Tag Archives | merkataritza-gune

Handien indarra, handien agintea

Merkataritza-guneaGero eta gehiago dira, eta gero eta jende gehiagok hartzen du bertan erosketak egiteko erabakia. Ez, ez naiz ari auzoko denda txikiei buruz, normalean hiriburuetan edo hiriburuen inguruan kokatzen diren merkataritza-gune handiei buruz ari naiz. Argi dago, noizbait, denok joan garela eta joaten jarraituko dugula pabilioi handi hauetara, baina inoiz pentsatu al dugu horrek denda txikiengan izan ditzakeen ondorioez?

Zalantzarik gabe, ez da burura etortzen zaigun lehen kezka, erakusleihoan ikusten ditugun erdi prezioko prakek hori guztia pentsatzea galarazten baitigute. Baina egia da kaleak ez liratekeela berdinak izango denda txikirik ez balego. Ziurrenik, askoz jende gutxiago ibiliko litzateke hara eta hona, eta hormak batere erakusleiho eta, ondorioz, inongo argirik gabe, karrikak pareta tarte soil bat izatea eragingo zuten.

Onartu beharra dago zentro komertzial hauek aurrera ateratzeko, langile ugarik egin behar dutela lan bertan, hots, langabe kopuru handi batek langabe izateari uzteko aukerak ematen dituztela. Horrez gain, eskaintzen dituzten aukerak anitzak dira: denda ezberdin ugari bata bestearen ondoan, zinema, jatetxe eta horrelako hainbat toki, aukera handia produktuak hautatzeko orduan, hainbat eskaintza, zerbitzu ezberdinak (aparkalekua edo komun publikoak, esate baterako), ordutegi paregabea lanak ordu asko jaten dizkionarentzat… Hala eta guztiz ere, onerako edo txarrerako, aukera anitz horien artean ezin dugu saltzaile eta erosle arteko harremana aipatu, beharbada, merkatal zentroetako aire girotuek hoztu dutelako, edo zentro komertzial hauetako jende kopuru altuak harreman hori posible ez izatea eragin duelako.

Dendak kaleanDena den, eremu erraldoi horiek ez dira enpresa txiki horiek dituzten aurkari bakarrak, kontuan hartu beharrekoa baita mundu hau gero eta globalizatuagoa izatearen eragile nagusia den Internet. Euskal Estatistika Erakundearen arabera 2007an gehien bisitatu ziren orrien artean egunkari digitalak eta mezularitza orriak nagusitu ziren arren, gisa honetako orri ezagunetariko bat ere aipatu beharra dago, rankinean 18. postua lortu zuena, ebay hain zuzen ere. Izan ere, gaur egun gero eta erosketa gehiago egiten dira amaraunean nabigatuz, horretarako bereziki prestatutako orrietan, non bakoitzak bere salmenta eta erosketa propioak egin ditzakeen klik soil bat eginez. Baina ez hori bakarrik, erosketak egiteko erosotasun eta azkartasunaz gain, Internet bidez lan egiten duten enpresa hauek aukera ugari eskaintzen dituzte: beherapen txundigarriak, etxetik mugitu gabe produktuaz gozatzeko aukera…

Baina fidatzen al gara geure ordenagailuan ikusten ditugun saltzaile eta prezioez? Badirudi baietz, gero eta gehiago baitira etxetik bere erosketak egitera animatzen direnak.

Hitz gutxitan esateko, bistakoa da urteak aurrera doazen heinean, gauzak aurrerantz edo atzerantz aldatu egiten direla. Gainera, batzuen onerako eta besteen kalterako, bide beretik jarraituko dutela argi dago. Edonola ere, ahaztu ezinezko zerbait da neurriaren kontua, txikiak ezin ditugulako ahantzi handiek agintzen jarraitu arren.

Comments { 13 }
-->