Gaur egun, XXI. mendean, ia denok entzun izan dugu noizbait elikadura egokia eramatea beharrezkoa dela osasuntsu egoteko; bestela, gaixotasun ugari sor baitaitezke. Bestalde, adituek osasuntsu egoteko, elikaduraz gain, kirola egin behar dela esaten dute. Gainera, gobernua gero eta serioago hartzen ari da elikaduraren gaia eta hainbat iragarki sortu du bere garrantzia erakusteko. Orobat, janlekuetan jartzen dituzten jakiak kontrolatzen hasi dira elikadura egokia bultzatzeko, gazteen artean batez ere, oso garrantzitsua baita txikitatik jakitea nola jan behar den. Ekintza hauek guztiak egiten badituzte elikadura egokia bultzatzeko, suposa genezake oso garrantzitsua dela. Benetan al da horren funtsezkoa? Bai, elikadura ona ezinbestekoa da; izan ere, ondo elikatu ezean, gure organismoa hondatu egiten baita.
Elikadura egokia izatea zer den askotan entzun izan dugun zerbait da. Barazki eta fruta asko jan, koipe ugari duten produktuak ahal dela saihestu, elikagai guztietatik zerbait jan, orekatuta, inoiz ez zerbaitetik gehiegi eta bestetik gutxiegi… Eta, noski, ia denok dakigu elikaduraren piramidea nolakoa den. Halaber, elikadura arazo ugari ezagutzen dugu. Batzuk gehiegi obsesionatzen dira nolako eta zenbat jaki jan behar den pentsatzen; eta honen ondorioz, hainbat eta hainbat anorexia kasu sortzen da. Beste batzuk, aldiz, gutxiegi arduratzen dira eta edozer jaten dute, nahiz eta beraien osasunerako txarra dela jakin. Hauek obesitatea edo gizentasuna dutela esaten da.
Aipatutako gaixotasun hauek dira, batez ere, elikadurarekin lotzen ditugunak, eta ez zaigu iruditzen besterik egon daitekeenik; halere, pentsatzen hasita, segituan konturatuko gara elikadurak gure gorputzaren atal guztiekin duela lotura. Beraz, gure elikadura txarra bada, gure organismo guztia gaizki joango da. Hura gaizki joatea ez da argalago edo lodiago egotea, gure organoak ondo ez funtzionatzea baizik. Horrela, azaleko gaixotasunak, organoetako gaixotasunak… sortuko dira. Gaixotasun hauetako batzuk, zoritxarrez, gaur egun nahiko ezagunak dira eta gero eta ezagunagoak bilakatzen ari dira; hala nola, minbizi kasu batzuk, bihotzeko arazoak, diabetesa… Zorionez gure inguruan horren ezagunak ez diren hainbat gaixotasun daude elikadurekin lotura zuzena dutenak arurretik aipatutakoez gain. Horietako bat Kwashiorkor gaixotasuna da. Kawashiorkor gaixotasuna, batez ere, garatu gabeko lurraldeetan eta elikadura arazoak dituzten lekuetan ematen da. Gaixotasun hau haur txikien artean, 10 hilabete eta 3 urte bitartekoen artean, mantenugai eta proteina faltagatik ematen da batik bat. Kwashiorkorra duten haurren gorputzak likido metatze anormala egiten du, oso triste egoten dira eta askotan jateko indarrik ere ez dute izaten. Gaixotasun hau duten haurrek zahartzean ere ondorio ugari izaten dituzte.
Hau guztia horrela izanik, elikadurari gero eta garrantzi handiagoa ematen hastea nahitaezkoa dela garbi dago, gure osasuna arriskuan ez ikusteko eta hainbat gaixotasun betiko atzean uzteko. Halaber, ez dugu ahaztu behar oraindik ere badagoela garatu gabeko hainbat herrialde, eta hauek direla, batez ere, elikadura arazoak dituztenak; alta, herrialde garatu askok atzera pauso bat eman dute aurrez eginiko janariari esker. Alabaina, seguru nago denok honen aurka zerbait egiten saiatuko bagina, lortuko genukeela orekatuagoa litzatekeen mundu batean bizitzea, eta gaixotasun ugariri diegun beldurra atzean uztea; izan ere, ez bailirateke horren maiz gertatuko. Honengatik guztiagatik, elikadurari garrantzi handiagoa ematen hasi beharko ginateke une honetatik hasita; bestela, horrela bukatuko du gure odolak oso denbora gutxian:
Iruzkin berriak