Tag Archives | ideiak

Metablogintza

Zertaz idatziko dut? Horixe da burura etortzen zaigun lehen galdera artikulu bat egiterako garaian. Mundu mailan milioika gauza gertatzen ari diren arren, ezin dugu aurkitu gustuko gai bat. Baina badira lan hau erraztuko diguten hainbat erreminta interneten.

Nik gehien erabiltzen dudan tresna, eta pertsonalki erabilgarriena iruditzen zaidana, Google Reader da. Honen erabilpena oso erraza da, hala ere beraien YouTubeko kanalean aurki dezakezue tresna honen oinarrizko erabilerarako laguntza batzuk. Zer-nolako laguntza eskain dezake Readerrek, baina? Esaterako, botanikaren mundua zure pasioetako bat bada, lanabes honek interneten botanikaz hitz egiten den orrialde batzuk gomendatuko dizkizu. Honek gaia pentsatzearen atala erraz dezake. Horrela, botanika oso interesgarria iruditzen zaizunez, Google Readerrera iristen zaizkizun botanikari buruzko sarrerez hitz egiteko gai izan beharko zenuke.

Behin gaia aukeratu duzula, beste urrats handi bat dago. Artikulu mota. Nolako artikulua egingo dut? Kritika egingo al diot gai bati ala informazioa besterik ez dut emango? Web orrialde honetan 15 aukera ematen dituzte. Horietako batzuk dagoeneko euskaljakintzanjorratzen ditugu (liburu bati kritika eta elkarrizketa, esaterako). Pertsonalki oso artikulu interesgarria iruditu zait; izan ere, blog bat kudeatzen dugunok askotan gaia eduki arren, ez baitakigu irakurleari hura nola adierazi.

Gaia aukeratu duzu eta dagoeneko badakizu zein artikulu mota egin behar duzun. Orain beste arazo bat dugu, baina. Nola hasiko naiz? Ondo idatzi al dut? Nondik aterako dut informazioa gai honi buruz? Lehen aipatutako web orrialdean, artikulua idazteko 15 aukerak emateaz gain,artikulu on bat idazteko 7 ohar edo laguntza ere eskaintzen ditu. Denok jakin beharko genuke badaudela informazio iturri oso onak Googlez gain. Delicious, adibidez, oso bilatzaile ona da. Bertan erabiltzaileek interesgarriak iruditu zaizkien web orrialdeak gordetzen dituzte eta, ondorioz, Google bilatzailean aurkitzeko oso zailak diren web orrialdeekin topo egin dezakezue.

Lehen aipatutako zazpi oharrez gain, badago nire ustez zortzigarren bat: estekak ondo jartzea. Hauek zure informazio iturriak adierazteko erabiltzen dira; pertsona batzuek, ordea, ez dituzte estekak ondo erabiltzen. Hauen funtzioa, ez da, nolabait esatearren, txakur edo etxe hitzen esanahia adieraztea. Esteka on batek aipatu duzun gai horri buruzko informazio gehiago dagoen toki bateta eraman behar zaitu. Adibidez: “(…) Gabon gauean urtero hildako asko egoten dira errepideetan, Diario Vasco egunkarian azaltzen den bezala 10 hildako egon dira aurten (…)”. Ikusten duzuenez, informazioa zabaltzeko erabili dut esteka.

Bukatzeko, beste pare bat gauza hartu behar dira kontuan. Alde batetik, irudiak edo bideoak txertatu, hauek artikulu bat erakargarriagoa egiten baitute. Eta, bestetik, artikuluari gainbegiratu bat eman eta ortografia akatsak edo linkak ondo jarrita dauden egiaztatu.

Ohar edo gomendio hauek artikulu bat idazteko bidea samur dezakete, baina ez dituzte mirariak egiten; izan ere, atikulu on baten oinarria lana baita.

Comments { 1 }
-->