Tag Archives | ordizia

Askoren ilusioa, askoren ahalegina

Ordiziako Udalak 2010eko Euskara Biziberritzeko Plana herritarrei ezagutzera emateko komunikazio kanpaina jarri du abian, “Askoren ilusioa, askoren ahalegina” [pdf] izenburua daraman katalogoa herriko etxeetan utzita.

Katalogoan, EBPNren barruan bideratuko diren hainbat proiekturen gaineko informazioa eskaintzen da.

Komunikazio kanpainarekin lortu nahi diren helburuak honakoak dira:

  • EBPNHizkuntza normalkuntzan esparru desberdinetan lanean dihardutenek EBPN jende askoren ahalegin bateratu gisa sentitzea.
  • Herritarrei modu erraz eta dibulgatiboan ezagutaraztea herrian hizkuntza normalkuntzaren arloan zer ekimen eta aukera dagoen eta eurak protagonista izan daitezen animatzea.

Katalogoa, azaroaren 30ean utzi da herriko gutunontzietan, baina komunikazio kanpainak abenduaren amaierara arte iraungo du. Bitarte horretan, 2010eko EBPNri zuzenketak eta ekarpenak egin ahal izango dizkiote herritarrek, EBPNri buruzko ideia-lehiaketan parte hartuta.

Abenduan zehar eta urte berriaren hasieran, bestetik, EBPNak jasoko dituen hainbat proiektu berri aurkeztuko ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak:

  • Zorionak! Ama izango zara, haurdunentzako DVDa eta liburua.
  • Erregistro Zibilean umeak euskaraz erregistratzeko ekimena.
  • Guraso, hezitzaile eta begiraleei eskainitako urteko ikastaroen eskaintza.
  • Auto gidari karneta euskaraz.
  • Kontsumitzaile euskaldunak erosketa-poltsekin eta karroekin saritzeko kanpaina. Dendaz denda, euskara.
  • Kutxazainarekin euskaraz.
  • Ordiziako leku-izenak liburua eta weba.

Zehatz-mehatz, Ordizian euskaraz bizi ahal izateko aukera bermatu nahi zaio hala egin nahi duenari, eta horretarako behar adina neurri sustatu nahi da; baita koordinazio eta lankidetza ekimenak landu ere, Ordiziako gizarte eragileen eta erakundeen artean, normalizaziorantz aurrera egiteko.

Euskara zinegotziak gogorarazi duenez, 2006ko datuen arabera, Ordiziako biztanleen %79 dago euskararekin harremanetan: %58 euskaldun elebiduna da eta %21 ia euskalduna; hau da, hizketarako etorririk izan ez, baina ongi ulertzen du euskara. “6.980 herritarrez ari gara. Oso garrantzitsua da botere publikoek espazioak edo guneak betetzea eta irabaztea euskararentzat, 6.980 pertsona horiek euskara erabiltzeko eskubidea baliatzeko. Eta, hain zuzen ere, horixe bermatu nahi du plan honek”.

2010eko Euskararen Planak esku hartzeko zortzi eremu jaso ditu: familia transmisioa; irakaskuntza (gazteak); helduen euskalduntzea; udal-administrazioa, teknologia berriak eta komunikabideak; lana eta merkataritza; kirol-, aisialdi- eta kultur jarduerak; eta euskararen kalitatea. Eremuotan esku hartzeko Udalak dirutan aurreikusitakoa, guztira, 170.000 euro inguru da; hain zuzen ere, Udalaren aurrekontu osoaren %2a.

Comments { 1 }
-->