Tag Archives | kauta

Kauta, otsailaren 20an Ordizian

Kauta musika kautataldea Ordiziako Herri Antzokian izango da otsailaren 20an, ostiralez, Isladak bere hirugarren diskoa aurkezten. Iragan Durangoko Liburu eta Disko Azokan, Kautaren azken lana izan zen cd-rik salduena, eta arrazoi horrek bultzatu ditu antolatzaileak Kauta Ordiziara ekartzera, “herriko eta eskualdeko gazteei punta- puntan dabilen taldearen lanaz gozatzeko aukera eman nahi diegulako, euskarazko musikaren emaitzak ezagutzera ematearekin batera.”

Ordiziako Udaleko Euskara eta Kultura Sailek antolatu dute Kautaren kontzertua. 2009ko lehen lauhilabetekoan lau kontzertu programatu dituzte guztira. Benito Lertxundik jarri zion hasiera kontzertu-sortari, eta Kautaren ondoren, Rafa Rueda (martxoak 18) eta Beasaingo Sugan taldea (apirilak 8) antolatu dituzte. Benito Lertxundiren kontzertuan 600dik gora entzule bildu ziren eta Kautaren kontzertuan eta ondorengoetan ere jendearen erantzuna ona izatea espero dute.

Andoaingo hiru gaztek osatzen dute Kauta taldea: Mikel Moreno (ahotsa, gitarra), Adrian Elustondo (baxua) eta Gorka mendizabalek (bateria). Musikan aditu direnen esanetan, rock alternatiboaren, punkaren edota Emoaren jarraitzaile dira.

Dagoeneko salgai dira Kautaren kontzerturako sarrerak. Otsailaren 20an Herri Antzokiko leihatilan 12€ balioko du sarrerak, eta aurrez, berriz, 10€. Honako lekuetan daude jada salgai: Ordiziako D’Elikatuz gunean; Zaldibiako Kultur Etxean; Legorretako Olaso tabernan; Goierriko Hitzak Beasainen duen egoitzan; Lazkaoko Gerriko liburu-dendan; Ataungo liburutegian; Segurako liburutegian, Idiazabalgo Izpar dendan eta Ormaiztegiko Itxune tabernan.

Comments { 0 }
-->