Tag Archives | literatura

Denon artean idatzitako istorioak…

Euskaljakintza jaio zen urtean, beste hainbat lanen artean, denon artean idatzitako istorioen egitasmoari eman genion hasiera. Harrezkero, urtero-urtero eutsi diogu tinko zereginari eta gaur gure sormenaren emaitza plazaratuko dugu.

Aurtengoan, Xabier Mendiguren idazlearen 16 ipuin amodiozko kontakizun-bildumaren istorio baten hasiera hartu dugu abiapuntutzat, Melodrama. Ondoren, egutegia (2A eta 2B) eta hainbat baldintza ezarri ondoren, bakoitzak geure ekarria egin dugu. Hauxe izan da gela bakoitzari proposatutako hasiera:

16 ipuin amodiozkoEzkerretara, gugandik hiru mahai harantzago eserita zegoen bikoteari begiratu nionean, neskaren azal morenoari, kaobazko adatsari baino ez nion erreparatu. Berriro so jarri nintzaienean isilik zeudela konturatu nintzen, eta oso serio gainera: haserrezko espresioz, bakoitza bazter batera begira; aurrean baso bana hutsik, pentsatzekoa zen denbora franko zeramatela hor.

Ez zuten ezer esaten baina, bien artean zerbait gertatu berria zela nabaria zen bezala, beste zer edo zer ere bazetorrela asma zitekeen. Zeharka behatzen zioten elkarri aldizka, baina, inoiz begiez topo egiten bazuten, azkarki erretiratzen zuten burua.

Luze iraun zuten horrela. Halako batean, ez batak ez besteak begirada urrundu ez zutelarik, neskak, kopeta ilun eta serioz, pena apur batez ere bai, zerbait esan zion mutilari:

— Ezin dut horrela segi, ezin dugu horrela segi. Gureak egin du… aspaldian egin zuen —horixe esan ziola pasatu zitzaidan burutik, beharbada zerbait oso diferentea esan zion baina.

Gela bakoitzak istorio bana idatzi du. Nolanahi ere, esan beharra daukat gure istorioak idazteko erabilitako wikiak gaur arte pribatuan gorde ditudala eta, ondorioz, gela batek ez duela besteak egindakoaren berri izan eta alderantziz. Heldu da, bada, idatziak nola gelditu diren jakiteko unea. Hementxe dituzue:

2A 2B

Mendigurenek idatzitako jatorrizko istorioa irakurtzeko irrikaz egongo zarete, noski. Bada, hementxe duzue osorik: Melodrama. Irakurri arretaz eta ea zer iruditzen zaizuen. Gure istorioak bezain ona da originala? 😉 Kontakizuna gogoko izan baduzue eta jakin-minez gelditu bazarete, aipatutako liburuko 22 ebaki eta Ene dama maite horri azken gutuna dituzue entzungai Entzun gunean.

Comments { 0 }

Jon Maiaren Riomundoz autorearekin hitz egin ondoren…

Bertsolari, idazle, abeslari, bidaiari… non ikusiko dugu etorkizunean Jon Maia? Galdera honek itxi zuen Jon Maiari egin nion elkarrizketa. Solasaldi hartan bere anekdota erakargarri ugariren berri izateko abagunea izan nuen, nire jakingura asetzeko xedez. Hori ez zen nahikoa izan; aitzitik, eta Maitek ipini digun lana probestu dut bere jatorriaren berri ematen duen eta bere arbasoen bizipenak islatzen dituen Riomundo liburua irakurtzeko.

Jon Maia Riomundoren aurkezpenean

Zalantza batzuk sortu zitzaizkidala aitortu beharrean nago, gertaeren kokapena, denbora eta flashbacka bezalako zenbait ezaugarri zirela medio. Hori dela eta, idazlearekin berarekin, Jon Maiarekin, harremanetan jartzea pentsatu nuen, akatsik gabeko artikulu bat idazteko xedez, nire zalantza guztiak argitu ziezazkidan. Duda-muda askoren ondoren artikulua amaitu eta berari bidali nion, bere erantzunaren zain geratuz, bere iritziaren aiduru, esperoan… Dena den, utz ditzagun bere hitzak amaierarako eta goza dezagun liburu eder honen gertakizunez, bitxikeriez…

Duela 35 urte Urretxun jaioa dugu Jon Maia. Gaztetxo zenean, Zumaiara joan zen bizitzera eta bertan hasi zuen egun dena izatera iristeko traiektoria. Euskal filologia ikasketak egin zituen eta, haren harira, bertsolaritzan barneratu da buru-belarri. Bestalde, euskara nahiz musika munduari lotuta, duela gutxi ateak itxi dituen Karidadeko Benta taldearen aitzindari izan da. Literaturaren arloan ere hartu du parte. Riomundo da bere lehenengo lana, jarraian aipatuko dudana, eta Apaizac Obeto kronika bere azken liburua. Bere beharretan argi azaltzen ditu bere jatorria eta ama-hizkuntza direla medio bizitako momentu gazi-gozoak eta egungo gizartean gori-gori dauden gertakizunak… “Desterratuari, lur arrotzean dabilela, nondik datorren ahaztu eta galduta sentitzea baino ezer txarragorik ezin zaio gertatu. Nondik datorren ahazten duenak inoiz ez baitu itzultzeko modurik izango.”…

Hitz hauetatik abiatu da zumaiar hau eleberria idazteko orduan. Euskal Herrira desterratuz betetako trenak iritsi ziren bizitza hobearen bila zetozen milaka eta milaka familia emigrantez beterik.

Horietako baten istorioa dugu honako hau, idazlearen beraren familiarena. Maletaz eta istorioz zamatuta trenetik jaitsi eta Vascongadas izeneko lur arrotz batean bizitzen jarri den familia baten bizipenak kontatzen dizkigu bertan.

RiomundoExtremadura eta Albacete inguruetan, Espainiako Gerra Zibil eta ondorengo Francoren diktadura garaian dago kokatua istorioa. Jon Maiaren abuelo (Pedro Sierra) eta abuela (Maria Luisa) dira pertsonaia nagusienetarikoak, hasierako narratzailea abuelo bera dela. Aurrerago, tio (Tito “Riomundo” liburuan, Inocente Soria) da kontalaria eta bere gurasoen ibilerak kontatzen ditu bera jaio den une beretik. Azken zati honek ematen dio hasiera, nire ustez, istorioaren benetako muinari edo liburuarekin kontatu nahi denari.

Familia ezkertiarra dugu, antiklerikala eta errepublikazalea, eta honen aldeko borrokan dihardute Gerra Zibilaren garaian. Galtzaile suertatutako hauek Euskal Herrirako bidea hartuko dute, bizimodu berri bati hasiera ematea dutela jomuga. Zumarragara helduko da Pedro Sierra eta bere familiaren itxaropenaren trena eta bertan bizitza berri bati ekingo diote, bakoitza bere lanetan murgilduz. Abuela baserriko lanez arduratuko den bitartean, seme-alaba txikienak euren ideologiaren aurkako eskolara joango dira eta Pedro eta Titok fabrikan jardungo dute gogor lanean, zenbaitetan zarpailkeriaren bat edo beste entzun behar izanez: “ Zu zara maketoa, ezta? Maketoa? Ez jauna, gaizki esan dizute, Sierra naiz, Pedro Sierra”.

Arazoaren aurrean kokatu beharra ikusiko dute eta zapalduen bandoan jarriko dira, abertzaleen bandoan. Fabrikako beharra partidu komunistako zereginekin bateratzen hasiko da Tito eta, arrazoi hau dela medio, ihesean ibili ondoren, kartzelaratua izango da, bere lan klandestinoa larrutik ordainduz, barroteen atzeko tortura latzak pairatuz. Liburuari beste erbesteratze batekin emango dio amaiera, oraingo honetan, Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokaren ondorioz gauzatu beharrekoa. Jarraitu irakurtzen…

Comments { 1 }
-->