Tag Archives | pobrezia

Eskerrak boluntarioen elkartasunari!

behartsuaUrtero bezala abendu bukaera eta urtarrila hasiera iritsi dira eta horiekin batera, kaleetako apaingarriek, supermerkatuetako apalek, telebistako iragarkiek, Gabonak hemen direla adierazten digute. Eguberria familiarekin biltzeko sasoia da, familia loturik mantentzen duena askotan edota etxetik urruti nahiz hilda dauden pertsonen oroitzapenak ekartzen dizkigun garaia. Gabon-gaua, Urteberriarekin batera, urteko egunik ederrena eta atsegingarriena da batzuentzat, familia artean pasatzekoak biak. Beste batzuentzat, aldiz, azaroaren 5a bezalako egun bat da, urteak dituen 365 egunetako beste bat. Denok daukagu Gabonei buruzko ideia ona, pozgarria… baina aldi iluna ere badu, eta hori da artikulu honetan islatu behar dudana.

Egun hauetan, maiz ikusten dugu jendea, korrika eta presaka, supermerkatu edo denda batetik bestera Eguberrietako edo Errege magoetako opariak erosi nahian. Negu giroa dago kalean, euria eta hotza nagusitzen dira. Egun samurrak gehiengoentzat, baina ez kalean lo egiten dutenentzat, hauek ez baitute opariak erosteko dirurik, ezta ilusiorik ere. Donostian, esate baterako, ehun bat lagunek egiten dute lo egunero kalean. Gehiengo bat ez da kalean jaioa dena, lana galdu edo aurkitu ez duena baizik, eta honek edonor irits daitekeela kalean bizitzera ondorioztatzera eramaten nau. Nahikoa da, gaur egun bizitzen ari garen krisiaren ondorioz, lanpostua galtzea kalean bizi behar izateko beste zerbait aurkitu arte. Hauentzat bakardadea izango da lagun bakarra.

Artikulu hau idazterakoan, ez da izan nire asmoa ezkorra izatea; dena den, onartu beharra daukagu pertsona hauek gizartetik at daudela. Guk kalean ikusten ditugunean, ez ditugu onartzen; hau da, pentsamendu txarrak etortzen zaizkigu burura eta ez gara haien lekuan jartzen, inondik ere. Agian, batzuk bizimodu hori hautatu dutelako biziko direla horrela, baina gehiengo bat zoritxarren bat gertatzearen ondorioz izango delakoan nago. Hala ere, leku guztietan dago jende eskuzabala eta hauek osatzen dituzten zenbait elkarterentzat egoera hau ez da oharkabean pasatzen. Gaitz erdi!

behartsuak1Aipamen berezia egin nahi nioke Caritas ek sortu duen elkarte bati, Donostiako Aterpe elkarteari hain zuzen ere. Honek, urte osoan zehar, etxerik gabe daudenentzat zerbitzu ugari eskaintzen ditu: lo egiteko lekua, jantokia, egongela, erizaintza, higienea… 165 boluntario omen dabiltza bertan lanean, trukean ezer jaso gabe. Zorionez, boluntarioen elkartasunari esker, festa esanguratsu hauetan, hala nahi izanez gero, behartsuek jatorduak norbaitekin elkarbanatzeko aukera izaten dute. Euskal Herriko hiriburuetan, udalek utzitako aterpeetan Gabon-gaueko afaria prestatzen da. Afalordua goiz samar izaten da bertara iristen diren boluntarioek senideekin afaltzeko aukera izan dezaten.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: pertsona hauek guztion laguntzaren beharrean daude. Gu haien lekuan jarriko bagina, ez genuke beste alde batera begiratuko egoera honen aurrean. Asko ikasi beharrean gaude boluntario hauengandik eta ezkutuan dauzkagun baloreak kanporatu beharko genituzke. Gogoratu txiro hauek ez daudela kalean nahi dutelako, beste aukerarik ez dutelako baizik. Alabaina, gure laguntza merezi dutela uste dut, kalean goazenean irribarretxo bat besterik ez bada ere.

Ondorengo erreportajean ikusi ahal izango duzu gertuagotik zer den kalean bizitzea:

21 días con Samanta Villar entre cartones y en la calle

Comments { 8 }

Denok argitzen gaituzten argiak?

Gizarte aurreratuenetako hainbat kide aspalditik ibili dira edertasuna zer den zehaztu nahian, eta, helburu hori lortu dutenean, gizarte osoak “kanon” horiek jarrai ditzan saiatu dira iragarki eta beste hainbat trikimailuren bidez. Gauzak horrela, jendea edertasuna zerbait materiala dela kontzientziatzen hasia dago hitz honen esanahia muga hori baino harago doala ahaztuta, mundu honetako gehiengoaren kalterako. Guk, eta guk horretan ni eta zeuen buruak sartzen ditut, gizarteak erakusten digun bideari jarraituz, dirutza galantak gastatzen ditugu edertasun horien atzetik.

Aurretik aipatu bezala, gizakiok ezarritako edertasunaren definizioan itsu-itsuan erortzen gara, eta, munduko beste hainbat lekutako miseriez ahaztuta, dirua alferrik xahutzen dugu. Guk geuk definitzen ez dakigun edertasun hori lortzeko, garrantzitsuena ez da ordaindu beharreko kantitatea, kantitate hori ordaindu ahal izatea baizik. Horrela, gure itxura nahiz gure ingurukoa edertzeko asmotan auto garesti, luxuzko etxe, markako arropa eta hainbat krema edo operaziotan dirua uzteak ez digu axola. Eta hori ez da okerrena, gure bizi-kalitatea ez baloratzea da tristeena, eta akats horretan behin eta berriro erortzen gara.

Baina gaurko nire asmoa ez da edertasunaren definizio bat lortzea, mundu honetan dauden ezberdintasunez hitz egitea baizik. Ondorengo irudia ikusi bezain laster jakin nuen gai honi buruz idatziko nuela nire hurrengo artikuluan. Horixe egin dut.

Argazki hau erabat esanguratsua iruditu zitzaidan, modu sinpleagoan ezin baitzitekeen benetako errealitatea azaldu. Espazioan dagoen satelite batek lurrari gauez eginiko argazkia da, eta bertan munduko herri eta hirietako argi artifizialak ikusten dira. Gainbegiratzen badugu, irudi bitxitzat jo, eta jaramon handirik egin gabe pasatzen utz dezakegu, baina arreta gehixeago ipinita, berehala jabetzen zara irudi horren benetako esanahiaz: argiztatutako lurraldeak aberastasunaren sinonimo dira, eta, hau gutxitzen doan heienean, pobrezia nagusitzen hasten da.

Argi horiek artikuluaren hasieran aipatutako edertasunaren baliokide kontsidera daitezke; izan ere, txiki-txikitatik ikusten ditugu kaleetan eta ez gara beraien presentziaz batere harritzen, ez gara hauen garrantziaz jabetzen, baten bat fundituta ez badago behintzat. Horrelako argazkiak ikusteak, ordea, oraindik harritu egiten gaitu. Herrialde behartsuen egoera ulertzen dugula behin eta berriro esaten dugu, baina krisi ekonomikoa dela eta gabon hauetan argi gutxiago jarri behar dituztela esan digutenean, inork gutxik hartu du berria begi onez. Jarrera hauek geure gizarteak ezarri dizkigun baloreen ondorioak baino ez dira. Beste herrialdeetako miseriez jabetzeko, horrelako argazkiak ikusi beharra benetan tristea iruditzen zait niri. Ez al zaizue gauza bera gertatzen zuei?

Comments { 2 }
-->