Tag Archives | klima_aldaketa

Klimak postontzia irekitzen duenean

klima-aldaketaAzken egun hauetan nonahi agertu dira. Ziurrenik lehenengoz, eta zalantzarik gabe azken aldiz, erakutsiko dute euren gorpu beharra kameren aurrean. Mundu mailako berria izan da. Baliteke azken hatseko irudiak Lur osoan zabaldu izana hileta duinena ez izatea, baina Kenian ez daude behiei hiletak egiteko. Gainera, irudi gogorrak erabili ezean, zaila dirudi titularretako monopolioa irabazia duen hitza ordezkatzea. Izan ere, krisiak beste arazo ugari bigarren planora bidali ditu, hala nola, ustez, hildako 1500 behi hauen atzean dagoen klima aldaketa. Bai, klima aldaketak hor jarraitzen du.

Klima aldaketa adierak faktore natural eta antropogenikoen ondorioz klimak denbora tarte konparagarri batean jasan dituen aldakuntza adierazgarriei egiten die erreferentzia. Azken mende hauetan gizakiak fenomeno honetan izan duen eragina dela eta, ordea, espresio honen zentzua aldatuz joan da; gaur egun, Nazio Batuen arabera, denbora tarte konparagarri batean, zuzenki edo zeharka, gizakiak atmosferan eragin duen aldaketa da. Berotegi-efektua ere deitzen zaion arren, Zientzien Akademia Nazionalak termino honek fenomenoaren ezaugarri guztiak biltzen ez dituela, eta ondorioz, “klima aldaketa” erabiltzea egokiagoa dela dio.

Esan bezala, klima aldaketa berotegi efektua baino areago doa, lurraren berotzeaz gain, prezipitazio maila, itsaso maila eta ekaitzen intentsitate aldaketa, ipar nahiz hego poloen urtzea, desertizazioa eta bere ondorio zuzena diren goseteak, uholdeak, baso-soiltzea… suposatzen baitu. Edonola ere, zer da berotegi efektua? Labur-labur esanda, atmosferako hainbat gasek lurrak igorritako erradiazioari atzera irteten uzten ez diotenean gertatzen den fenomenoa da, lurreko tenperaturen igoera dakarrena. Hau, hein batean, naturala eta beharrezkoa da, bestela lurra hoztu eta bizitza ezindu egingo baitzen, baina gaur egun gizakion CO2 igorpenen eraginez gehiegizkoa bilakatzen ari da. Atmosferan dagoen gas honen kontzentrazioa XVII. mendearen amaieran hasi zen igotzen, Lurra bere historia geologikoan pilatzen joan den erregaiak erabiltzen hasi ginenean. Petrolio, ikatz eta gas naturalaren erreketak atmosferako CO2 kantitatea igoarazi egin du, eta gas honen metatzeak tenperaturen igoera ekarri du. Gizakiak tenperatura neurtzen duenetik (duela 150 bat urte), tenperatura 0,5ºC igo dela baieztatu da. 2020rako 1ºC eta 2050erako 2ºC igoko dela aurreikusten da. Estatistiken arabera, 1860tik, neurketa fidagarriak egiten hasi zirenetik, alegia, izan diren uda beroenak azken bost urteetan izan dira. Nolanahi ere, gogorrena zera da, berotegi-efektuko gasek denbora luzez dirautela; eta beraz, gaur isuritako gasak ondorengo generazio askok jasan beharko dituztela: igorritako CO2ren %50ak 30 urte beharko ditu desagertzeko, %30ak hainbat mende, eta geratzen diren %20ak, milurteko ugari.

Ondorioak mila dira, eta gehienak kaltegarriak. Glaziarrak eta mendi garaietako izotzak urtu, eta itsas maila igo egingo litzateke, hainbat hiri eta kostalde urperatuta geratuz. Hiri horietako jendeak emigratu egin beharko luke, eta honek arazo politiko eta ekonomiko latzak lekarzke. Bestalde, klima berotzeak gaitz tropikalen zabalkundea ekar lezake, beroarekin intsektuak asko hedatzen baitira. Malaria, sukar horia, eskistosomiasia eta beste hainbat gaixotasunek lurralde tropikalek ez ezik, egundaino eritasun horiek izan ez dituzten herrialdeek ere pairatuko lituzkete. Halaber, bero eta hotz uhinak, sekulako tifoi eta urakanak, lehorte bortitzak eta euriteak aurreikusten dira beste hainbat gertakariren artean.

kenya-dead-cow-close-upAgian, bati baino gehiagori zera otuko zaio: “Eta zer egin daiteke arazo larri honi aurre egiteko?” Bada, aurrez aipatu bezala, ezin ditzakegu naturari eginiko kalteak konpondu -edo geure buruari azken batean, natura milioi urte batzuen baitan berregingo baita, giza espeziea, berriz, bidean galduko-, gizakion boterea, naturarenarekin alderatuz, hutsaren hurrengoa baita. Konpondu ezpada, gutxienez, badugu okerrak murrizterik, hala nola, gas kutsakorren igorketa txikiagotuz. Horretarako, erregai fosilak ordezkatu egin beharko lirateke, eta ordainetan energia iturri berriztagarriak erabili. Mundu mailako lehenengo akordioa, 1997an adostua eta 2005ean indarrean jarria, Kyotoko Protokoloa izan da, beroketa globalaren arduradun nagusi diren 6 gasen -karbono dioxidoa (CO2), metanoa (CH4), nitrogeno oxidoa (N2O) eta beste hiru fluorodun gas- igorketa gutxitzeko helburuarekin sortu zena. Edonola ere, gobernuei euren lana ondo betetzea eskatzeaz gain, bada gutako bakoitzak egin dezakeenik. Adibidez, eztanda motordun garraioak ahalik eta gutxien erabili (eta erabiliz gero, garraio publikoa izan dadin saiatuz), aerosolak erostea ekidinez, plastikozko poltsak ahalik eta urrien kontsumitu, birziklatu…

Ziur aski, hau irakurri izanak ez du gustuko duzun desodorante hori -atmosferarentzat bonba itzela dena- erosi, plastikozko poltsan sartu eta autoan etxera itzultzea ekidingo. Alabaina, ez legoke gaizki gure arduragabekeria Kenia bezalako herrialde txiroek ordaintzen dutela gogoraraztea; izan ere, klimak ez baititu igorle eta hartzaileak bereizten, eta mezuak helbide okerrera banatzen baititu. Ez ahantzi, bada, Nazio Batuetako Idazkari Ban Ki Moon-en hitzetan, munduaren segurtasunerako mehatxurik handiena denaren aurrean ezer egin ezean, hurrengoan, behien ordez, gure senideak izan daitezkeela. Eta, apika, ez da okerreko helbidea izango.

Esteka interesgarriak:

 

Gazteenentzat:

Comments { 5 }
-->