Tag Archives | obsoleszentzia

Produktu gaixoak ala erosle inuzenteak?

bonbilla (FlickrCC, Lotus Carroll)

bonbilla (FlickrCC, Lotus Carroll)

Gure amak beti esaten dit garrasika: “Ez zara gai gauzak zaintzeko! Dena puskatzen duzu!”. Egia da zenbaitetan arrazoia izaten duela, ez baititut gauzak zaindu beharko liratekeen bezala zaintzen, baina nire gelako bonbillak askotan apurtzen dira, eta hauen matxuraren arrazoiak ez du nirekin zerikusirik. Zergatik irauten du gero eta gutxiago erosten dugun orok?

Teknologiak aurrera egiten du; halere, produktuek garai batean baino gutxiago irauten dute. Aurrekoan, interneten nabigatzen ari nintzela, 1901ean instalatu zen bonbilla bat oraindik martxan jarraitzen duela ikusi nuen. Harrigarria benetan! Ez nuen, ordea, hori bakarrik aurkitu; izan ere, gaur egungo produktuen iraupen motzaren arrazoia ere aurkitu bainuen: obsoleszentzia programatua.

Obsoleszentzia programatu hau erosten ditugun ekoizkinek gutxi irautean datza. Enpresetan nahita programatzen dituzte luze iraun ez dezaten. Hau gertatzeko arrazoi bat krisia da: ez dutenez nahi adinako diru sarrera, bidegabekeria honetara jotzen dute. Denek asko irauten dituzten produktuak baldin baditugu, ez daukagu beste bat erosteko beharra. Dena den, matxuratu egiten badira eta beharrezkoak direla ikusten badugu, beste bat erostera jotzen dugu.

Egia da hau ona izan daitekeela ekonomiarentzat, etengabe dirua mugitzen delako; aldi berean, baina, iruzur egiten digute. Guk kalitatezko produktu on batengatik ordaintzen dugu, eta erosi dugun hau epe laburrean hondatzeko jaioa da. Horretaz aparte, guk haren ordezkoa erosten xahutu dugun diru hori beste edozein lekutan inberti dezakegu, eta hau ere lagungarria litzateke ekonomiarentzat.

objektu zaharren hilerria (FlickrCC, maol)

Gainera, kontua ez da bakarrik amarrukeria. Produktu berria erostean, zaharra botatzen dugu. Produktu berria sortzeko lehengaiak behar dira, eta hauek inongo ardurarik gabe erabiltzen ditugu amaituko direla pentsatu gabe. Benetan penagarria balio ez duten gauza hauen baratzea da. Zatar pila guztiak garapen bidean dauden estatuetara bidaltzen dira, 2. eskuko produktu gisa sal daitezen, erabilgarriak izango balira bezala. Zoritxarrez, hauen %80 baino gehiagok ez du ezertarako balio. Eta hori gutxi balitz, herrialde hauek munduaren zabortegi bilakatzen ari dira.

Laburbilduz, nahiz eta gu jakinaren gainean ez egon, baliteke erosi berri dugun ordenagailu edo dena delakoa segituan hondatzeko egina izatea, eta beste bat erosi behar izatea gutxi barru. Hori gutxi ez eta produktu sastar hauek guztiak garatu gabeko herrialdeetara eramaten dituzte, bertan 2. eskuko produktu gisa saltzeko. Benetan, ez dut ulertzen nola onartzen duten produktu hauek kaleratzea!

Comments { 0 }
-->