Tag Archives | transexualitatea

Transexualak hutsaren hurrengo… ORAINDIK!

Hainbat ikerketaren arabera, egun 30.000 transexual inguru bizi dira Espainian. Hori paperean, edo ordenagailuko pantailan kasu honetan, zenbaki bat besterik ez da; ezer gutxi esaten duen zifra bat, alegia. Hala ere, jakin beharko genuke datu honen atzean bakarkako istorio ugari aurki daitekeela; gehienetan, sufrimenduz, intolerantziaz eta diskriminazioz beterikoak, modernoa eta “progea” kontsideratzen den XXI. mendeko mendebaldeko gizartean.

Txikitatik hasten dira, kasu askotan okerreko gorputzean jaio izanagatik, gizarteak eragin diezaiekeen sufrimendua pairatzen; eskolan, esate baterako, non irainak, mespretxuak, eraso fisikoak… arruntak izatera irits daitezkeen. Hori guztia eurek erabaki ez duten egoera batean jaio izanagatik, edota gizarteak, neska nahiz mutil izanda, “normaltzat” jotzen ez dituen jarrerak izateagatik. Azken batean, euren identitatea osotasunean gauzatzen saiatzeagatik.

Legeak, nahiz eta izan den salbuespenen bat, ez du uzten adin txikikoak hormonazio prozesu eta sexu aldaketa ebakuntza burutu dezaten; beraz, aurretik aipatutako egoera hori nerabezaroan zehar luza daiteke, heldutasunera iritsi, eta euren gorputza egokitu ahal izan arte. Nire uste apalean, azken hau guztiz bidegabea da, ez baitut pisuzko argudiorik ikusten 16 urteko gazte bati, esaterako, sexu aldaketa prozesuari ekiten debekatzeko. Kontuan izanda hau ez dela, inondik ere, egun batetik besterako gurari bat, jaiotzetik bizitzen den errealitate bat dela, zergatik luzatu denboran sufrimendua eta mina baino ez dakarren egoera bat?

Hala ere, pertsona hauenganako diskriminazioa ez da sexu aldaketa ebakuntzarekin amaitzen. Oso esanguratsua da transexualen ehuneko altu bat langabezian egotea. Lantoki askotan ez dituzte kontratatzen euren egoeragatik, daukaten prestakuntza delakoa izanda eta beste edozeinen moduan lan konkretu bat burutzeko gai diren arren. Eta horrela, eguneroko bizitzako arlo askotan, diskriminazioa hitzaren esanahi gordinean biziz eta askotan marjinaziora bultzatuak izanik.

Harriduraz begiratzen diegu Europatik kanpoko herrialdeei, eta eskuak burura eramaten ditugu Irango emakumeen egoerari buruz entzuten dugunean, Arteko klasean No sin mi hija filma ikusi genuenean bezala. Batzuetan, ordea, geure etxeetara ere begiratu beharko genuke eta hausnarketa egin: diskriminazio, bazterketa eta mespretxuaren gizartea. Ez al litzateke hobea, aurrera begira, integrazio eta eskubide berdintasunaren gizartea eraikitzea denontzat? Azken batean, zergatik eskatu behar da barkamena egoera zehatz batean jaio izanagatik?

Gaia interesgarria iruditzen bazaizue, hona hemen hainbat bideo interesgarri:

  • Transexualidad en la adolescencia

Comments { 1 }
-->