Tag Archives | informazioa

Ireki begiak, ikusi mundua!

Irratia, telebista kateak, egunkariak eta gizartean gero eta leku handiagoa bereganatzen ari den interneta dira, oro har, gaur egungo komunikabide funtsezkoenak. Egunero-egunero milaka albiste begiratzen edo entzuten ditugu, baina jakitun al gara gure bizitza pribatuan duten eraginaren dimentsioaz? Ba al dakigu noren esku dauden komunikabideak? Nork mugatzen dituen? Are gehiago, zenbateraino jartzen ditugu zalantzan berriak?

Behin baino gehiagotan izan dut errealitatearen eta albisteen arteko distantziaren lekuko izateko aukera. Horrexegatik, ene aburuz, informazioari mugak ez ezartzea funtsezkoa da; izan ere, errealitatea osotasunean ez azaltzeak manipulaziora eraman gaitzake.

Bestalde, jakin badakigu politika arloan trikimailu gisa erabiliak izan direla sarritan, estrategia politiko zenbaiten oinarri izatera iritsi arte, gertaera hau oso ohikoa baita garaiko gizartean. Hori horrela izanik, hedabidearen objektibotasuna zalantzan jarri edo kasu batzuetan deusezta genezake; izan ere, pertsona baten edo pertsona talde baten gidaritzapean egonik, galdu egiten da lehen aipaturiko ezaugarria.

Era berean, azpimarratu behar da komunikabide zenbaitek zentsura pairatu behar izan dutela. Esaterako, Euskal Herrian Egin egunkariak, Egin irratiak, Ardi beltza aldizkariak eta Euskaldunon Egunkariak. Adibide hauen bidez ikus daiteke, beraz, badela hedabidea mugatzen duenik (nahiz eta teorian, informatzeko eskubidea denok izan).

Arestian esan dudanagatik, kritikariago izaten jakin beharko genukeela uste dut; eta ondorioz, etorkizunean komunikabideek ez lukete egungo ahalmen bera izango. Horrek norberaren iritzia askatasunez garatzen lagunduko luke.

Comments { 4 }
-->