Tag Archives | lurrikara

Saihets ote zitekeen?

italiako-sarraskiaAzkeneko egun hauetan prentsa guztian azaldu den gaia Italiako sarraskiarena izan da. Aste Santua hasi aurretik, Italiako L´Aquila hirian eta bere ingurunean, Richter eskalan ia 6 graduko lurrikara gertatu zen. Honek etxebizitza ugari suntsitu zituen, eta hauen azpian hainbat pertsona harrapaturik geratu ziren. Honen ondorioz, pertsona ugari desagertu eta bizirik zegoen jendea etxebizitzen azpian geldituriko jendea bilatzen eta ateratzen hasi zen. Orduak aurrera doazen heinean, gero eta hildako gehiago agertzen ari dira eta dagoeneko 280 baino gehiago daude. Beste 20 mila pertsonek lurrikararen eragina izan dute, 10 mila ebakuatuen kasu. Bestalde, hori baino okerragoa desagerturik dagoen jendea bizirik aurkitzeko itxaropena galdu izana da, hau baita gauza guztien artean azkena galtzen dena. Baina orain jende ugarik galdetzen duena zera da: saihets ote zitekeen?

italiako-sarraskia2Galdera honi erantzutean, jende ugarik baiezkoa erantzungo luke; izan ere, geologo batek izugarrizko lurrikara jazo behar zela aurreikusia baitzuen. Geologoak, Giampaolo Giulianik, “Gamma Tracer” izeneko lanabes batekin lortu zuen lurrikara handi bat izango zela aurreikustea. Honek airean dagoen radona kantitatea aztertzen du. Gauzak horrela, lurrazpiko kapak mugitzean gas honek kanporako bidea aurkitzen duenez, lurrazalera iristean makinak gehiegizko gas kantitatea sumatu eta lurrikararen abisua ematen du. Giampaolok hau ikustean, telebistako programa batera jo eta bertan adierazi zuen oso denbora gutxian lurrikara handi bat suertatuko zela eta jendea kanporatzen hasi beharra zegoela. Zoritxarrez, ia inork ez zuen sinetsi. Hori gutxi balitz, adierazi beharra dago Italiako lurrikarak aztertzen dituzten gunean zer edo zer ohikoa ez zena ere antzemana zutela, baina ez ziotela kasurik egin. Hau ikusirik, sarraskia saihestea edo behintzat horren handia ez izatea posible zela esan genezake, geologoak adierazi zituen datuak kontuan hartzea eta eginiko lanari begirada bat botatzea besterik ez baitzen egin behar. Orobat, esan behar da Giampaolo epaiketa batera deitua izan zela jendeari bere aurreikuspenarekin beldurra sartzeagatik.

italiako-sarraskia3Orain, gertatutakoa ikusi ondoren, beste hainbat galdera sortzen dira: zergatik ez zioten geologoaren ikerketari begirada bat eman?, zergatik ez zuten hiritik jende gehiena atera badaezpada ere? Gauza bakarra dago egiteko: barne-barnetik indarrak kanporatu eta, ahal den neurrian, hondakinen artean dauden gorpuak atera eta betiko atsedena eman. Egia da oso zaila izango dela gauza guztiak betiko egoerara itzultzea, batez ere, dirutza handia delako (100 milioi oraingoz) eta betiko joan direnak berriz ez direlako itzuliko. Halaber, eskertu behar zaie gorpuak ateratzen laguntzen ari diren guztiei, 12 mila pertsona gutxi gorabehera; izan ere, lurrikara honez geroztik beste 65 mugimendu baino gehiago jazo direnez, ez da oso lan erraza. Gauza on bakarra atera dezakegu honetatik guztiagatik: beste batean, ikerlari batek esanikoa erabat ezeztatu aurretik bi aldiz pentsatu eta aztertuko da. Beti zer edo zer txarra gertatu behar ote da, baina, esanak serio hartzeko?

Comments { 0 }
-->