Norbaiti Felix Linares zein den azaldu beharko bazenio, nola egingo zenuke? Egia esan, ez da lan erraza. Laburtuz, esango genuke profesionalki 40 bat urte lanean daramatzan gizon bat naizela, eta denbora horretan hainbat gauza ikasi ditudala. Oraindik ez naute kaleratu, eta hori ikasitakoak ondo egiten ditudalako izango da. Profesionalki gogo handia jartzen dut eta, nire ustez, hori funtsezkoa da.
Txikitatik ikusten al zenuen zeure burua mundu honetan lanean? Zer aholkatuko zenioke bertan murgildu nahi duen bati? Egia esan, ez; ez un nuen nire burua lanbide honetan ikusten. Irakasle batek “ahots ona duzu “ esan zidanenan hasi nintzen pentsatzen; nonbait, txikitatik izango nuen ahots ona. Hortik aurrera, serioski planteatu nuen lan honetara dedikatzea. Halere, txikitan, beste askok bezala, astronauta izan nahi nuen. Zer aholkatuko? Bereziki gogoa eta aukerarik ez galtzea, hau da, hainbat aukera behin bakarrik agertzen dira; beraz, arretaz begiratu eta, lana dagoenean, lan egitea. Ez esan inoiz ezezkoa eskaera bati, duina bada behintzat.
Zuzentzen duzun ‘La Noche de…’ programa alde batera utziz, ‘Pompas de papel’ irratsaioan parte hartzen duzu, non literaturari buruz aritzen zareten. Literatura zaletasun bat da edo zure jakinduria handitzeko irakurtzen duzu? Ez, ez. Duela denbora asko, Arturo Perez Reverterekin hizketan, ea berak oraindik ikasteko irakurtzen ote zuen galdetu nion. “Literatura gozamena da , eta, bide batez, zerbait ikasten baduzu, ederki!” erantzun zidan. Nire amak zioenez, txikitatik liburuei “books†deitzeko joera nuen. Horrekin, ingelesa beste edozein hizkuntza baino lehenago nekiela ikusten da (barre egiten du). Nahiz eta irakurtzen ez jakin, beldurrik gabe hartzen nituen liburuak; beraz, nire DNAn zerbait egongo da liburuengana bultzatzen nauena. Nik beti atsegin izan dut istorioak entzutea, eta izugarri gozatu dut horiekin. Liburu eta zinemari buruzko programak zaletasun horren ondorio izan dira eta ez zait, beraz, zaletasun hori gerora garatu edo sortu
Lehen esan bezala, oso ezaguna den zineari buruzko programa bat zuzentzen duzu EITBn, ‘La noche de…. ‘ Bertan oso serioa zarela dirudi. Gidoiak eskatzen al dizu horrela jokatzea edo horrelakoa zara zure egunerokoan? Ez,ez, saiatzen naiz serioegia ez izaten eta ez dut uste horrelakoa naizenik. Hasteko, ni aurkezlea baino ez naizela argitu nahi nuke. Gidoigile bat dago, zuzendari bat, antolatzaile bat…Telebista oso lan konplexua da eta jende asko dago atzean. Egia esan, oso transzendentala naiz nire lanarekiko, oso zurruna. Zinema niretzat oso garrantzitsua dela aitortzen dut. Komediarik zoroenak ere hausnarketa sakona izan beharko luketela uste dut. Zinema aretora kapera batera bezala sartzen naiz eta film bat aurkezteko telebistan agertzen naizenean, jendeak pelikula hori ikusteko zer esan eta zer egin behar dudan penstatzen dut. Hau zerbait garrantzitsua dela konbentzitzea da nire helburua. Horregatik, batzuetan, serio samar agertzen naiz, baina eguneroko bizitzan atseginagoa naizela pentsatu nahi dut.
Zineari dagokionez, nola sortu zitzaizun zinearekiko zaletasun izugarri hori? Txikitatik hori ere. Nire aitak kontatzen du egun batean zinema aretora sartu eta sortu nuen iskanbilak zirela eta, zinema ez nuela gustuko izango pentsatu zutela. Argi dago oker zeudela. Nire gurasoek ere filmak gustukoak zituzten, eta ahal zuten guztietan joaten ziren zinema aretoetara. Bueltatzean, nire amari filma kontatzeko eskatzen nion. Beti harriturik geratzen nintzen. Halaber, gogoan dut amonarekin zinema aretora joaten nintzenean. Horretaz gain, bizitzako beste hainbat eskarmentuk ere zerikusia dute. Beti oroitzen dut Kaputxinoen zinemara eraman ninduten eguna. Bertara iritsitakoan, zinema umez gainezka zegoen, denak builaka eta saltoka. Bitartean, ni kezkaturik txikitan filmak ulergaitzak izango zirela pentsatzen bainuen. Handik gutxira hasi zen Jules Verneren Veinte mil leguas de viaje submarino nobelaren moldaketa. Filmeko protagonistaren begiak agertu ziren eta zinema osoa isildu egin zen! Hori da oroitzeko momentuetako bat. Momentu horietan argi eta garbi ikusten da zein liluragarria den zinema!
Aktoreren bati emandako sariren bat kentzekotan, nori kenduko zenioke? Egia esan, hainbeste egon dira, ezen ezingo bainuke izen bakarra esan! Cher, adibidez? Cher ez da inoiz aktore izan, abeslari baizik, baina Hechizo de Luna pelikulak sari-proposamen ugari izan zituen eta, Cher han tartean harrapatu zuenez, sari bat jaso zuen. Horretaz aparte, Marisa Tomeiren kasua egongo litzateke. Jack Balance izan zen urte hartan emakumezkoen sarien aurkezle Oscar sarietan. Marisa Tomeirekin batera 4 aktore britainiar handi zeuden izendatuta urte hartan. Jack Balance, mozkor-mozkor eginda, lehena bururatu zitzaion izena esan zuela esaten da. Hori ezinezkoa da; izan ere, aurkezleak paperean bost hautagaien izena izan beharrean, irabazlearen izena baino ez dauka. Hori da, baina, legendak kontatzen duena!
Espainiar zinema amerikarrena baino askoz atzeratuagoa dagoela uste al duzu? Amerikarrek 300 film eta espainarrek 200 ekoiztu baina horietatik 50 bakarrik estreinatu direla ikusita, argi dago espainiar zinema atzetik dagoela. Denek egin nahi dute pelikula bat, baina pelikula bat egitea ez da batere erraza. Horrela ateratzen dira ateratzen diren lardaskeriak! Gertatzen dena da guk amerikar zinematik gehien ezagutzen duguna zinema komertziala dela, eta badakigu ez dela onena. Baina, badago beste zinema mota bat zeinetan askotan aktore ezezagunak parte hartu eta pelikulak koste baxukoak izaten diren. Hauek onak direnean, orokorrean, espainiarrak baino hobeak dira. Amerikarren alde bi gauza esan dezakegu. Alde batetik, mundu mailako banaketa. Horrek indar handia ematen die, toki askotara heltzen direlako euren pelikulak. Bestetik, tradizio bat. Egia da tradizio hori Europatik datorkiela; izan ere, Hitlerren igoera eta Bigarren Mundu Gerra zirela eta, Europa osoko artistak Amerikara emigratu eta Hollywood sortu baitzuten. Baina hori da geratu zaiena, tradizio bat zinemagintzan. Nire iritziz, zinema amerikarra zinema espainarra baino hobea da; hala ere, amerikar zinemagile oso onak eta oso txarrak daude, Espainian bezala.
Zer iruditzen zaizu Sinde legea? Hor arazo bat dut. Hasteko, nik uste dut artistak ez direla lanera joango ordaintzen ez bazaie. Hau da, artista bat joan daiteke lanera musu truk denbora jakin batez; halere, hozkailua hutsik ikustean, beste zerbaitetan lan egitea erabakiko du, logikoa den bezala; izan ere, bizirautea baita nagusiena. Egoera hori ematen denean, gerta liteke artista bezala lan egitea bere aisialdian, eta hori ez da oso serioa. Artista bat %100ean izan beharra dauka artista, eta horri eskaini behar dio bere denbora. Kuriosoa dena da inor ez dela kexu argiaren tarifa igo delako, %11 duela gutxi, eta ordenagailuek argindarra kontsumitzen dute. Inor ez da kexatzen telefonoaren tarifa dela eta, tarifa finko batekin gutxiago ordaintzen delako, baina, egia esan, izugarri ordaintzen da. Film bat jaistea oso garestia da, batez ere, nahi ez zenuena jaisten duzunean eta berriz ere saiatu behar zarenean. Azkenean, zera esan nahi dut: ez gara kexatzen guri interesatzen zaiguna egiten ez dutenei ordaintzen diegunean, hau da, guri filma interesatzen zaigu eta filma egiten duten artistei ordaindu beharrean, transportistei, etab. ordaintzen diegu. Eta ez gara kexatzen. Hori kirtenkeria! Nik uste dut sortzaileei ordaindu behar zaiela. Bestalde, ez nago batere ados esaten denean zinea oso garestia dela. Zertan dago orain? Zazpi bat euroan sarrera… Ez diot inori entzun kexaka futbol-sarrera, zezenketa, antzerkia, kuba librea… eta horrelakoen prezioagatik. Eta zinemak balio duen 7 euro horiengatik, aldiz, bai. Hainbatetan gizartea bere planteamentuetan oso oker dabilela esan nahi dut. Nik uste dut lan hori ordaindu egin behar dela eta lege bat egon behar dela, beste gauza bat da Sinde legea. Nire ustez, lege hau hauts-murru bat da. Besteak beste, Sinde legeak egiten duena da erabakia epaileen eskuetan utzi. Ikusita nola dagoen justizia Espainian, erabat buxatuta, noiz arte itxaron behar dugu gauza hauei buruz eztabaidatzeko? Eta, azkenean, okerrena da mozoloenak ordaintzen duela, Estatu Batuetan geratu den bezala. Han izugarrizko zigorra ipini zioten bati artxibo batzuk besteen eskura jartzeagatik, bere lagunekin partekatzeagatik. Bitartean, badaude gune batzuk izugarrizko dirutza egiten ari direnak besteen lanarekin, artisten lanarekin… Gaia oso konplexua da eta Sinde legeak ez du hori konpondu behar, hori garbi gera dadila.
Zer iritzi duzu Alex De La Iglesiaren dimisioari buruz? Nik uste dut hor Alex nahastu egin zela pixka bat. Alex oso bolkanikoa da: edozer gauzarekin emozionatzen da, eta aurrera egiten du. Nik ezagutzen dut pixka bat eta, egia esateko, beti horrelakoa izan da. Kasu honetan, su gurutzatu baten erdian ikusi zuen bere burua. Hasieran, berak Sinde legea defendatu zuen; gero, baina, esan zuen ez zuela irakurri. Akats handia izan zen, ezin baituzu defendatu ezagutzen ez duzun zerbait. Kontuak kontu, geroago bere harri koskorra jartzen saiatu zen – ez pentsa urrutiegi joan zenik ere: bilera bat internautekin eta gutxi gehiago-, eta gero salduta sentitu zen legea bat-batean onartu zutelako. Horren aurrean, berotu egin zen, esan zuen esan zuena, Santiago Segurarekin sushi jaten argazkia atera zuen, jendea erretxindu egin zen fribolo hutsa zelako… Kontua da, azkenean, utzi egingo zuela esan zuela, eta ministroak nahi bazuen uzteko erantzun ziola. Hori gutxi balitz, Bollain tartean sartu zen. Eta zertarako nahi duzu gehiago? Nire ustez, berotua eman zion eta akatsa egin zuen auzi horretan. Dena den, niri galera galanta iruditzen zait. Alex bolkanikoa izan daiteke, baina izugarri balio duen pertsona ere bada; ez bakarrik zinemagile bezala -hori soberan erakutsia du-, baita askotan hilzorian dagoela dirudien akademia baten antolatzaile eta, batez ere, dinamizatzaile bezala ere.
Nola eragiten diote teknologia berriek zinemaren industriari? Zinemaren industria hondamendira doa! (barre egiten du). Lehen esan dugun bezala, teknologia berriek ahalbidetzen dute pelikulak jaistea eta, azkenean, horrek dena dohain izan daitekeela pentsatzera eramaten gaitu. Jendeak ez du kontzientziarik hor dagoen hori -izan liburuak, pelikulak, jokoak…- egile batek egin duela, eta, hark, beste profesionalek bezala, bere lanaren truke ordaindua izateko eskubidea duela. Inork ez du kolokan jartzen mediku edo taxista baten soldata, baina bai sortzaile batena. Beraz, argi dago industriarako kaltegarriak izan daitezkeela teknologia berriak. Sormenerako ere kaltegarria izan daiteke; izan ere, berezko dohainak ez dituztenek ere euren lanak hor sartu ahal izango baituzte, ez dute kopiatuak izateko beldurrik. Musikoen lana ezberdina da, hauek kontzertuak egin ahal dituztelako. Baina idazleak, pelikulak egiten dituztenak… nondik aterako dute dirua? Hau da, industria gaizki dago teknologia berriei esker. Dena den, teknologia berriek hainbeste abantaila dituzte, non ezin baitira zalantzan jarri! Gainera, berdin dio nik zer esaten dudan, geratzeko eta areagotzeko etorri baitira… Beraz, gauza bakarra esan dezaket: atsekabe izugarria hartuko dut zinema areto batera azkenekoz sartzean. Hau da, zinema areto batera joan eta kartel batean “bihar ez dago saiorik” ikustean, pena handia hartuko dut. Hori gerta liteke, eta izugarri tristatzen nau.
Orain test labur bat egingo dizut. Bi aukeren artean hautatu behar duzu:
- Drama edo komedia? Komedia, beti. Itxaron! Nire berezko joera dramak ikustea da; hobeto esanda, tragedia. Halere, onartu beharrean nago komedia gustukoagoa dudala.”
- Denzel Washignton edo Virgo Mortesen? Ezin ditut biak aukeratu? Bueno, ba, bakarra aukeratzekotan, Denzel Washinton.
- Woody allen edo Paul Newman? Woody Allen, osoagoa delako. Paul aktore lanetan bakarrik ibiltzen zen, nahiz eta 5 pelikuletan, oker ez banago, zuzentzaile bezala ere ibili zen. Woody Allenetik hurbilago nago; izan ere, bera erabateko zinemagilea baita.
- Angelina Jolie edo Uma thurman? Benga, ba, Uma.
- Audrey Hepburn edo Marilyn Monroe? Audry…uste dut (barre egiten du).
- Mario Casas edo Hugo Silva? Arazo bat dut, ez ditut ongi ezagutzen. Halere, kontuan izanda Mario Casasi ez diodala ezertxo ere ulertzen, Hugo Silvarekin geratzen naiz.
- Eduardo Noriega edo Javier Bardem? Bardem, nahiz eta azkenaldi honetan pixka bat tontotuta dabilen.
- Elsa Pataky edo Natalie Portman? Azkenaldian, Natalie astun samar dabil; izan ere, toki guztietan azaltzen baita. Halere, bera hautatzen dut.
- El laberinto del fauno edo La lengua de las mariposas? El laberinto del fauno. Biak gustuko ditut, baina El laberinto del Fauno hobeto egina dagoela iruditzen zait.
- No es paÃs para viejos edo El hombre que nunca estuvo allÃ? El hombre que nunca estuvo allà aukeratuko dut eta zergatia azalduko dizut. Niri asko gustatzen zait Cormac McCarthy, nobelaren egilea, eta baita Coen anaiak ere; dena den, film horretan Coen anaiek hain estuki jarraitu zuten nobela, non ez bainau betetzen. Nik nahiago ditut gauza arraro horiek egiten dituzten Coen anaiak; El hombre que nunca estuvo allÃ, esaterako.
Orduak eta orduak emango genituzke Felix Linaresekin solasean, gizon jakintsu bezain adeitsu eta atsegina. Ez genion, baina, denbora gehiegi kendu nahi eta, berriz ere eskerrak emanez eskainitako tarte atseginagatik, agur esan genion. Mila esker, Felix!
Iruzkin berriak