Tag Archives | sexismoa

Se subastan solteras!

subastachicas350Aurreko astean, diskoteka batean adinez txikiko neska batzuen “zozketa” egin zela entzun beharra izan genuen zoritxarrez. Ez da emakumearen duintasunaren aurka horrelako zerbait egiten den lehenengo aldia eta, dirudienez, ezta azkena izango ere. Herri garatu honetan, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortu nahi den batean, onartu ote daiteke horrelako egoerarik? Nire ustez, ez. Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal aztertzera.

Ekintza hau apirilaren 25ean jazo zen Granadan. Bertako diskoteka batek festa bat antolatu zuen 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. Bertan, mutilek “Monopoly” jokoko dirua erabiliz, gehien gustatzen zitzaien neskarengatik apustu egin eta, diru gehien jartzen zuenak, nahi zuen neska aukera zezakeen. Ondoren, VIP palko batera joan eta diskotekaren kontura freskagarri bat hartzeko aukera zuten. Alkohola debekatua izanik, edatekoa freskagarria izan behar zen. Bestalde, jarduera lotsagarri honen berri ez zuen bertaratu zen neskaren batek eman, udaletxeko Aukera Berdineko sailak antolatutako tailer batera hurbildu zen mutil gazte batek baizik. Harrigarriena da honek ere ez zuela egoera salatu; aitzitik, festa goraipatu zuen, neska aurkitzeko aukera paregabea zela esanez.

Tamalez, aurretik esan bezala, ez da horrelako egoera baten aurrean aurkitzen garen lehenengo aldia ; izan ere, beste hainbat festa egin dira, non neska gazteak hainbat arrazoirengatik dirurik ordaindu gabe sartzen diren diskoteketan. Hau, adibidez, datorren ostiralean, aurretik aipatutako diskoteka berean gertatuko da: minifalda motzak dituzten neskek ez dute sarrera osoa ordaindu beharrik izango.

Hau dena nahikoa lotsagarria da. Alde batetik, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzen saiatzen ari garen bitartean; bestetik, aurretik geunden egoera baino okerragoan jartzen ari gara. Halaber, antolatzaileen ustez, ez zen jarrera sexistarik egon eta egoera normaltzat hartzen dute; hala ere, kartela pixka bat gehiegizkoa izan zitekeela onartzen dute. Nire ustez, horrelako egoerekin, orain arte aurreratu dugun guztia pauso batean atzeratzen dugu. Orobat, atzerako pausoa aurrerakoa baino handiagoa izaten da eta deitoragarria da XXI. mendean horrelako kasu baten aurrean egon behar izatea. Azkenik, espero dudan gauza bakarra da, hurrengo batean, egunkaria irakurtzen hasten naizenean, horrelako beste egoera negargarri baten aurrean ez aurkitzea, zaila izango bada ere.

Comments { 0 }
-->