Asociación de Skateboardears de la Plaza de Ibarrola de Basauri, hauxe da sigla horiek esan nahi dutena, eta Iñigo Rodriguez Bisairak sortu zuen, Basauriko plaza hau suntsituko zutela entzun zuenean. Plaza hau, EMB izenaz ezagunagoa dena, betidanik izan da skater askoren jomuga. Orain dela 5 urte udaletxeak kirol honen praktikarako egokitu zuen plaza zintarriak burniz babestuz, baranda bat jarriz, eta abar. Udaletxeak aldaketa hauek egin zituenetik, egunero plaza honetan gora eta behera ibiltzen direnek ez dute haien berririk izan. Esan beharra dago, gainera, kirol hau praktikatzen dutenen artean plaza hau oso ezaguna dela eta profesionalen hainbat bideotan ere agertzen dela.
Orain dela hilabete pare bat atzera, ordea, plaza skaterako debekatuko zutela entzun zuten. Batzuek ez zuten sinetsi nahi izan; beste batzuek, ordea, aurretik aipaturiko asoziazioa sortu zuten. ASPIBen helburua sinadurak jasotzea izan zen, EMBaren alde zeuden skater eta ez skater guztien sinadurak lortzea hain zuzen ere, udalak ikus zezan arazoak izango zituela bertan skatea debekatzen bazuen eta, horretaz gain, ohar zedin jende asko zegoela plaza honen alde. Helburua lortu dute, antza denez; izan ere, Ibarrola plaza skaterako irekia mantentzeaz gain, berritu ere egingo dute kirol honen praktika errazteko.
Oso harrigarria iruditzen zait kirol honekiko dauden aurreiritziak. Kirol hau gertutik bizi arte, pertsona askok du aurkako pentsamendu bat, ezin ds ulertu nola maite dezakegun lau gurpiletara loturik dagoen ohol bat. Baina hala da. Egur zati honek behar dugun guztia ematen digu: zirrara, urduritasuna, poza eta lagunak (ohol baten gainean dagoen edonor laguna baita). Hau egiaztatzeko era bakarra skatea dastatu eta guk sentitzen dugun “maitasuna” sentitzen hastea da; halere, ez da edonorentzako kirola, mina, nekea eta jendearen aurkaritza jasan behar baitira.
Arestian aipatutakoa kirol honekiko dagoen kontrako jarreraren adibide bat besterik ez da. Egunero milaka gaztek poliziaren kolpeak, isunak eta ingurukoen irainak jasaten dituzte. Hemen ikusten ez badugu ere, eguneroko gauza da beste toki batzuetan. Nik, idatzi txiki honen bidez, nire iritzia azaldu eta ezjakin zaretenoi skatearen munduan zer gertatzen den aditzera eman nahi dizuet. Ibarrola plazaren kasua, esan bezala, adibide bat baino ez da. Zoritxarrez, ez da itxi nahi duten bakarra. Hortxe dago Bartzelonako MACBA plaza ere, eraldatzen hasi direna, skatea praktikatzea ezinezkoa bihurtuz. Honek Bartzelonari kalteak besterik ez dizkio ekarriko, gaur egun, Europako skate mailan, punta-puntakoa den hiri bat baita Kataluniako hiri nagusia, eta bere turismoaren zati handi bat skaterrek betetzen baitute.
Amaitzeko, zera esan nahi nuke: skatea kirol bat gehiago da, errespetua merezi duena. Beraz, futbol zelaiak eta frontoiak hain ugariak badira, zergatik ez skate parkeak?
Iruzkin berriak