Tag Archives | ikastola

Software Askea Jakintza Ikastolan

Ikasturte hau berezia izaten ari da Jakintza ikastola osatzen dugun komunitateko kide guztiontzat. Dakizuenez, gure ikastolak software askea erabiltzeko erabakiaren azken urratsa emanez, ikasturte honen hasieratik, ikastolako ordenagailu guztiek software librea baino ez dute.

Horrek, pentsa dezakezuenez, bere eragozpenak eta zailtasunak eragin ditu. Hori bai, guztion borondate onarekin aurrera ateratzen ari gara. Nolanahi ere, askotan, borondate ona ez da nahikoa eta ezinbestekoa dugu adituen laguntza eta eskarmentua. Hor kokatu behar dugu gure IKT dinamizatzailea den Jokin Lacallek prestatu eta gaur argitaratu duen gune berria.

Izugarria iruditu zaigu Jokinek prestatu digun txokoa. Hiru atal nagusitan banatuta dago:

Dokumentazioaren atalean, Software libreari buruz ikuspegi ezberdinak jorratzen dituzten testuak eta azalpenak topatuko ditugu. Laguntzaren atalean, Ubuntu, OpenOffice eta Mozilla Firefoxi buruzko bideo tutorialak, gidak eta fitxa teknikoak eta deskargak topatuko ditugu. Eztabaidagunean berriz, foro irekia dugu gai hauen inguruko zalantzak, ekarpenak, kritikak… luzatzeko.

Gunea eraikitzeko egundoko lana egin duen arren, gunea ez dago itxita eta guztion partaidetza bilatzen du poliki-poliki osatzen joateko. Beraz, hemendik ere dei bat luzatu nahi dugu jendearen partaidetza sustatzeko eta Jokinek dioen bezala: “Ea oraingoan etekin gehiago ateratzen diogun egindako “montaje” honi. Benetan pozgarria izango litzateke eta gunea osatzen jarraitzeko behar diren animoak eskuratzeko baliagarria.”

Horra hor gunearen aurkezpenean irakur daitekeen mezua:

2009-2010 ikasturtea berezia izan da gure ikastolan. Urte biren bueltan, ikastolan erabiltzen dugun software ia guztia librea izatea pasa gara.

Eman dugun urratsa ez da nolanahikoa izan, ikasle eta irakasleok bizi dugun egunerokotasunean eragin handia izan duen erabaki bat izan da. Aurretik egin den informazio eta kontzientziazio lana garrantzitsua izan bada ere, ezinezkoa da egoera berri honek ekarriko dituen gorabehera guztiak aintzat hartu eta aurretik lotuta izatea.

Gidatzen kotxea hartuta ikasten den bezala, software berria erabiltzen eta praktikatzen ikasten da. Eta orduantxe sortzen zaizkigu galdera, kezka eta laguntza behar nagusienak. Tira ba, txoko berri honek horiei guztiei erantzuna ematea du helburu, hasi berri dugun ibilbide honetan topatuko ditugun oztopoak gainditzen laguntzeko.

Ez da hori, baina, helburu bakarra. Badago beste bat, hain nabarmena ez dena agian, baina aurrekoa bezain garrantzitsua dena. Software askearen komunitatea eredugarria zerbaitetan baldin bada, hori erabiltzaileen artean dagoen lankidetza eta elkarlanarengatik da. Izpiritu hori ere gurera ekartzea nahiko genuke.

XXI. mendeak bere lehen hamarkada bete berri duen garai honetan, ikaskuntza norabide bakarrean gertatzen dela azaltzen duten teoriak atzean geratu dira. Gaur egun ikaskuntza zerbait soziala bezala ulertzen da, dialogikoa, denok denongandik ikasten dugu. Parekoen arteko eztabaidak, argudioen kontrastea, galde/erantzunak… ezagutza taldean eraikitzen laguntzen dute. Ikaskuntza eredu berri hau oraindik gehiago nabarmendu da teknologia berrien garapena eta interneten gertatu den iraultzarekin, batez ere.

Txoko honek denon eskura ipintzen ditu oinarrizko azpiegitura, komunikaziorako ingurunea, eztabaida eta argudioen hartu-emanetarako lekua baina badago zerbait zure esku bakarrik dagoena. Talde bezala ikasten joateko eta beharrezko heldutasun eta alfabetizazio digitala lortzeko, zure partaidetza behar-beharrezkoa da. Zure lankidetza eta partaidetza taldearen mesederako izango dela sinistuz bakarrik beteko du gune honek bere helburua. Zure esku dago, beraz, txoko honek ibilbide luzea izatea edota gauerdiko ahuntzaren eztularen parekoan izatea.

Jakintza.net-en argitaratua

Comments { 5 }

Kilometroak 09

Udazkena Donostian
Zurriolaren ertzean
Kilometro jai-giroa
Etorkizuna hurrean
Ilusioa piztu zait
Ikusi zaitudanean
Mundura egin nahi nuke
Zurekin aldamenean (…)
Gure leihoa
Mundua da
Gure bidea
Euskara da
Gure gogoa
Elkarlana
Kilometroak (…)

kmk-09_logoa_250Dagoeneko jakingo duzun bezala, urriaren 4an, ospatuko da Donostian Kilometroak 2009, Gipuzkoako ikastolen festa, “hirekin mundura” lemapean. Aspaldiko ohitura denez ikastolen arteko elkarlana, aukera paregabea dugu, igandean, Donostia aldera hurbildu eta euskara eta ikastolei gure elkartasuna eta, nola ez, gure laguntza eskaintzeko.

Antolatzaileek behin eta berriro esaten ari direnari jarraiki, tren zerbitzua erabiltzea aholkatzen dizuegu Donostiara hurbiltzeko. Maiztasun handiz ibiliko dira igandean RENFEko trenak eta zalantzarik gabe, trenarena da aukerarik onena Donostiatik joan-etorria egiteko. Denborarik gal ez dezazun, eta Donostiara iritsi bezain pronto zirkuiturako sarbideren bat topa dezazun, hementxe dituzu sarrerak:

ZIRKUITURAKO SARRERAK:

Zirkuituan sartzeko bost sarbide egongo dira:
1. Donostiako mendebaldetik datozenentzat, Kursaaleko zubian.
2. Bigarren zubiti, edota Gros nahiz Egia-Loiolatik datozenentzat, Nafarroako etorbidearen erdi-erdian dagoen errotondan.
3. Kotxeretako gunea. Intxaurrondo auzotik eta Garbera eta 27. Poligonoko aparkalekutik datozenentzat.
4. Ategorrietako tren-geltokian, (Renfe) trenez datozen guztientzat.
5. Uliako Haztegietan, Trintxerpe-Pasaiako aparkalekutik datozenentzat.

Besterik gabe, eta egun eder bat pasatzeko aukera izan daitekeelakoan, har ezazue gure agurrik beroena.

(Jakintza.net-etik hartua eta moldatua)

Comments { 0 }

Ikastolaren Eguna larunbatean

jakintza_ordiziaAurten, Ikastolaren eguna ekainaren 6ean ospatuko dugunez, ekintza desberdinen programaren berri eman nahi dizuegu eta parte hartzeko gonbidapena luzatu bai guraso, ikasle eta irakasleei.

Haur Hezkuntza eta LHko Lehen Ziklora zuzendutako ekintzak

Goizeko 10:30ean Villa Eugenian ikastolan elkartuko gara guraso,ikasle eta irakasleak.

Plaza nagusian:

  • 10:45 ean Korri Xalto eta Brinko pailazoen emanaldia izango dugu ikusgai.
  • 11:45ean LH2ko Abesbatzaren emanaldia izango dugu.

Bukaeran guraso bakoitzak bere seme-alaba jaso beharko du.

Lehen Hezkuntzako Bigarren eta Hirugarren Ziklora zuzendutako ekintzak

  • 10:30ean Barandiaran plazan elkartuko gara ,3. eta 4.mailakoak . Bertan jokoetan parte hartuko dugu.
  • 10:30ean Barrenako plazan elkartuko gara 5. eta 6. mailakoak. Altxorraren bila ibiliko gara herrian zehar.

DBH eta Batxilergoko Zikloetara zuzendutako ekintzak

  • Goizeko 10:30ean guraso,ikasle eta irakasleen arteko futbol partidua frontoian.
  • Goizeko 11:30ean Frontoian, Herri kirolak izango ditugu.

EKITALDI HAUEN GUZTIEN AMAIERAN 12:15EAN HAMAIKETAKO GOXOA IZANGO DUGU GUZTIONTZAT FRONTOIAN.

Oharrak:

  • Kilometroak 2009ko arropa salgai izango duzue. Aurten Zurriola ikastolak antolatzen du.
  • Birziklairako jarriko diren zabor poltsak izendatuta egongo dira. Erabil itzazue mesedez
Comments { 0 }
-->