Tag Archives | solasean

Leire Olaberria: “Dopatzea norberaren erabakia da”

Elkarrizketa hau prestatzen hasi aurretik, ez nekien zein izango zen nire elkarrizketatua. Aukera batzuk banituen, baina ziur bat ere ez. Orduan, Maiterekin hitz egin nuen eta nik emandako aukeren artean Leire Olaberriari egiteko esan zidan, aukera ona zela eta. Hau entzun bezain laster hasi nintzen galderak prestatzen, berarekin hitz egiten saiatzen eta, batez ere, elkarrizketa eguna bilatzen.

Eguna iritsi eta dena ia prest zegoen, kamera baino ez zitzaigun falta. Zoritxarrez, hainbat gelakidek ere egun berean adostuta zituzten hitzorduak, eta Maiteren buelta eta gorabehera batzuen ondoren, kostata, baina lortu genuen kamera elkarrizketa baino minutu batzuk lehentxeago. Ez zen hori guztia izan. Elkarrizketa bukatutakoan dena ongi atera zela frogatzeko, aita eta biok grabatutakoa begiratzen hasi ginen. A zer nolako ezustekoa! Bat–batean, konturatu ginen ez zegoela grabaziorik, eta berriz hasi behar izan genuen elkarrizketa osoa egiten. Eskerrak Leire, kirolari aparta izateaz gain, oso jatorra eta pazientzia handikoa den. Berriz grabatzen ari ginela, kamera itzali egin zitzaigun, bateria gabe geratu baitzen. Gauzak horrela, beldurrez geratu ginen elkarrizketa baliagarria izango ote zen galdezka. Maitek arratsaldean etxean begiratu eta esan zidan grabazioa bertan zegoela eta ez kezkatzeko. Nolako lasaitua hartu nuen dena ongi zegoela jakin nuenean! Esan behar da kamerak ez direla nire alderik indartsuena… Baina gatozen harrira. Jarraian, Leirerekin hitz egindakoa irakurri eta ikusteko aukera izango duzue.

Azkenaldian, zuri eginiko hainbat elkarrizketa ikusi ditugu. Denetan Olinpiadei buruz galdetzen dizute, baina inoiz gutxitan lehendik egindakoari buruz. Badakigu Olinpiadetan arrakasta lortu aurretik beste proba batzuetan lortu zenuela, adibidez, Munduko Kopan laugarren postua lortuz eta Espainiakoan lehena eginez. Zure ustez, Joko Olinpikoetan lortutakoak merezimendu handiagoa al du lehenago lortutakoak baino? Edo beste arrazoiren bat dago?
Hori ez da kirolarion gauza. Guk lan piloa egiten dugu, ondoren gure egitekoa ongi egiteko eta gure helburu garrantzitsuena, normalean, Munduko Txapelketa izaten da. Honen aurretik, Munduko Kopa jokatzen dugu eta entrenamendu gisa erabiltzen dugu. Oso jakina da, egun, jendeak prentsak adieraztera ematen duena dela jarraitzen duena, eta, antza denez, Joko Olinpikoek daukaten oihartzuna izugarria da. Orduan, kirolariok oso garbi daukagu Joko Olinpikoetan zerbait egiteak kirolaren munduan aukera ugari izatea suposatzen duela guretzat. Hala ere, adierazi behar da Joko Olinpikoak lau urtean behin izaten direla eta mundu guztiak mimo handiz prestatzen dituela. Jokoek zailtasun handia dute kirolari batentzat, baina, nire ustez, Joko Olinpikoak duten zailtasun maila Munduko txapelketa batek duenaren parekoa da. Esan duzun bezala, Munduko Txapelketan laugarren geratu nintzen, bertan lortu nuen, gainera, Joko Olinpikoetan egoteko txartela eta horrek nire bizitzan ez zuen inolako aldaketarik ekarri; alabaina, gero ikusi dugun bezala, Joko Olinpikoetan lan ona egiten duzu eta horrek badu bere eragina. Dena dela, aurretik esan bezala, ez da gure gauza, prentsaren eragina da eta, azkenean, jendeak ezagutzen du prentsak adierazten duena. Kirol moduan, nik pistako txirrindularitza egiten dut. Hau, kirol txiki bat da, baina gure ibilbide osoan aldi bakarra da beste edozein kirol moduan baloratzen dena eta hori Joko Olinpikoetan gertatzen da. Horrek izugarrizko garrantzia duela uste dut.

Badakigu orain dela lau urte hasi zinela bizikletan. Aurretik korrika aritzen zinen eta, esan didatenez, ez zinen batere txarra. Nolatan igaro zinen korrikatik bizikletara?
Nire ustez, bizitzan oso garrantzitsua da egiten duzun guztia gogoz eta ilusioz egitea eta nik atletismoan, urteak pasa ziren neurrian, ilusio edo gogo hori galdu nuen. Beti izan dut gustuko kirola, beti gustatu izan zait entrenatzea, baina bizitzan momentu bat iristen da, non erabaki batzuk hartu behar dituzun, eta nire ustez erabaki bat hartzeko momentu egokia da egiten duzuna gustatzen ez zaizula konturatzen zarenean. Erabaki hori hartzeko momentuan, pisu handia dauka zure ingurunea nolakoa den. Momentu horretan nire bikotea pistako txirrindularia zen eta berak sekulako gogoa zuen ni pistako txirrindu baten gainean jartzeko eta pixka bat errua berea ere izan zen. Hala ere, esan behar da, momentuan ez ninduela gehiegi erakarri, baina poliki–poliki bizikleta baten gainean oso gustura sentitzen hasi nintzen eta, gaur egun, egiten dudana oso pozik egiten dut, momentuan benetan gustuko dudana da.

Leire Joko Olinpikoetako podiumeanOlinpiadekin jarraituz, denok ikusi genuen zure irudia podiumean negarrez. Zein edo zer zenuen buruan? Zer sentitu zenuen bertan zeunden bitartean?
Askotan errepikatu dut eta egia da oso zaila dela hitzez adieraztea emozionalki sentitu duzuna. Lehen aipatu dugun bezala, nik kirolean ibilbide oso luzea izan dut, nahiz eta emaitzak nahikoa heldua naizenean iritsi zaizkidan. Eskertzen ditut ere bidean pasa zaizkidan gauza guztiak, denak ikasketa bat izan direlako eta, momentu horretan zaudenean, lagundu dizun jende piloaz gogoratzen zara eta une oso–oso berezia da. Nire ustez, bizitza osoan gogoratuko dudan momentu bat izango da, eta ez dakit inoiz berriro bizi ahal izango dudan; dena den, uste dut bizitzan behin bakarrik bizitzeagatik momentu hori bidean egindako lan guztiak merezi duela.

Lehen esan duzu Joko Olinpikoen ondoren bizitza aldatu zaizula. Zertan aldatu zaizu bereziki?
Nire bizitza pertsonala ez da aldatu. Neuk aukeratu dut nolakoa izan, oso gustukoa dut eta ez dut ezer aldatzerik nahi. Hori oso garrantzitsua da, hau da, bakoitzak zer nahi duen konfirmatzea. Beste aldetik, nire agenda nahikoa estutu da, leku pilo batera joateko eskaintzak ditudalako, baina entrenatzen ordu asko joaten zaizkit eta ezin izaten dut leku guztietara joan. Dena dela, oso garbi daukat nire lana entrenatzea dela eta hortik kanpo egin ahal ditudan gauzak edo egon ahal dudan lekuetan egongo naiz, baina nire entrenamenduak ez ditut sakrifikatuko, hau baita nire lanbidea.

Nolakoa da famatu baten egun bat?
Ni ez naiz famatu sentitzen. Neu oso zoriontsu sentitzen naiz, gustatzen zaidana egin ahal dudalako eta horrek bizitzeko modua ematen didalako. Nire egunak duela gutxi arte bezalakoak dira. Asko deskantsatzen dut, entrenamenduak gogorrak izaten direlako eta, agian, hamar orduko loa behar izaten dut eta posible badut hamabikoa. Ez naiz siesta egiten duten horitakoa, baina entrenamenduak lo ondo eginda errekuperatzen ditut eta, gero, beste edozein pertsonaren antzeko bizitza dut. Egia da lagunekin nahi baino gutxiagotan egoten naizela eta gutxi ikusten ditudala, baina, horrez gain, ordutegi normala daukat. Goizean entrenatzen dut, bazkaldu normal, arratsaldean entrenamendua baldin badut, entrenatu egiten dut eta hortik kanpo libre baldin banago, nire gauzak egiteko antolatzen naiz, baina ez dut ezer apartekorik egiten. Zure bizitza edo beste baten oso antzekoa da.

Leire eta Arantzazu 2Zure arrakastak pistako txirrindularitzan aldaketak ekarriko dituela uste al duzu? Jende gehiago erakarriko ote du?
Niri Joko Olinpikoetan asko gustatu zaidan gauza bat pistako txirrindularitzaren arrakasta izan da. Orain arte jendeak ez zekien ezta zer zen puntuazio proba bat eta, orain, lehen pistak erakartzen ez zuen bat, hurbiltzen zait eta konturatzen naiz molestatu dela proba hori nola den eta pistak dituen beste aukerak jakiten. Hori niretzat satisfazio handi bat da. Euskal Herrian, gainera, txirrindularitza oso gogokoa da eta afizio handia dago; hala ere, egia da pista askoz ere jende gutxiagok ezagutzen duela. Ondorioz, jendea kirol hau ulertzen molestatu izana arrakasta bat da niretzat eta horrela jarraitzen badu, hobe; dena den, hori ez da nire lana. Hala ere, niri norbait pistari buruz galdezka etortzen bazait, gustura erantzungo diot.

Ziklismoan oso entzunak dira dopin kasuak. Zer iruditzen zaizu dopatzea?
Dopatzea norberaren erabakia da. Egun errepideko txirrindularitzan positibo kasuak behin eta berriro daude eta, nire ustez, egoera kaskarrean dago. Pistakoan, hala eta guztiz ere, badirudi ez dagoela horrelako kasurik; Dena den, norberak dauka bere ibilbidea aukeratzeko aukera eta norberak jakin behar du gauzak nola eta zergatik egiten dituen. Gainera, nire ustez, dopinaren barnean errespetu handia eduki behar da, bakoitzak hartzen dituelako norberaren erabakiak. Alabaina, jakin behar da arau batzuk daudela eta arau horien barnean egon beharra dagoela eta jakin badakigu arau horietakoren bat saltatuz gero, arazoren batean sar gaitezkeela.

Hala ere, ez ote litzateke hobe izango proba motzagoak egitea dopatzea baino? Zuk zer aldaketa egingo zenuke?
Oso kuriosoa da; izan ere, lehen esan bezala, jendeak afizio handia baitauka, baina jendea ez da askotan jabetzen txirrindulari profesional batek bete beharra dauzkan eginkizun guztiez. Buelta batean, azkenean, hogeita bat egun dira eta etapa guztiak gogorrak egin nahi dituzte ikusgarriak izateko eta horrek sekulako desgastea dakar. Nik uste dut afizionatu batek berdin baloratuko lukeela kirolariaren esfortzua edo bere burua gainditzeko duen ahalmena, nahiz eta batez bestekoak horren handiak ez izan, nahiz eta etapak hain gogorrak ez izan. Azken batean, nire ustez, hori baloratzen baitu jendeak. Neuk pentsatzen dut ez dela beharrezkoa horrenbesteko ikuskizuna ematea eta afizionatu normal batek, nahiz eta etapak mantsoagoak izan, berdin jarraituko lukeela. Hala ere, interes piloa mugitzen da eta, nire ustez, horren ondorioz sortzen dira dauzkagun arazo guztiak.

Asteburuan oso ondo ibili zara Frantzian. Gainera, egun gutxi barru Munduko Kopara joango zara. Zein da zure helburua han?
Joko Olinpikoetan puntuazioan lortutako postuagatik, nire helburu garrantzitsuena Mundialerako klasifikatzea da eta hori lortu nahian noa Munduko Kopara. Puntuazioan jadanik klasifikatuta nagoela esan dezakegu, eta egiten dudan beste proban, jazarpenean, klasifikatzeko nago. Hasieran, jazarpenean finkatuko naiz, ea antolatzen dudan, baina garbi daukat nire lan onena puntuazioan egingo dudala. Agian, hurrengo Munduko Kopan puntuazioko emaitzak sakrifikatu beharko ditut jazarpen on bat egiteko. Hala ere, ni beti ongi egitera irteten naiz, lehiakorra naiz pista baten barnean eta, ez banago lehiakor, ez zait gustatzen lekuetara joatea. Oraingoz, nahikoa sasoi onean nagoela uste dut eta aurrean egotea gustatuko litzaidake, intentzioa hori da behintzat.

Leire eta Arantzazu 3Munduko Koparen ondoren, atsedenik hartu behar al duzu edo lehiaketan jarraitzeko asmoa duzu?
Aurten Munduko Kopa luze egingo da guretzat. Orain arte lau txanda izaten genituen eta orain bost izango ditugu. Ondoren, gainera, Mundiala dator. Ondorioz, martxora arte ibili beharko dugu lehiaketetan. Dena dela, aurreneko probetan lortutako emaitzek asko markatuko dute ibilbidea, saio gehiago edo gutxiago egiteko. Nire intentzioa hiru Munduko Kopetan egotea da, Mundiala garrantzitsuena izanez. Hau guztia egin ondoren, ez naiz geldirik egongo. Hala ere, uda aldera, pistako lana lasaitu egiten da, martxotik abuzturaino gutxi gorabehera, beraz, errepidean arituko naiz entrenamendu gisa oso ondo etorriko baitzait.

Orain Cespa-Euskadi taldean zaude. Inoiz pentsatu al duzu taldea utzi eta ospe handiagoa duen batera igarotzea?
Ez, nire ustez oso garrantzitsua da zauden lekuan gustura egotea. Nik Cespari asko zor diot txirrindulari izateko amets honetan inork ezagutzen ez ninduenean, nire alde apustu egiten zuelako eta gaur egun gustura nago nagoen lekuan. Nik gustura nagoen lekuan jarraituko dut. Eskaintza berriak egongo dira, baina dirua ez da dena eta nire erabakietan pisu asko du ongi egoteak.

Esan behar da Ikaztegietan jaio zinela eta bertan jaiotako hainbat ospetsu ere badagoela. Jose Ramon Eizmendi, futboleko entrenatzailea; Juan Jose Olaberria, politikaria; Iñaki Zubeldia, idazlea; zu zeu… Zer dauka berezia Ikaztegietak? Metodo edo trikimailu bereziren bat al dauka?
Ikaztegieta oso herri txikia da, laurehun biztanle inguru izango ditu. Bertako jendea oso jende umila eta xumea da. Arrakasta lortzeko unean, nire ustez, norberak gustuko duena egiteko aukera badu, errazago da eta gainera horrek bizitzeko modu bat ematen badizu, hobe. Lehen esan dituzun horiek, nik bezala, lana ongi egiten saiatuko ziren, ondoren etortzen da jendeak gehiago edo gutxiago ezagutzea. Ondorioz, esan genezake, Ikaztegietan ez dagoela metodo edo trikimailu berezirik.

Lehen esan duzu ilusioagatik igaro zinela korrikatik bizikletara, orain zure buruan beste kirolen bat agertzen al da edo oraindik badaukazu behar den ilusio edo gogo hori?
Momentuz, pasatu diren gauza guztiengatik, nire ilusioa tope dago. Inoiz ez nuen pentsatuko nire kirolaren inguruan horrelako egun berezi bat pasatzeko aukera izango nuenik. Hala ere, nire aurretik eta atzetik geratu direnei errespetu handia diet, kirolari handitzat jotzen ditut eta behin beraien artean borrokan sartzen zarenean, hortxe egotea gustatzen zaizu. Gainera, Olinpiadekin nire bizitzako amets bat bete dut eta hemendik aurrera nire helburuak kalkulatu beharko ditut. Amets egiten dut, Munduko txapeldun inoiz izateko, baina beste amets bat da. Saiatuko naiz lortzen eta saiatu ondoren lortzen badut, ongi eta, bestela, ikusten badut saiatu naizela eta nire aldetik daukadan guztia eman dudala, konformatu egingo naiz.

Mila esker, Leire, zure denbora garrantzitsuaren zati bat emateagatik eta ea Munduko Kopan ondo ibiltzen zaren. Zorte On!
Mila esker zuei eta esan beharra daukat oso gustura egon naizela.

Momentuan esan nion bezala, asko eskertzen dut Leirek eman zidan aukera, esan beharra baitago elkarrizketa hau lehengo larunbatean, hilak 18, egin nuela eta hurrengo asteazkenean, hilak 22, bazihoala Munduko Kopan parte hartzera. Ez dago esan beharrik, entrenamenduz beterik zuela bere agenda. Ondorioz, entrenamenduen artean zuen tarte bat eskaini zidan eta hori ez du edonork egiten. Gainera, bi aldiz grabatu behar izan genuen elkarrizketa eta berak izugarrizko pazientzia duela erakutsi du, horrek ere izugarrizko meritua dauka. Mila esker, Leire, eta zorte on Munduko Kopan, Munduko Txapelketan sailkatzen bazara, seguru baietz, eta ondoren izango dituzun beste proba guztietan.

Comments { 7 }

Martxelo Otamendi: “Euskararik gabeko herria, gorringorik gabeko arrautza”

Hitzordua adostu bezain laster hasi zen atzerako kontaketa, eta harekin batera nire bihotz taupadak areagotzen joan ziren. Astea kirioak dantzan igaro ostean, iritsi zen egun handia. Goizean Maiterekin azken xehetasunak argituta, Andoainera abiatu ginen nire kamera eta biok nor baino nor urduriago. Autoan gindoazela, atasku batekin egin genuen topo Tolosatik irten bezain pronto. Albait azkarren irten eta Anoetatik joatea erabaki genuen. Zorionez, bidea libre zegoen. Andoaingo sarreran, garrasi bat askatu behar izan nuen nire egonezina baretzearren. Amak lasaitzeko oihukatu zidan, bihotzekoak emango zidala bestela. Azkenean, iritsi ginen Martin Ugalde Parkera. Egongelan nerbioekin borrokan nenbilela, Martxelo harrera egitera etorri zitzaigun. Hala ere, pixka bat gehiago lasaitzeko balio izan zidan ordubete igaro zen elkarrizketa hasterako, Berriako zuzendariak bilera bat baitzuen. Bere bulegoan sartu orduko azaldu zidan ez zuela denbora gehiegirik. Hortaz, elkarrizketari ekin genion besterik gabe.

martxelo-eztizen

Kazetari, zuzendari, euskaltegiko irakasle… , baina ezer baino lehen euskaltzale. Gutariko askok ere zuri esker geureganatu dugu gure hizkuntzarekiko maitasuna. Oroitzen dut noiz hasi nintzen euskararen errealitateaz jabetzen: Egunkaria itxi zutenean izan zen, hain zuzen ere. Horrekin batera, euskararen aurkako beste hainbat errepresaliak begiak ireki zizkidan. Modu bortitz horren bidez piztu zitzaidan euskaltzaletasuna, haurtzaroko sineskorkeriatik larrialdietarako lurrartzea zirudien hartan. Nola ohartu zinen zu gure hizkuntzaren egoeraz? Ni familia euskaldun bateko semea naiz, baina gogoratzen naiz Tolosako Eskolapioetan ikasten nuen garai hartan ez zela euskarazko irakaskuntzarik fraideen artean eta ez zegoela ikastolarik. Familia euskalduneko semeak izan arren, eskolatik, batik bat semeak, erdaraz hizketan etortzen ginen. Gogoratzen naiz aitak ez zigula ordainsaririk ematen ez bagenuen etxean euskaraz egiten. 67-70 inguruko giroaz ari naiz, noski. Ni konturatu nintzen pixka bat gure hizkuntzaren egoeraz 16-17 urterekin, jabetu nintzenean gure eskolako lagunok gazteleraz hitz egiten genuela nahiz eta euskaraz jakin. Orduan, ez genekien besteek euskaraz bazekiten edo ez zekiten; izan ere, gazteleraz bakarrik hitz egiten genuen. Iruditzen zitzaigun euskara etxeko gauza baino ez zela, familia eremukoa. Gero, 16-17 urterekin konturatu nintzen nik neronek euskaraz ez nuela ondo egiten, eta bagenuela hizkuntza bat gurea zena, bizkortu egin behar zena. Orduan, 16-17 urterekin pixka bat jabetu nintzen horretaz eta hasi nintzen nik orduan nuen maila kaxkar hura hobetzen eta ikasten. Ikasi eta irakatsi urtebeteko kontua izan zen.

Gogor ahalegintzen da zenbait euskararen zapalkuntzan, baina zergatik hainbeste errepresio? Zeren beldur dira? Beno, hizkuntzaren kasuan, badakitelako gure hizkuntza gure nortasuna dela eta gu ez garela sekula Euskal Herria izango ez baldin bada euskaldunen herria. Badakitelako guretzat hizkuntza hori dela: gure nortasuna eta gure izatearen atal garrantzitsua. Ez da %100, baina bai asko bereizten gaituena eta baita nor egiten gaituena ere. Garai batean, “Euskararik gabeko herria, gorringorik gabeko arrautza” eta “hegorik gabeko usoa” eta horrelako pintada batzuk egiten ziren. Badakite hori, eta, orduan, badakite euskara erauzita, gure sustrai nagusietako bat kendu egiten digutela.

Kolpaketak kolpaketa eta egunero-egunero kementsu lan egin beharko dugun arren, euskara inoiz desagertuko ez delakoan nago. Zer deritzozu zuk? Ez da desagertuko eta gure esku dago, gainera, desagertzea edo ez desagertzea. Ez da desagertuko, zorionez, azkeneko 30 urte hauetan badaudelako belaunaldi batzuk hizkuntzaren auzia, aurreko batzuetan ez bezala, oso serio hartu dutenak. Gaur egun topa ditzakezu, beraiek hala erabakita, euskaraz dakiten genetistak, fisikoak, kimikoak, enpresetako buruak, komunikabideak… Gaur badago Euskal Herrian talde sendo bat, antolatuta ez badago ere, gure Herria euskalduntzeko helburua duena. Alegia, 5.000-10.000 laguneko elitea, formatua, bai zientziaren aldetik, eta baita hizkuntzaren ikuspegitik ere. Horregatik dauzkagu genetista euskaldunak, eta genetistak izateaz gain, badakite genetikaz euskaraz mintzatzen. Elite hori da motorea gaur egun, euskararen hedapenaren eta euskararen lanketaren motorea. Gutxi dira oraindik, baina gure hizkuntza ez da galduko. Ez dauka bermerik oraindik irauteko eta hizkuntz normalizatu bat izateko. Oso urruti gaude hizkuntz normalizatu bat izatetik, baina normalizatuta ez dauden hizkuntzen artean, 5.000 laguneko elite horri eta horiek daukaten bultzada eta indarrari esker, gaur egun euskara izango da hobekien dagoenetako bat. Ez da egongo beste hizkuntza bat munduan gure tamaina duena
-800.000 hiztunekin-, estatu-hizkuntza izango ez dena eta gure baliabideak euskaraz dauzkana: unibertsitate-karrera batzuk euskaraz egiteko gaitasuna, enpresario batzuk euskaraz normaltasunez lan egiteko gaitasunarekin, sendagile batzuk, zientifiko batzuk, profesionalak, irakaskuntza-sistema bat eskoletan, komunikabideak -telebista, irratia, aldizkariak, egunkaria-… Ez da egongo munduan beste komunitate bat 800.000 hiztunekin bakarrik gure eskaintza egiten duena, baina ezezkorrena da oraindik oso urruti gaudela gure herriko hizkuntza izatetik, gure herriko herritar guztien hizkuntza izatetik. Bide horretatik segitu behar dugu, baina galdu, ez; badagoelako talde bat uniformea ez dena eta kolore bakarrekoa ez dena, askotarikoa dena, baina gure hizkuntzaren garrantziaz konturatu dena.

Garbi dago lan asko dugula egiteke edo hori adierazten dute inkestek bederen. Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri duen Euskal Herriari buruzko 2006ko egoera soziolinguistikoaren arabera Euskal Herriko biztanleen %58’9 erdaldun elebakarrak direla kontuan hartuta, inoiz lortuko al dugu euskal herritarren %100 euskaraz mintzatzeko gai izatea? Orain goazen bidetik ez, behintzat. Orain goazen bidetik eta orain goazen abiaduran, ez. Gauza gehiago egin behar dira eta gauzak hobeto egin behar dira: baliabide gehiago jarri behar dira horretarako, kanpaina sendoagoak eta lan handiagoa egin behar da jendea konbentzitzen. Egia da zaila dela. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban izan gaitezke %30, baina Euskal Herri osoa kontuan hartuta %25 gara eta oso zaila da %25ak %75 hizkuntza ikasten eta erabiltzen jartzea. Orain goazen bidetik ez dugu lortuko. Beste kemen bat, beste indar bat eta beste konbentzimendu bat behar dira, beste apustu batzuk egin behar dira, alegia. Beti behar da adostasuna, beti behar da elkarlana, beti behar da jendea erakarri eta nahi den guztia, baina orain ez daukagun helburu batekin egin behar da lan eta ez dut uste helburu horrekin ari garenik.

martxeloEdozer lortuko badugu ere, erantzukizunaren zati handiena “euskaldun zaharrongan” dago. Zer egin dezake gutariko bakoitzak euskara bultzatzeko? Euskaldun izan eta euskaldun modura jardun ahal den guztietan: euskara erabili, euskarazko produktuak kontsumitu eta kontsumitzen lagundu eta ondoan erdalduna daukanak konbentzitu euskara ikas dezan eta gero harekin jardun. Ondoan daukanak euskaraz irakurtzen ez badu, edo euskarazko produktuak kontsumitzen ez baditu, edo sekula joaten ez bada euskarazko antzerki edo film bat ikustera …hura konbentzitu. Gutako bakoitza jarrita euskara normaltasunez erabiltzen eta euskarazko produktuak kontsumitzen eta gauzak euskaraz egiten, asko lor dezakegu, ikaragarri, baina ez dut ikusten azkeneko urte hauetan hori bultzatzeko jarrera bat dagoenik, ez behintzat kemenez eta indarrez eta uste dut hori garrantzitsua dela. Gutako bakoitzak asko egin dezake bere inguruan gure gizartea euskalduntzeko: erdaldunak euskara ikastera bultzatu eta euskaldunak direnak bere burua orraztera behartu, euskarazko produktuak kontsumitzera animatu…

“Euskaldun berriek” ere garrantzi handia izan badute euskararen etorkizunean. Zein da gure hizkuntza erabiltzeko orduan topa dezaketen oztoporik gaitzena? Hizkuntza bera menderatzea eta Euskal Herriko zonalde batzuetan inguru euskalduna topatzea euskaraz praktikatzeko, baina hor daude komunikabideak eta liburuak. Asko zor diegu euskaldun berriei. Batzuek, gainera, inongo laguntzarik gabe ikasi dute, euskara ikastearen truke inongo lanpostu ofizialik eskaini gabe, inongo buruzagitzarik eskaini gabe. Lan ikaragarria egin dute, milaka eta milaka dira azken urteetan euskara ikasi dutenak helduen artean, eta ikasleen artean ere bai. Asko dira gurasoek euskaraz jakin ez eta haiek badakitenak. Horietatik heldutan ikasi dutenak, alegia,18-20 urterekin, asko dira eta uste dut horiei zor zaiela omenaldi bat, ezagutza eta esker ona egin duten lanagatik. Badira oraindik, eta asko dira, ikasten ari direnak, adibidez Ekuadorretik etorritakoak, eta handik lau hilabetera hasten direnak euskara ikasten. Miresgarria da jende horrek egiten duen ahalegina eta lana. Nik uste dut hor zor handia daukagula euskaldun berriekin, euskara ikasi duten helduekin edo bere seme-alabak, nahiz eta beraiek euskaldunak ez izan, euskarazko D ereduetara eraman dituzten guraso horiekin. Ordizian eta Tolosan hori esatea erraza da, baina hori egin beharra dago Araban, Nafarroan… mila lekutan.

Asko eta asko dira euskara ulertu bai, baina erabiltzera ausartzen ez direnak. Zer esango zenieke jauzi hori eman ezinean dabiltzanei? Animatu, horiek animatu egin behar dira. Kanpainak antolatu behar dira eta jokaleku erraza eta samurrak jarri behar zaizkie euskaraz praktikatzeko. Egun hauetan entzun dut Oarsoaldean edo nonbait umearekin euskaraz, baina bikotearen artean gazteleraz egiteko joera dutenei zuzendutako saiakera bat. Oso spot polita dago irratian (spotean azaltzen den elkarrizketari egiten dio erreferentzia): “Aizu, gu erdaraz ari gara, baina zergatik ez dugu euskaraz egiten? Umearekin euskaraz egiten dugu, baina gure artean zailagoa da. Orduan, goazen bikoteen tailerrera.” Tailer moduko bat antolatu dute bikote horiek euskaraz egiteko jarrera har dezaten. Irudimena behar da, laguntza…

Gazteok garela etorkizunaren giltza entzun izan dugu eta, behin aitortu zenuenez, ez omen gatoz irakurri zale. Zer ondorio ekar diezazkioke horrek gure mintzairari? Gazteen esku egongo da 30 urte barru zer egingo den. Orain eskolan zabiltzatenek erabakiko duzue euskaraz, gazteleraz edo ingelesez egingo duzuen eta zer produktu kontsumituko duzuen. Egia da orokorrean gazteak -ez hemen, ez Estatu Batuetan, ez Europan- ez datozela irakurri zale, ez datozela egunkariak irakurri zale. Hor badaukagu guk defizit bat horrekin. Ez badituzte albisteak paperean hartu nahi, interneten emango dizkiegu eta horretan ari gara eta horretan saiatu gara. Ezin dugu pentsatu: “Guk arrazoia daukagu eta gazteak bide okerretik doaz”. Belaunaldi berriak ez badatoz oso irakurri zale, zer nahi duten galdetu beharko diegu guk eskaintzeko. Gu ezin gara gelditu gure buruarekin, gure purutasunean.

Nola deskribatuko zenuke euskal gazteriak euskararekin duen egungo harremana? Beno, nik uste dut, orokorrean, gure garaian baino dezente gehiago egiten duzuela gazteek euskaraz naturaltasunarekin kalean. Zuek nire zain egon zareten bitartean, zein hizkuntzatan jardun duzue? (Euskaraz aritu garela argitzen diot.) Bada, orain dela 30 urte, agian, gazteleraz ibiliko zineten, zuen artean gazteleraz, eta, gero, hona etorriko zineten euskaraz. Nik uste dut orokorrean eskolaren eraginagatik izan dela, gurasoen kontzientziarengatik eta kontzientzia hori naturaltasun gehiagorekin transmititu zaizuelako. Nik hori ikusten dut, behintzat, nire inguruan. Seguru Ordizian egongo direla gazteak euskaraz gure garaian baino gehiago egiten dutenak. Dena den, beti dago kexua eskolan eta jolastokian erdaraz egiten dutela, baina nik nire inguruan edozein eratako bikoteak naturaltasun guztiarekin euskaraz egiten ikusten ditut gaur eta hori gure garaian ez zen gertatzen. Gure garaian oso gutxi ziren kalean euskaraz jarduten zuten bikoteak. Gaur egun, Donostiara film bat ikustera joan zaitezke eta topatu, jende-lerroan zaudela, atzean dauzkazun neska-mutilak 25 urterekin euskaraz hitz egiten naturaltasunez. Hori orain dela 25 urte gertatu izan balitz, burua jiratuko zenukeen zein zen jakiteko; beraz, nik uste dut gaur egun gazteen partetik badagoela kontzientzia bat. Ez da bakarrik gazteen meritua, nik uste dut ingurua desberdina dela, gurasoak daude, kontzientzia bat egon da gaztetatik, eskolaren lana dago, eskolek normaltasun guztiarekin transmititu dute euskara eta gero zuen naturaltasuna dago: “Nire hizkuntza da eta horrekin egingo dut”. Hori duela 30 urte salbuespena zen. Orain, badaude oraindik gazte asko gazteleraz egiten dutenak, baina gure garaian baino dezente gehiago dira euskaraz gaztetatik egiten dutenak.

Zein modutara definituko zenuke “euskaldun petoa”? Euskaldun izateko beharrezkoa al da euskaraz mintzatzea? Nik definituko nuke “euskaldun osoa”; izan ere, “euskaldun petoa” beste gauza bat da. Esaten da “euskaldun peto-petoa” da. Horrek esan nahi du euskaraz ondo dakiela, ez daki euskara tekniko edo garbia ondo eta seguraski inguru euskaldun batean bizi da eta normalean euskaraz dihardu. Niri gehiago gustatzen zait “euskaldun osoa” deitzen dena eta hori da euskalduna dena eta hizkuntza horretan bere bizitza normalizatu batean behar diren ekintza edo ekitaldi edo jardunaldietan euskaraz normaltasunez jarduteko gaitasuna eta trebetasuna daukana, hizkuntz trebetasunak onak dauzkan bat. Hori da euskaldun oso bat. Irakurtzen eta idazten badakite, ez daukate inongo arazorik testu bat hartu eta euskaraz ulertzeko eta euskaraz erantzuteko, normal idazten dute eta normal irakurtzen dute, antzerki batera joaten dira eta ulertzen dute, zinea ulertzen dute, hitzaldi bat… eta hizkuntz gaitasun ona daukate, guk daukaguna bezalakoa. Gizarte normalizatu batean, bizitza normala eta teknikoa euskaraz jarduteko gaitasuna dutenak dira. Niri gehiago gustatzen zait “euskaldun osoa”; izan ere, badirudi “euskaldun petoak” ez dakiela erdaraz edo ez dakiela ingelesez. “Euskaldun osoak” badaki euskaraz oso ondo eta beste lau edo bost hizkuntza jakin ditzake.

Prentsak eragin zuzena du lengoaien zabalkundean. Zer datorkizu burura “euskara” eta “prentsa” hitzak entzun bezain pronto? Oso binomio konplikatua dela, zaila dela, gehiena gazteleraz eta frantsesez dagoelako. Gaur egun kioskoetan dagoen prentsa-aukera ikaragarria da gazteleraz, frantsesez eta ingelesez, batik bat, frantsesez iparraldean eta ingelesez hegoaldean; euskaraz, berriz, oso urria da. Beraz, harreman zaila daukan matrimonio bat da. Ahalegin batzuk badaude eta gu saiatzen gara horretan, baina oraindik normaltasunetik urruti dago.

berriaBost urte joan zaizkigu dagoeneko Berria sortu zenetik. Zertan ikusi duzu aldatu dela egunkaria ordudanik? Bihar aldatuko da (larunbatari egiten dio erreferentzia). Gaur ostirala da, Berriak esplikatzen du bere orrialdeetan berrikuntzak egongo direla berria.infon eta Berria paperean. Beno, pixkanaka-pixkanaka aldatzen doa. Bost urteotan hirugarren edo laugarren aldia da aldaketa egiten duguna irakurterrazago egiteko, beti jendearentzat ikus-pertzepzio aldetik interesgarriago egiteko, beti irakurleengan pentsatuta, irakurleei zer gustatzen zaien gure buruan edukita. Azkeneko bost urte hauetan hiru edo lau aldiz saiatu gara periodikoa hobetzen. Ekainean egin genuen beste aldaketa handi bat, letra-tipoa aldatu genuen. Orduan egin gabe utzi genituen aldaketa batzuk bihar egingo ditugu. Bihar, larunbata, izango da lehenengo aldia. Interneten ere aldaketa handi bat egongo da bihar eta hori da gure esperantza.

Euskara Sariaren aurtengo irabazlea izan da Berria. Zer sentitzen da zuek burututako eguneroko jarduna saritzen dutenean? Animoak aurrera segitzeko. Lehen esan dizut “euskara” eta “prentsa” oso bikote konplikatua dela, indar gehiago beharko lukeena eta sendoago egotea merezi duena, baina indarra ematen digu helburu horietara iristeko, gero eta sendoagoa izateko eta gero eta indartsuago eta gero eta gaitasun handiagoa besteekin lanean jarduteko eta elkarrekin denon artean gauzak egiteko. Egun hauetan “iragarki laburrak” sortu dugu, 8 orrialdeko egunkari moduko bat. Gaur banatu dugu eta, gainera, interneten badago iragarkilaburrak.com. Hori da 23 komunikazio enpresek elkarrekin hartu eta bultzatutakoa. Orduan, sari horiek indarra ematen dute aurrera segitzeko, gauzak hobeto egiteko, gure irakurleengandik gertuago egoteko eta, beste batzuekin batera, etorkizunean proiektu komun bat egiteko eta gauzak elkarrekin egiteko.

Inoiz pasa al zaizu burutik euskararen aldeko borroka horretan amore ematea? Ez. Guk, gainera, horrekin bizi izan dugu. Gure mugak ezagutzea garrantzitsua da ez desesperatzeko eta ez etsitzeko, baina baditugu barne-mugak, jendeak bere buruari jarritakoak, eta kanpoko mugak. Guk landu egin behar dugu muga horiek kentzeko eta jendeak bere euskararekiko joera eta zaletasuna garatzeko eta zabaltzeko, baina ez dugu etsiko. Jada 50 urte dauzkat eta ez nago etsitzeko. Garrantzitsuena da lana ondo egitea eta atzetik datozen belaunaldiak ondo formatzea, haiek ere gure lana segi dezaten, beti helburu horrekin. Batzuetan jendearen zenbait jarrera ikusita haserre zaitezke; ikusita, adibidez, gauza batzuk bultzatu eta landu egiten direla, baina gero ez dutela jasotzen hartzaileen partetik erantzun egokia. Dena den, saiatu behar duzu beste behin, beste bide batetik, beste gauzak eginda, birpentsatuta… Hori da gure lana.

Martxelo eta Eztizen 2uskara maite dugun guztiok ditugu egiazko bilakatuko direla uste dugun ametsak. Nola laburbilduko zenuke zure guraria titular batean? Euskal Herriko agente politiko eta sozialak irtsi direla akordio batera euskal gatazka deitu den horri irtenbide negoziatua eta elkarrizketatua emateko, eta frogatzea akordio horretan jasotzen direla herri honek bere burua aurrera eramateko daukan eskubidea, herri honek bere etorkizuna erabakitzeko daukan eskubidea eta herri honek hizkuntza eta kultura berreskuratzeko daukan eskubidea.

Espero dut azkar ikusiko dugula titular hori Berriaren azalean. Gure webgunean ere, hortxe izango da. Bide batez, euskaljakintzaren xedea euskararen hedapena bultzatzea da, ikasleok euskara lantzeko erabiltzen dugun materiala denon eskura ipiniz. Amaitzeko, gure lana hobetzeko zure aholkua nahi nuke. Zer aldaketa egingo zenizkioke gure webguneari? Beno, ez dut ezagutzen zuen webgunea, baina gomendioak baino gehiago animoak ematea da. Segi ezazue lanean bizkor. Ikusi dut kazetari belaunaldi ona datorrela eta hori ona da gure itxaropenerako, gure etorkizuneko proiektuetan kazetariak behar ditugulako eta kazetari onak, euskaldunak eta euskaltzaleak. Animo, segi lanean. Ez etsi, batzuetan ematen du ez goazela ondo eta ez goazela espero dugun eta nahiko genukeen bezain ondo, baina ez etsi eta segi lanean. Segi bizkor eta gauzak egin, eskaini produktuak, webgunean, paperean eta, irratia baduzue, irratian. Telebista baduzue, telebista ere bai… Egin lana koordinatuta, egin lana jendea kontuan hartuta, pentsatuz beti ikusle, entzule edo irakurlearengan eta saiatu zuen inguruko jendea biltzen. Ez gara asko, gutxi gara; beraz, gaudenok eta garenok bildu egin behar dugu. Elkarrekin indarrak batu eta merkatura atera besteekin lehiatzera. Bestela, besteak oso handiak dira. Gu txikiak gara, hizkuntza txiki batean gaude; haiek, frantses eta espainolak, hizkuntza handi batean daude. Modu bakarra atsedenik eta etsipenik gabe lan egitea da.

Mila esker elkarrizketa egiteko aukera eman eta euskararen balioa ikusarazi izanagatik. Zorionak orain arte egin duzun bidea eta hemendik aurrera egingo duzunagatik! Eskerrik asko zuri eta segi bizkor Ordiziara.

Hasieran aipatu bezala, gizona lanez lepo dabil eta, elkarrizketa amaitu bezain laster, autoa hartu eta Gasteizera bidean jarri zen. Horregatik eta gure hizkuntza bultzatzeko egin duen lan izugarriagatik, eskerrak eman beharrean nago; izan ere, Martxelo bezalako borrokalariengatik ez balitz, auskalo zein egoeratan legokeen euskara.

Berealdiko egiak esan zizkidan eta eguneroko jardunean euskara erabiltzeko arrazoi gehiago eman. Espero dut zuentzat haren aholkuak niretzat bezain baliagarri izatea eta denon artean erabat euskalduna izango den Euskal Herria eraikitzea!

Comments { 8 }

Txema Auzmendi: “Nire kasua historia batean dator, beste bat gehiago naiz injustizia baten aurrean”

Egunkaria kasuan interes handia daukat, gori-gorian dagoen gaia dugu eta buruari bira asko eman dizkiot eta ematen jarraitzen dizkiot gertaera honen zergatia ulertu nahian. Horregatik, bere azalean bizi duen bati elkarrizketa egitea bururatu zitzaidan, nire buruko nahaspila atontzea nuela xede.

Txema Auzmendi 1949an jaio zen Ordizian. Egun, Donostiako Jesuiten etxean bizi da eta Herri Irratian egiten du lan, bere beste zeregin askoren artean. Giza eskubideen alde gogor lan egin du, Gipuzkoako Foru Aldundiak sari bat eman ziolarik ordainetan. Duela bost urte arte Egunkariako kontseiluko idazkari gisa aritu zen lanean, Euskal Herriaren aurka eginiko zapalkuntza bat dela medio Egunkaria kasuko auzipetu izatearen zama gainean izatera iritsi zen arte. Zigor eskaerei dagokienez, Auzi nagusian 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eta, Auzi ekonomikoari dagokionez, berriz, 26 urte eta lau hilabateko espetxealdia eta 32.891.150 euroko isuna ezarri diote.

Txema-Ihintza

Donostian izan nintzen ostegun arratsalde batean, berarekin adostua nuen hitzordura, hainbeste itxarondako solasaldia gertu nuela. Momentu hartan Herri Irratian zegoen, Jesuita etxearen alboan aurkitzen den bere lantokian. Azken pisura joan behar nuen, seigarrenera. Iritsi nintzen azkenean, gero eta gutxiago falta zen bera ezagutzeko! Halako batean, bera agertu zen; han zebilen aurrera eta atzera, batekin eta bestearekin txantxetan, giro sobera atseginean. Irribarre zabal batez agurtu ninduen. Sekulako meritua eman nion, horrelako egoera lazgarrian egonik… Irratsaioak grabatzen dituzten gelan sartu eta hantxe eman genion hasiera gure elkarrizketari.

Jesuita, kazetaria, giza eskubideen bultzatzaile eta defendatzailea… nola definituko zenuke zeure burua?

Beno, ni gizona, euskalduna, kristaua, jesuita, orden horretan ondo. Gero, bada interesatzen zaidan latinezko esaldi bat, ederra nire gusturako, gizakiari dagokion oro niri dagokit dioena. Latinez da esaldia, baina orain ez datorkit burura. Edozein esparru, arlo eta harantzago pertsona berdin dago injustizia eta bidegabekeria egoeran…

HERRI IRRATIA… DESKUBRIMENTU BAT.

Beste lan askoren artean, Herri Irratian ere egiten duzu lan. Zer da zuretzat Herri Irratia? Zer eman dizu urte luze hauetan? Eta zuk zer eman diozu berari?

Hogei urte pasa ditut Herri Irratian lanean eta niretzat mundu berria izan da, ni ez bainengoen prestatuta horrelako lan batean sartzeko; bizitzak aukerak eskaintzen ditu eta horietako bat izan zen. Azpeitian hasi nintzen, euskal giro bete-betean eta hori Euskal Herria ezagutzeko beste bide bat izan zen, jende askorekin harremana, jende asko ezagutu, ezberdinak denak… Gure herrian zein aberastasun dagoen ere erakutsi dit, pertsonei dagokienez, mugimenduei dagokienez… Deskubrimendu bat, horrela definituko nuke. Azpeitian eta Bilbon izan nintzen hona etorri baino lehen eta deskubrimendu honen aurretik mundua txikiagoa da, zure munduan zaude… eta irrati hau oso ona izan da niretzat, oso positiboa. Herri Irratia, gainera, bai Euskara eta baita euskal kultura eta politikarekin ere, oso konpromiso handia duena izan da, jende ona duena eta konpetentea. Ikasteko bide ziurra.

Nik zer eman diodan? Nik uste hori entzuleek esan behar luketela. Nik nire saioak egin ditut, eta ahal dudan guztia eman izan dut, baina beste batzuk dira hori esan behar dutenak.

GIZA ESKUBIDEEN SARIA ESKURATZEA… “SENTSAZIO BIKOITZA”

saria jasotzenGiza eskubideen saria eman zizun Gipuzkoako Diputazioak duela lau urte inguru, pertsonen eta, batez ere, gizarte esklusioa jasaten dutenen giza eskubideak bultzatu eta defendatzeagatik eguneroko jardunean. Zer sentitu zenuen sari honen berri izan zenuenean?

Poza sentitu nuen eta, beste alde batetik, mundu zoro batean bizi garen sentsazioa. Garai hartan, pixka bat lehenago, harrapatu ninduten eta gintuzten Egunkaria kontua zela eta. Orduan, batzuentzat ETAko kideak, ETArekin kolaboratzen genuenak ginen, Egunkarian denak ginen gaizto. Zenbaitentzat, gainera, egia izango da hori guztia eta, hori dela eta, gauza tristeak sufritu izan ditut familian eta inguruan. Beste alde batetik, zure gertuko pertsonak diren horiek sari bat merezi duzula esaten dizute, nik eta nire taldeak, nire izenean bada ere. Beraz, poza eta aldi berean hainbat galdera. Erotuta gaude? Non gaude? Sentsazio bikoitza.

EGUNKARIAKO LANA… “GOXOA, ESPERIENTZIA ZORAGARRIA”.

Administrazio Kontseiluko idazkari izan zara Egunkarian sartu zinenetik itxi zuten arte. Zein izan da zure egitekoa urte horietan?

Berez, niretzat, oso lan goxoa izan da. Oso ederra zen horrelako enpresa txikia, baina aldi berean erraldoia, bizirik eta martxan jartzeko indarra izan genuela ikustea. Euskal munduan egunkari bat egunero, astelehenetan salbu, kalean egotea, euskara bizian, langile gehienak gazteak direla, kobratu ere gutxi, militantzia… esperientzia zoragarria izan zen. Nik hasieran artikulu batzuk idazten nituen elkarrizketa moduan igandero azken orrian, baina ez zen hainbestekoa egiten nuen lana, astean behin egiten genituen bilerak… Ni gehien liluratzen ninduena dirurik trukean jaso gabe langileon lanerako grina eta indarra ziren, gauza handietan pentsatu gabe… Handia euskara maitatzea zen, herri honi horrelako tresna edo baliabide garrantzitsua eskaintzea, gure hizkuntza salbatzeko bidean inportantea eta baita gure nortasun bidean ere, euskaldun bezala iraun ahal izateko. Hori izan zen gure abiapuntua eta poliki-poliki bidean egindako ahalegina, nire ustean asmatutakoa. Esperientzia, beraz, zoragarria izan zen; nire zeregina, txikia. Gu azaltzen gara, baina lana beste batzuek egiten zuten gehiago. Batzuetan aurpegia jartzea tokatzen da eta…

Euskaldunon Egunkarian egindako lanagatik zaude epaiketaren zain, euskara indartzeko lanean aritzeagatik, euskara maitatzeagatik… Azalduko al zeniguke nolatan sartu zen Herri Irratiko esatari jesuita Egunkariako idazkari izatera?

Beharbada Herri Irratiak egin ninduen zenbait tokitan ezagun eta zenbait talde eta pertsonarentzat Txema Auzmendi, batez ere, irratiaren bidez eman zen ezagutzera. Jendeak bazekien ni jesuita nintzela; beraz, eliza katolikoko kidea. Orduan, uste zuten Egunkariak eliza esparruko jendea behar zuela eta horregatik jo zuten nigana. Niri lantxo hori proposatu zidaten eta onartu egin nuen. Herri Irratiko kidea, jesuita, elizako kidea eta apaiza gainera, betiere, horrek ezagunago egiten ninduelarik. Horrek eragina izan zuelakoan nago. Nire presentzia horretan “garrantzitsua” zena, nolabait esateko, beste zenbait esparru ordezkatuta zeuden bezala, elizarena ere ordezkatzea zen. Nire kasua da hau, baina baziren gehiago ere, Pablo Agirre Bartziategi…, talde txikitan ez bazen ere, hasierako sortzaileetan ni bezalaxe egon direnak.

2003ko otsailaren 2Oa… “HARRIDURA, SUFRIMENDUA… OROITZAPEN GOGORRAK”

Egin dezagun jauzi 2003ko otsailaren 20ra, Euskaldunon Egunkaria itxi eta atxilotu zintuzten egunera. Zeintzuk dira egun lazgarri horren inguruan dituzun oroitzapenak? Eta inkomunikatuta emandako ondorengo bost egunetakoak?

egunkaria gabe 5 urteOroitzapen txarrak, gogorrak. Nik bezalako hitzak erabili ditut momentu haiek adierazteko eta beste batzuei entzun izan diet antzeko esperientzia bizi izan zutela. Infernua ez dakigu zer den, batzuetan hau infernua da esaten duzu, etxean, senideen artean edo lantegian gerta daitekeen egoera baten aurrean, baina gutxitan gertatzen zaizu horrelako indefentsio, errespeturik gabeko eta inolako gizatasuna agertzeko aukerarik ematen ez dizun egoera bat. Niri, behintzat, ez zitzaidan horrelakorik inoiz gertatu. Niretzat gogorrena hori izan zen, gauza edo objektu baten gisa tratatzea, pertsona ez bagina bezala, bai nire kasuan eta baita gainontzekoenetan ere. Burua makur beti, ezin aurpegira begiratu. Ni ez ninduten jo, ez zidaten poltsarik eta horrelako tortura fisikorik egin; psikologikoa bai, ordea. Hala ere, oroitzapenak izugarri gogorrak dira, tristeak, inori opa ez diodan zerbait da.

Bestalde, atxilotu nindutenean, harridura zen nagusi nire barnean, nola liteke hau? galdera eginez neure buruari. Gaueko ordu batak eta laurden aldera etorri ziren etxera eta ea horrelakorik ez al nuen espero galdetu zidaten. Espero? Ez, inoiz ere ez. Hori izan zen nire erantzuna. Inoiz ez naiz ibili horrelako gauzetan, edo ETArekin, edo lapurretan edota beste gauza batzuetan. Orduan, ez nuela hori espero izateko motiborik esaten nien. Harridura, sufrimendua, inpotentzia, indefentsioa eta pertsona orok dugun duintasuna ez errespetatzea… Hori izan zen niretzat gogorrena, txarrena.

Inkomunikatua, espetxeratua, dirutza baten truke askatua eta… espetxeratze eta isun handi bat ordaintze bidean. Noizbait pasa izan al zaizu burutik honelako gertaera eta egoerak zuk bezalako pertsona bati atxikiak egon zitezkeenik? Nola uler dezake pertsona batek zure lekuan, kazetaria, jesuita izaki, gaizkile bati moduan eginiko kondena edo zigor hau? Nola barneratu?

Beharbada, uler daiteke ez delako kasu bakarra historian. Historian, Euskal Herrian, Frankoren garaian, gerraren garaian, apaiz izateagatik hildakoak izan dira, gaizkile balira bezala, abertzale zirelako besterik gabe afusilatuak. Historian atzera begira, nazismoaren garaian, Von Hefer teologo handia hil zuten naziek, bere aurkako froga arrazionalik izan gabe, ezin esan baitzitekeen gaizkilea zenik edo ez dakit nor hil zuenik. Maximiliam Clover frantziskotarra ere hor dago. Kontzentrazio kanpamendu batean familia bateko aita hil behar zutela ikusi zuenean, bere burua eskaini zuen eta gupidarik gabe hil zuten. Ameriketan ere, kristau izateagatik gizonezko, emakumezko, apaiz… asko hil dituzte. Adibidez, El Salvadorren sei jesuita eta bi emakume hil zituzten unibertsitate batean, eta ez gaizkile zirelako, baina bai gaizkiletzat hartuak. Hauek ejertzitoak hil zituen, El Salvadorreko armadak. Orduan, bakearen izenean.

Nik uste, beraz, kasu asko direla historian, estatuaren arrazoia edo “la razón de estado” aipatuz. Edo beste “arrazoi” batzuengatik, Ebanjelioan agertzen den bezala, batzuentzat inportanteagoa da arrazoi handi bat pertsona baten bizia baino. Orduan, zoritxarrez, nik uste betidanik ez bada ere, gizakia elkarrekin bizitzen hasi denetik egon dela dinamika hau historian. Batek boterea eduki eta botereari eusteko eta aurkaririk ez izateko bestea zapaltzea. Ia betidanik izan dugun dinamika da hauxe. Horregatik, ez dut hartzen horrelako gauza gogor bat balitz bezala eta, beharbada, horrek lagundu dit, horrek eman dit argia, nire kasua historia batean datorrela ulertzeko. Hiritar asko pasa izan dira egoera horretatik, apaiz izan gabe, baina apaizak ere izan dira tartean. Beraz, beste bat gehiago injustizia baten aurrean!

DEKLARATZEARI UKO…

Epailearen aurrera eraman zintuztenean deklaratzeari uko egiteko gai izan zinen. Izan zenitzakeen ondorioak jakinik, nondik atera zenuen ezetz esateko indarra?

Nire kasuan, beharbada jo ez nindutelako, poltsarik egin ez zidatelako eta horrelako tratu txarrik jaso ez nuelako, ez nuen galdu psikologia aldetik neure buruaren dominioa, neure buruaren jabe izan nintzen. Iruditu zitzaidan injustizia handia egiten ari zirela gurekin, nirekin, eta orduan barrutik, aurrez aipatu ditudan horiekin lotura sumatzen nuen. Ni kristaua naiz eta, ziegan nengoela, Jesusen irudia etortzen zitzaidan. Gizon on bat irudikatzen nuen, inori minik eman gabea, behintzat. Epaitua izan zen eta hil egin zuten, injustizia izugarria. Berak hori gorrotorik gabe eraman zuen eta barruan indar izugarria eman zidan. Kate batean zaude, beste bat gehiago zara, eta ni, kristau izanda, Jesusen irudiak indar izugarria eman zidan.

“EZ NAUTE JO; BAI, ORDEA, UMILIATU ETA GAIZKI SENTIARAZI”

Kartzelatik irten bezain pronto, torturak salatu zituen Martxelo Otamendik, duela gutxi Joan Mari Torrealdaik ere torturak pairatu zituela onartu zuen telebistako saio batean. Oso gai atsegina ez bada ere, kontatuko al zeniguke zein izan den zure esperientzia? Barruan zinela, gertaera hauen berri izan al zenuen?

AuzmendiNire esperientzia ez da izan Martxelorena eta bezain gogorra. Niri Guardia Zibil batek galdetu zidan, ¿Usted no declarará como declaran otros que le hemos golpeado o que le hemos torturado? Eta nik, orduan, Si ustedes no me pegan, yo no diré que me han pegado erantzun nion. Ez naute jo, ez didate poltsarik egin, ez didate burua uretan sartu eta uretan itoarazteko bidean jarri… Bai, ordea, umilatu eta gaizki sentiarazi, zure burua bakardadean eta indefentso ikusiz. Oso oso gaizki, hori guztia oso garbi sufritu dut. Besteen egoera ere sumatzen zen. Oihuak entzuten ziren, baina ez zen ezertxo ere ikusten. Bosgarren eguna amaitzean, Audientzia Nazionalera eraman gintuzten. Nik bi lagun ditut gogoan, autoaren barruan ikusi nituenak. Bata, Joan Mari Torrealdai zen, zerbait agurtu ninduen eta nahiko ondo zegoen, hitz egiteko moduan zen behintzat. Bestea, Iñaki Uria zen. Ez zuen hitzik ere egin. Nik, orduan, neure baitan zera galdetzen nuen: Nola egon behar du? Zer egin diote? Izan ere, oihuak entzun ziren, baina nik orduan ez nekien zehatz-mehatz nor zen oihuka aritu zena, gero jakin genuen gehiago. Pello Zubiriren kasuan bai, ahotsagatik edo ezagutu egin nuen eta banekien bera zela paretaren kontra buruz edo kolpatua zena. Kasu berezia izan zen Pellorena, baina bestean imajinatu egin behar zenuen zer gertatzen ari ote zen. Nirea txarra izan da, baina giro osoa zen itogarria, oso oso gogorra.

EUSKAL HERRIA, MADRIL… “MOTA EZBERDINEKO BI KULTURA, DISTANTZIA HANDI BATEK BANATUAK”

Donostiako manifestazio erraldoia, Egunkaria libre lelopean antolatutako Andoaingo Martin Ugalde parkeko ekitaldi jendetsua… Euskal Herrian auzi honek sortu duen gogoeta eta babesa, zergatik ez da Madrilera iritsi? Hainbestekoa al da Euskal Herriaren eta Madrilen arteko distantzia?

Beharbada ez da horrenbestekoa geografikoki, baina distantzia izugarria badago eta erraz gainditu ezin dena. Nik uste, azken batean, nik juezari aipatu nion puntua dela gakoa, Usted no entiende que pueda haber una militancia en pro de una lengua porque la lengua castellana gracias a Dios está salvada, tiene millones de hablantes, estados que le apoyan, y el euskera tiene al Gobierno Vasco… ezta Nafarroako gobernua ere, orain zertxobait gehiago egitekotan bada ere. Militantziaren beharra zegoen, berak galdetzen zidan ea zenbat kobratzen genuen, baina guk ez genuen soldatarik Egunkarian; nik ez nuen, Joan Marik ere ez… edo, bestela, kobratzen zutena oso gutxi zen, Egunkarian militantziagatik egiten baikenuen lan. Gero jakin nuen gizon hori, del Olmo epailea, hiru urtez Durangon egon zela eta horrek izugarri harritu ninduen. Nire barnean pentsatzen nuen honek bazekiela Euskal herria zer den, zein arazo dauden… Durango euskalduna da eta giro horretan bizi izan bazen… Batzuetan ea gizonari sufriarazi egin genion edo pentsatzen jartzen naiz.

Argi dago, mota ezberdineko bi kultura direla eta batetik bestera salto handia dagoela. Bata ttikia da, salbatzeko bidean lan handia egin behar duten biztanle eta kideez osatua; eta, bestea, kultura erraldoia, zabaltzen joan dena eta herri ttiki bat izatea eta bertako kultura maitatzeagatik salbatzeko saiakera hori egitea zer den ulertzen ez duena. Zurea den hori inork ez dizu salbatuko, zuk salbatu behar duzu, hori da daukagun dohaia, zuk aurrera eramatea nahi duzu eta besteek ere aurrera eraman dezaten desio duzu. Nik uste madrildar eta espainiar askok ez dutela ulertzen, zorionez ez baitute euren kultura arriskuan eta ez baitakite zer den zure nortasunaren seinalerik garrantzitsuena galtzear ikustea, eta herri bat izateko gogoa izan eta herri hori ezin osatua, ez politikoki eta ezta kulturalki ere, lege ezberdinak daudelako Iparraldean (frantziar estatua), Nafarroako Komunitatean…

Honek guztiak ondoez handia dakar, baina baita zenbait euskaldunek euren hizkuntzarekiko duten konplexua, mespretxua… ere . Zenbat gauza ikusi ditugun eta sufritu ditugun! Askotan ondare gisa jaso ditugu zenbait sentimendu, Frankoren garaia, horren aurreko guztia… Askori galde-erantzun bat sortuz barnean: euskara zertarako? Sufritzeko bakarrik! Nik uste hor gauza asko daudela. Distantzia hori geografiak baino gizartea, kultura… bezalako kontzeptuek handitzen dute zulo edo eten hori. Nik ez dakit zer egin daitekeen edo nola egin daitekeen zubi hori eraikitzeko. Guk ez dugu ia indarrik gaur egun, egin dezakeguna kulturalki gure burua defendatu, zaindu, babestu, euskara maitatu eta aurrera ateratzea da. Horretarako babes bat behar dugu, babes soziala, ekonomikoa eta politikoa Europan, bestela zaila ikusten dut. Frantziako joera ikusita ere Euskararen biziraupena oso zaila da. Hor dagoen arazoa handia da, niri ere gainezka egiten dit, nire gainetik dago. Distantzia handia da, bai Madrilekin, bai Parisekin…

ERAKUNDEEN, ALDERDIEN, ZEREGINA… “EGIN DUTENETIK HARATAGO JOATEN EZ BADIRA…”

Zer egin dezakete edo zer gehiago egin dezakete erakunde edo alderdiek Egunkaria auzian gertaturikoa konpontzen laguntzeko eta hemendik aurrera horrelakorik gerta ez dadin?

Beraiei galdetu behar. Ez dakit zer egin behar den; izan ere, guri apoioa eta babesa eman digute, Lehendakariarekin ere nik uste esker ona besterik ez dugula. Herritar askori eskerrak emateko aukera ematen didazu, bai goierritarrei eta baita beste guztiei ere, babesa eman digutelako manifestazioetan…

Eusko Jaurlaritza eta gobernuari dagokionez, egin dutenetik haratago joaten ez badira, ez dugu segurantzarik; izan ere, Madrilek arrazoi politikoengatik gure kultura zapaldu eta zenbait euskaldun zigor ditzake. Nik uste, beharbada, herritarren artean estrategia berri batean pentsatzeko garaira iristen ari garela; desobedientzia zibila, indarkeria aktiborik eza… horrelako zerbait. Beharbada utopia handia da, baina Gandiren bidea… Biolentziazko irteera ikusi dugu eta noraino garamatzan, sufrimendura. Ez dut uste Madrilek ezer emango duenik, guk gure lana, gure borroka egin behar dugu, indarkeria eza aldarrikatu. Liderrak behar ditugu eta sortuko dira hori txertatuko balitz herritarren artean, baina egoera zaila da. Lehenengo munduan bizi gara, eroso, eta ez da erraza.

EGIN ETA EGUNKARIAREN ITXIERA… “ EUSKARA ETA EUSKAL HERRIAREN INDARTZEA GELDIARAZTEKO TRESNA”

Bai Egin, bai Egunkaria, hain txikia eta aldi berean hain handia den gure herri honen hizkuntza txikiaren sustatzaile ziren, beste zenbait komunikabideren antzera. Uste duzu, estatu espainiarrean euskalgintzaren bultzatzaile hauek euskara indartu eta, era berean, Euskal herria indartzearen beldur direla?

Nik baietz uste dut eta hori deklaratu nuen hasiera-hasieratik. PPren kasuan eta PSOEk neurri handi batean estatu kontzepzio berbera dute, berdina ez baldin bada ere, zorionez federalismo aldetik gehiago eusten dutenak PSOEn PPn baino badira. Hala ere, oro har Espainia handia da, badira hizkuntza batzuk, baina azkenean nahikoa da espainolarekin. Euskal Herrian hala erakutsi digute, behintzat, PSOE eta are gehiago PPkoek; izan ere, oso gutxi dira euskaraz ondo dakitenak eta moldatzen direnak. Badira zorionez dakitenak, baina oso gutxi. Hizkuntzarekiko maitasuna, estimazioa nik behintzat ez dut ikusi, ez naiz fio horrelako politikariek izan dezaketen planteamenduaz… Orduan, arlo horretatik, ez dut gauza handirik espero. Guk egin behar dugu lan hori, hemen egin behar dugu. PSOE “vasquista” izango balitz… Ez dakit horrelakorik lortuko dugun Euskal Herrian, oraindik ez dugu lortu behintzat. Badirudi Katalunian baietz, PSCrekin.

Niretzat galdera handia da eta seguruenik guk ere ez dugu zerbaitetan asmatu gure lanean. Hemengo historia gogorra izan da, frankismoarena, etorkin uholdea handia izan da… eta hori dena asimilatzeko guk ez genuen indarrik, kapazidaderik. Frankoren lege zorrotzak, egurra… Zentzu horretan ez naiz batere baikorra, optimista. Pertsonak gara, barnean dugu herria eta badaude aurrera ateratzen laguntzen diguten indarrak. Horrek guztiak ematen dit itxaropena, baina egoera erraza, Espainia gure alde… nik ez dut horrela ikusten, ez dut sinesten. Egongo dira pertsona onak eta horretarako prest daudenak, baina…

BABESLE GUZTIEI… “ESKER ONA ETA GURE ALDE EGITEN JARRAI DEZATELA, BEKARRIK EZINGO DUGU EZER EGIN”

Zu eta gainontzeko inputatuei babesa eskaini dizueten guztiei zerbait esan nahiko bazenie…

Batez ere, eskerrak. Esker ona ateratzen zait, sentitu dugun gertutasuna, babesa… sekulakoa izan da. Baita ere, esango nieke gure kasuan behintzat, ez ahazteko oraindik etorriko direla momentu gogorrak. Eskatuko diegu herritarrei, Euskal Herriko herritarrei, gure alde egiteko, zer ez dakigu, nola ere ez, manifestazioetan edo planto eginez. Zoritxarrez etorriko dira une latzak eta guk bakarrik ezingo dugu ezer egin. Orduan, herritarrei, berriz ere, euren laguntza eskatu beharko diegu. Ez dezatela ahaztu gure kasua ere hortxe dagoela.

ETORKIZUNEAN… AITA SANTU?

Etorkizunera begira helburuak izango dituzulakoan nago. Jomuga horietako bat izan al liteke Aita Santu kargua eskuratzea?

Ez, inoiz ez. Beste tentaldi batzuk baditut, baina hori ez da tentaldia niretzat. Aitortu behar dut, hala ere, horrek kartzelatik irteten lagunduko balit onartuko nukeela, infernu horretan ez bizitzearren edozer egingo bainuke. Osterantzean… ez, ez dut horretarako balio, hori beste mundu bat da, nire bizitzaren zati izatea nahi ez dudan mundua.

Elkarrizketan bere izaera argi islatu delakoan nago. Hitz onak besterik ez ditut bera deskribatzeko, ezin ezer txarrik esan, ezin onartu gauzak aldatzen ez badira etorkizunean jazoko zaiona. Injustizia, hori da elkarrizketa honen ostean burura etorri zaidan lehen elea, hau da egoera deskribatzeko hitzik egokiena, ez nahiko nukeena, egokiena. Ezin hobeto tratatu ninduen, oso modu atseginean. Bera kazetari izanik, sekula ahaztuko ez ditudan eta etorkizunean balioko izango ditudan zenbait aholku ere eman zizkidan.

Comments { 2 }
-->