetan entzun eta irakurri dudanez, sekulako arrakasta izan zuen kontzertuak. Gauzak horrela, ikaragarrizko erantzuna izan zuen jendearen aldetik, eta , antza denez, herrialdean eman den kontzerturik jendetsuenetarikoa izan da.

makrokontzertuaEzin ukatu laguntza eta kidetasun handia ekarri duela musika-saioak australiarrentzat. Nolanahi ere, lurralde askok jasaten dituzte mota ezberdinetako tragediak, alegia, gosete, izurrite eta hondamendi naturalak; ia egunero mota honetako albisteren bat jasotzen dugu, egia esateko, baina garbi dago gertakizun askoren aurrean ez direla honelako jarduerak martxan jartzen. Esan daiteke australiar gobernuak aurrera eramatea erabaki duen ekintza mota antolatzerakoan, eragina izaten duela herrialdearen ahalmen ekonomikoak eta baita nazioartean duen irudi edota ospeak ere. Nire uste apalean, hondamendien aurrean tratu berbera jaso beharko lukete herrialdeek; holakorik gertatuz gero, samin bera jasaten baita herrialde batean zein bestean; izan ere, herritarren mina berbera da bai Australian, bai Kenian, bai edonon.

Azkenik, esan beharra daukat dirua biltzeko kontzertuaren ideia paregabea iruditzen zaidala, era horretan abeslari eta artisten konpromisoa ikusten baita (betiere, modu desinteresatu batean emana badator, hau da, dohainik eta borondate hutsez.). Hori dela eta, honelako ekintzen kopurua areagotzea seinale positiboa dela iruditzen zait, pertsona guztien inplikazioa eta konpromisoa agerian geratzeaz gain, garai ez hain atseginetan denek bat egitea lortzen baita.

Comments { 1 }
-->